Aiurrik Amagoia Piári egindako elkarrizketa Villabonako artxiboari buruz
“1511 urtekoa da artxiboko dokumenturik zaharrena”
Suteen
eraginez bereziki, historian zehar hainbat datu galdu arren, dokumentu
ugari biltzen du Villabonako artxiboak. Amagoia Piá artxibozainak azaldu
du haren berri.
Iragan gogorra izan zuen Villabonako artxiboak. Kontaiguzu…
Villabonako
artxiboa bi aldiz erre zen eta uholdeek ere izan zuten eragin
kaltegarririk beregan. Baina suteek nagusiki, haien ondorioz asko
kaltetu baitzen artxibo historikoa. Aktak badauden arren, arlo
historikoan informazio gutxi gordetzen da. Suteen aurrean, normalean
aktak eta kontuak salbatzen ziren lehenik. Gainontzeko espedienteak
errazago galtzen ziren.
Azken
urte hauetan, uholdeen arriskuagatik bereziki, egokitu egin da
Amasa-Villabonako artxiboa. Orain altuago dago, ura bertaraino iristeko
arriskurik gabe. Gero eta dokumentazio gehiago sortzen denez, leku falta
ere bazegoen eta artxiboa handitu egin zen. Orain xahuketa proiektuaren
baitan, apal berriak jarriko ditugu, berriz ere lekua zabaltzeko.
Zer aipatuko zenuke Villabonako artxiboaz?
Bereziki,
obra proiektu asko jasotzen duela bere baitan; etxe partikularrenak,
esaterako. Horietako gehienak kokatuta daude, baina XIX. mende bukaerako
batzuk kokatu gabe ere badaude oraindik. 1620 hamarkada hasieratik
gordetzen dira aktak eta hori ere aberatsa da, bilatzen jarriz gero,
informazio asko ematen baitu herriari buruz. Dokumentazio idatzia dago
gehienbat, oso argazki historiko gutxi gordetzen da.
Hala ere, irudi aipagarririk bada tartean…
Bai,
besteak beste, 1671 urtean eginiko Villabonako Udalaren ezkutuaren oso
irudi dotorea gordetzen da; larruaren gainean, guztia eskuz margotua. On
Juan Mendozak idatzita, bere jatorriari buruzko deskribapena ere badu.
Ezkutua oso antzinakoa dela dio idatzian, baina noizkoa den zehaztu
gabe. Ederra da irudia, baina bitxia ere bai: ezkutuko marrazki guztiak
gerrako tresnekin osatuta baitaude: geziak, kaskoak, kanoi mutur nahiz
bolak, armadurak, ezpatak, ezkutuak…
Antzinako plano zaharrik ere bada…
XIX.
mende hasieran Villabonako udaletxea erre zenean, Pedro Nolasco
arkitektoak egin zuen Villabonako udaletxearen planoa. Udaletxe guztia
berritu behar zenez, dirutza behar zen hura altxatzeko eta urte asko
behar izan zuten. Proiektu hori, esaterako, artxibategian dago eta oso
polita da, eskuz egina, noski. Aipatu planoak 1828 urtekoak dira eta
bertan azaltzen da nola frantsesak sartu eta udaletxea erre ondoren,
udaletxe berria egin beharra zegoela erabaki zutela. Dokumentu horretan,
udaletxe berria non eta nola eraiki erabakitzeko pausoak ageri dira
eta, besteak beste, plaza nolakoa izango zen ere bai. Hasiera batean,
plazari U itxura ematea pentsatu zuten, arkupez inguratuta. Baina
arkupeak udaletxe azpian soilik jartzea adostu zuten ondoren. Oso
espediente polita da, nahiz eta planoak ia 200 urtez tolestuta egon
ondoren, erditik puskatuta egon.
Zein urtetakoa da artxibategiko dokumenturik zaharrena?
1511 urtearen bueltakoa; Amasa, Villabona eta Tolosaren arteko auziaren ingurukoa.
Dokumentuen artean aurkitutako zen aipamen nabarmenduko zenuke?
Esaterako,
akta liburu batean Villabonan urkatze bat izan zela irakurri genuen eta
horren berri zabaldu genuen Ereiten kultur elkarteak dugun blogean,
Villabonako artxiboetan aurkitutako beste hainbat gertaerarekin batera.
Urkatzearen berri 1622ko abenduaren 12ko dokumentuan aurkitu genuen.
Iturriak islatutakoaren arabera, urkatua Alontso Perez Liedenakoa
izeneko pertsona izan zen. Delitua: Bizente Egizarkoa hiltzea.
Bestalde,
1936ko Gerraren inguruan informazio asko eta asko gordetzen da
artxiboan, hasieran uste genuena baino askoz ere gehiago.
Era
berean, erreboteari eta frontoiari buruzko informazio dezente ere
badago, bitxia gainera. Agirietan azaltzen denez, herritarrek beraien
eguneroko bizitzarako frontoia beharrezkoa zutela adierazten dute.
Kirol
eta kultur ekintzen arloan informazio ugari biltzen da. Esaterako, idi
eta ahari frogen edota herri kirol nahiz apostuen inguruan funts
interesgarri eta baliotsua dago, kasu horretan argazkiak ere badaude
gainera.
Villabonan
zezenketak noiztik egiten ziren galdetu ziguten behin eta, begira
hasita, 1622 urtean aurkitu genuen lehen aipamena. Baina aktak urte
horrez geroztik jasotzen direnez, agian lehenagotik ere egingo ziren
zezenketak Villabonako festetan. Santiotan ez ezik, San Martinetan ere
izaten ziren XVII. mendean zezenak Amasan.
Inudeekin lotutako pasarte bitxirik ere aurkitu duzue…
Ez
da bereziki Villabonari estuki lotutako kontua. Normala zen ia herri
gehienetan, baina Villabonan gaiarekin lotutako dokumentuak aurkitu
genituenez, tartea eskaini genion gure blogean: Bikiak izaten zituzten
emakumeen umeetako bati ematen zioten titia inudeek, amak ezin zituelako
biak elikatu. Dirurik ez zuten etxeetako umeei, ama hil egin zitzaien
haurrei edota esnerik ez zeukaten emakumeen haurrei ere ematen zieten
esnea. Inudeen gaia goi mailako pertsonekin lotu izan da beti, baina
artxibategian biltzen diren dokumentuetan irakur daitekeenez, antzina
behintzat, ez zen hain goi mailako pertsonen jarduna. Orduan behar bat
zen eta, behar bezala, Udalak kudeatzen zuen.
Toponimiarekin lotuta, datu eta leku-izen ugari aurkitu izan da bertan…
Oro
har, artxiboa oso baliotsua izaten da antzeko informazioa eskuratzeko,
bai aktetan, bai obretan edota baita mugarritzeak egin direlako ere.
Orain urte batzuk, Amasa-Villabonako toponimiaren inguruko ikerketa egin
eta erakusketa jarri zuten herrian. Lan hura osatzeko, datu ugari jaso
zuten hemendik. Liburuak banaka-banaka hartu eta irakurri behar dira
horretarako; lan handia da, baina oso interesgarria.
Egunerokoan zein lan burutzen duzu Villabonako artxiboan? Zein asmo duzue etorkizunera begira?
Mantentze
lana egiten dugu. Planoak dijitalizatzen ari gara azken hiru urteotan
eta lan horretan jarraitzeko asmoa dugu. Baita aplikazioa elikatzen ere,
jendeak kontsultak egin ditzan. Gure lana, batik bat, artxiboa
egunerokotasunean mantentzea da, Udal teknikariek lan egin dezaten.
Beraiek ekartzen dizkiguten espediente eta txostenak txukundu eta gorde
egiten ditugu, kontsultarako behar dituztenean berriz ere errekuperatuz.
Ikerlarien kontsultei ere erantzuten diegu, baina ez gara bereziki arlo
historikoa aztertzeaz arduratzen, proiektu zehatzen bat egokitzen ez
bada behintzat.
Deiren bat egingo al zenieke herritarrei?
Udal
teknikari edota ikerlariez gain, oro har, herritarrak ez daki
artxiboari buruz ezertxo ere. Liburu zaharrak gordetzeko lekua dela
pentsatzen jarraitzen du askok. Jendea artxiboa bizirik mantentzea
kultura sustatzeko era bat dela kontura zedin hasi ginen blogean
artikulu eta informazioa zabaltzen. Ereiten kultur elkartetik Asteasuko
artxiboa ere kudeatzen dugu eta bertara, esaterako, eskolako kideak
etorri izan zaizkigu haurrekin. Tailerrak egin ditugu haiekin.
Artxiboari beste ikuspegi bat ematea da gure nahia, hau ez da biltegia
bakarrik; bueltan asko jaso baitaiteke. Pixkanaka jendea gerturatzen
hasi dela konturatu gara eta oso pozgarria da hori guretzat. Herritarrak
gerturatzeak berritu egiten du artxiboaren irudia, zaharkituta geratzen
ari baitzen. Gure ateak herritar guztientzat zabalik daudela esan
nahiko nieke, beraz.
Informazioa, kontsultagarri
1915
urtera arte Villabonako artxiboan biltzen den dokumentazio historiko
guztia kontsulta daiteke www.villabonakoartxiboa.net helbidean. Ereiten
kultur elkarteak Amasa-Villabonako dokumentuetan oinarrituta idatzitako
hainbat artikulu, berriz, www.ereiten.eus gunean irakur daitezke,
Villabonako atalean.
Eta
esan bezala, dokumentuak zuzen-zuzenean ikusi eta ukitzeko aukera ere
bada. Astearte goizetan zabalik izaten da artxibategia, bertara
gerturatu nahi duen guztiarentzat. Amagoia artxibozainak, kontsultak
egin nahi dituztenei, aurrez udaletxera deitu eta ordua hartzeko
gomendioa luzatu die. Orain artean liburu zaharren gordeleku gisa
ulertzen ziren guneak egunera ekarriz, informazioa eskuratzeko gune
ireki eta aktibo bihurtu nahi dituzte artxiboak. “Herritarrek,
pertsonalki nahiz herri mailan, onuraren bat atera dezakete bertatik eta
nahi duen guztiari luzatzen diogu gerturatzeko gonbidapena”, adierazi
du.