Artxiboak

Antzinako zeloa

Asteasuko Udal Artxiboak dokumentazio historiko aberatsa gordetzen duela bere baitan, behin baino gehiagotan esan dugun gauza bat da. Ez gara ez, nekatuko errepikatzeaz, izan ere garrantzi handia duen gauza bat da eta honen zaintza, babesa eta hedapena gure esku dago. Toki desberdinetako ikerlari asko datoz Asteasura beren lanetarako informazio bila eta tarteka, kontsultatzen dituzten dokumentuen orrietan bitxikeriak aurkitu ditzakegu. Gaurkoan, 1780 urteko epaiketa bateko orrialde batean topatu duguna aurkeztu nahi dugu (sig. 139-04).

Dirudienez, epaiketaren testua idazten ari zen eskribauak erabiltzen ari zen orrietako bat puskatu zuen eta konponbide bat bilatu behar zion. Horretarako, paper zati txiki bat moztu eta puskatutako bi zatien gainean itsatsi zuen, hau da, gaur egun erabiltzen dugun zeloaren lana beteko zuen zati horrek. Kasu honetan, puskatutako zatia oso txikia da eta ez dio testuari eragiten, gainera, hausturaren areagotzea saihesten du, beraz, irtenbide egokia izan zela esan daiteke.

Antzinako zelo honen erabilera ohikoa zen, beste tokietako dokumentuetan ere ikusi izan baitira. Garai hartako idazleek kontutan hartu ez zutena, ostera, paper zatia pegatzeko erabilitako itsasgarriak denborarekin paperean eragin zezakeen kaltea zen. Nahiz eta guk aurrean dugun dokumentua egoera onean egon eta kalterik agerian ez eduki, ezagutzen dira beste kasu batzuk non inguruko papera horitu eta hondatu egin den. Kasu horietan dokumentuak errestauratu egin behar dira etorkizunerako kontserbazioa bermatzeko. Adituek, metodologia eta teknika desberdinak erabiltzen dituzte kalte hauek konpontzeko eta liburuak egoera hoberenean gelditzea lortzen dute.

Hortaz esan bezala, egunerokotasuneko lanean bitxikeriak topatzen ditugun heinean, horiei buruzko berriak gure blog honetan argitaratzen jarraituko dugu, gure helburuetako bat, Artxiboetan aurkitu dezakegunaren plazaratze edo dibulgazioa baita, horrela, mundu honen inguruko ezjakintasuna murriztuz.

Amaia Mendizabal