Bloga

Aita Mari

“Aita
Mari”. Zumaiarrei ez zaie arrotza egingo izen hau. Kale eta auzo
batek izen hori daramate, baita herriko futbol zelaiak, zinema aretoak
eta arraun elkarteak ere. Eta nork ez du ezagutzen Alondegiko
eraikinaren ertz batean jarrita dagoen eta izen bera daraman gizonaren
eskultura? Izen ezaguna izan arren, gogoratzen al dira Zumaiarrak
zergatik duen herri honetan hain presentzia handia?

Jose
Mari Zubia, “Aita Mari” ezizenez ezaguna, Zumaian jaiotako itsasgizona
izan zen. Arrantzale familia bateko semea, 1809ko martxoaren 15ean
etorri zen mundura. Jaioterria utzi eta hiriburura alde egin zuen
bertako txalupa bateko patroi lanetan aritzeko. Baxurako arrantzan ere
ibili zen urte batzuetan, Ameriketarako itsasbidea egiten zuten
merkantzia-ontzietan lanean hasi baino lehen. Azken lan honi esker
sosa batzuk bildu, Donostira bueltatu eta bere txalupa erosteko aukera
izan zuen, bertako portuan arrantzale patroi moduan egonkortuz.

Itsasoa
zainetan zeraman gizona, egoera arriskutsuan aurkitu ziren zenbait
arrantzale sorosteagatik egin zen ezaguna. 1861ko uztailaren 13an piztu
zen galernak San Juan txalupako marinelak arriskuan jarri zituen
Zurriola parean. Jose Mari Zubiak 9 pertsonako talde bat osatzea lortu
zuen eta arrantzale horiek salbatzera joan ziren bi aldiz pentsatu
gabe. Balentria honekin hiru pertsonen bizia salbatzea lortu zuten.
Hau da “Aita Mari”ren lorpen ezagunena, baina ez bakarra. Beti zuen
prest bere txalupa, ezbeharren bat gertatzen bazen laguntzera joateko.
Sorospen hauengatik Euskal arrantzaleen sinbolo bihurtu zen.

1866ko
urtarrilaren 9an, ekaitz bortitz batek jo zuen gipuzkoako kostaldea
eta Donostiako badian sartu nahirik zebiltzan Getariako bi ontzi,
Elkano 1 eta Elkano 2, olatu bortitzen artean hil ala biziko borrokan
ikusi ziren. Beti itsasoari adi, “Aita Mari”k bere txalupa hartu eta
hauek sorostera irten zen. Arazoak zituztenak salbatzera joan eta bera
arazotan… egun hartan Jose Mari Zubia ez zen portura itzuli,
itsasoaren besoetan galdu zuen bizia Getariko bi ontzien
tripulazioarekin batera.

Jose
Mari Zubiaren ekintzek gipuzkoako kostaldean eragin handia izan
zuten, batez ere bere sorterri eta bizitoki izan ziren Zumaia eta
Donostian. Hiriburuan egin zitzaion lehen omenaldia, baina
jaioterriak ere ez zuen ahaztu bere semea eta honen ausardia.
Alondegiko eraikinaren ertz batean kokatu zuten honen omenezko bustoa
eta 1956an eskultura hori lagunduko zuen plaka egitea erabaki zen.
Gaur egun ere hor dago, Amaiako plazatik Erribera kalerako sarrera
zainduz itsasora begira.

Oihana Artetxe