Liburutegiak

Adunako Udal Liburutegian burututakoa

2019ko neguan Adunako Udalak bere liburutegiko funtsa berrantolatu eta  eraikin aldaketa egin nahi izan zuen. Han ibili gara ordutik (pandemiak suposatutako geldialdi luzea kenduta)  funtsaren zati handi bat berrantolatzen eta guztia eraikin berri batera mugitu eta moldatzeak suposatzen dituen lan anitzak  gauzatzen.

 Hasteko, liburutegi zaharrean zegoen funtsaren xahuketa bat egin eta helduen erreferentziazko liburuentzat antolamendu berri bat sortu genuen.  Kontuan izanik Adunakoa herri-liburutegi txiki bat dela, betiko SHU ereduaz haratago joan eta liburu hauen antolamendua sinpleagoa egin nahi izan genuen eta honela, ezagutza hiru bloke handitan banatu dugu bere azpi atal guztiekin: Ingurumena, Gure mundua eta Euskal Herria. Adunaren ezaugarrietara ondo  doitu eta guztiontzako errazagoa eta ulergarriagoa suertatuko dela espero dugu.

Haur liburutegia  ere goitik behera berrantolatzen aritu gara. Beharrezko xahuketak egin ostean, fikziozko haur funts osoa adinka eta bildumaka antolatu dugu, ez-fikziozko funtsa txukundu eta hauen txaplatak SHU-a jarraituz uniformatu ditugu eta haur komikiei, haur poesiazko liburuei eta beste hizkuntzetan dauden liburuei beraien txokoa jarri diegu haur liburutegian bertan.

Bestela ere, udalak hala eskatuta, txoko bereziak sortu eta lehenetsi ditugu liburutegian. Hala nola, Txoko Morea  eta Memoria Historikoaren txokoa deitu ditugunak. Lehenengoan eduki feministak biltzen dituzten gai liburuak bildu ditugu. Bigarrenean Euskal Herriko fase historiko ezberdinei  eta giza eskubideei buruz hausnartzen dutenak.

 Azkenik, aipatu ere, tokiko bilduma bat ere sortu dugula herriko sortzaileen lanak eta Aduna eta Aiztondo bailarari buruzko lan ezberdinak elkarrekin bilduta egon eta liburutegian beraien kokaleku berezi eta bereizgarria izan dezaten.

Funtsa berkokatzearen prozesu honek jarraitu egingo du. Beti. Zaharkitutako funtsa alboratu, berria sartu, kokalekuak fisikoki zein digitalki aldatu eta abar. Bizirik dirauen bitartean, horrelakoa da liburutegi bateko martxa. Baina guk behintzat, 2021eko udaberri hau etortzearekin batera, gure eskuhartzea bukatu egin dugu. Orain arteko emaitzaren zati bat da argazkian ageri dena.

Alazne Madinabeitia