Bloga

Andima Ibinagabeitiaren sare soziala

1936ko gerrak Portugalen
harrapatu zuen lanean; 1935ean atera zen jesuita izateko bidetik eta
gerratik libratu zen, baina gero zailena egin zuen: itzuli Bilbora eta
espioitza lanean hasi zen erbesteko Jaurlaritzaren zerbitzupean, eta
1947ko martxoan, salaketaren bat tarteko, Deustuko etxera joan
zitzaizkion polizia espainolak eta ihes egitea lortu zuen, eta Parisen
kokatu zen. Han, 1954 arte, besteak beste, Jon Mirande eta Txomin
Peillenen irakasle eta akuilu izan zen. Benetako euskaltzale porrokatua
beti; eta jakintsua, bere garaiko jakituriaren jabe: autore grekoak eta
batez ere latindarrak, frantsesak…denetik, eta guztien gainetik euskaraz
ateratzen zen ororen irakurle amorratu.

Orixe
eta Zaitegirekin batean, Euzko-Gogoa (1950-1960) euskarazko kultur
aldizkari miragarria egingarri egin zutenetakoa. Artikulu ederren idazle
eta gutun-idazle amorratua.

Parisetik,
lehenik, eta ondotik Ameriketatik –Guatemalan pare bat urte, eta bere
bizitzako azken 11 urteak Caracasen–, berrehun eta gehiago kideko sare
sozial euskalduna eraiki zuen 1948tik 1967ko azaroaren 2an hil zen arte.

Bizimodua
ateratzeko lana egin hango edo hemengo enpresako bulegoren batean;
etxera heldu eta euskarazko literatur ekoizpena irakurri, eta artikuluak
eta gutunak idatzi euskaraz; bereziki eta nagusiki horretan eman zituen
lanak uzten zizkion eta loari ostutako orduak.

Oso
ondo idazten zuen; euskara batu aurreko euskaraz idazteko, oso batuan;
bera ama-hizkuntzaz bizkaieradun izanagatik –elantxobetarra–, gipuzkeran
oinarrituriko batuan idazten zuen. Eta beti dotore eta fin, oso modu
gustagarrian.

Garai
hartako euskal kultura nolakoa zen, zein gai ziren erabilienak, zein
genero eta zer-nolako trataera ematen zitzaien interesatuz gero, bazka
polita aurkituko duzu hemen. Eta, besterik gabe, euskara ona irakurri
nahi baduzu, erretorika ederrez jantzia, baduzu hemen abagune polita.

Ez
daude, jakina, idatzi zituen gutun guztiak; bere bizitza guztian pare
bat mila idatziko zituen; urte batean saria ere eman zioten (1952) gutun
gehien idazteagatik euskaraz; baina gutunak ez daude biluzik; azalpenez
hornituak datoz eta hiru liburukitan bilduak, bakoitza bere
hitzaurrearekin. Azken liburuan, falta diren gutunak zerrendatuak daude,
nahi izanez gero Bilboko Euskaltzaindiaren Azkue bibliotekan eskatzeko
aukera izateko.

Kulturzale
eta euskaltzale irudikatzen zaitudan horrek, ziur naiz han edo hemen
aurkituko duzula gogobeteko zaituen zerbait, eta hortaz, ez zaizula
damutuko gutunok gainbegiratzeari eta irakurtzeari ekin izana. Hala
izatea espero dudala, jaso prestatzaile honen agurrik beroena eta
adeitsuena.

2017ko urtarrilaren 18an

Pako Sudupe

Andima Ibinagabeitia. Gutunak 1

Andima Ibinagabeitia. Gutunak 2

Andima Ibinagabeitia. Gutunak 3