Artxiboak

Apustu xelebrea

Apustuzaleak garela eta edozerrengatik desafioak egiten ditugula… hori aspaldi entzuna dugu. Edozerrengatik egiten direla apustuak, diru gutxi jokatuta, asko, baserriak! apustu arruntak, serioak, xelebreak… Oraingoan arrazoia eman beste aukerarik ez dugu. Tira, garai batean behintzat bai.

Noski gaurkoan xelebre horietako bati buruz hitz egingo dugu. Istorio hau jatorriz Baionako Apezpikutzakoa den Joan Goyac, “el Gascón de Aya” ezizena duenak kontatzen digu Udal Artxiboko agiri batean. Bera da bai apostu honetan parte Asteasuko Juan Usobiagarekin batera 1778. urtean.

Gaskoia Tolosako feritik Aiara bidean doa, etxera bueltan, Zarautz haragiz hornitzeko ardurapean hainbat azienda erosita. Berandutu zaiela eta, lankidearekin Asteasun gaua igaro eta biharamunean goiz bideari ekiteko asmoz, herriko pare bat tabernatan egin dute geldialdia.

Asteasuarra udaletxeko ostatuan dago, lagunekin batera “azken” txikitoa hartzeko erabakia ezin betez. Traguak gehitu eta gehitu ahotsa ere gero eta ozenago dutela. “El Zorro” ezizenez ezagutzen omen zaio herrian, pista nabarmena den arren, ezin ziur jakin zergatik. Gazte alargundutako hogeita hamar urteko errementaria da Usobiaga. Lagunekin eztabaidan hasi da: jaten duzuna hainbeste gehiago pisatzen duzula momentuan bertan. Besteek ezetz. Eta badoa apustua: ardo txiki bat eta ogi koskor bat janda bi libra loditu baietz (“…que comiendo un corrosco de pan y veviendo un chiqui de vino pesaría dos libras mas de lo que antes pesava…”).

Joan Goyac ere tartean sartu da eta kontrako apustua egin du. Emaztea eta seme-alabak Baiona inguruan omen zegoen L´Onerot herrian utzi zituen duela 20 bat urte eta haientzat bildu behar du dirua. Erraza bada, hobe. “Labrador en azer vallados y azequias” lanak motel betetzen baitu poltsa.

Udaletxearen lehenengo solairuan dago alondegia. Hara igo eta balantzan jarrita Usobiaga bi libratara iristen ez dela ikusi dute. Asteasuarrak apustua galdu du. Baina, Pello Errotak esan zuen moduan: “Kantatuko dizuet, ez oso umorean, gizona tristea dek, galdu ondorean…”. Tristea eta haserrea. Biak ardoarekin nahastu eta hasi da iskanbila. Tabernariak, Maria Angela Etxagorrik, galdu duela eta onartu dezala. Juan Usobiaga haserreago oraindik, “emakumeak geldik egon behar direla” (“…las mugeres avian de estar quietas…”) eta jo dio begi-ondokoa. Oihuak eta garraixiak gero eta nabariagoak dira aguazila etorri eta denak kalabozora eraman dituen arte. Bi apustulariak ziega baten eta lagunak beste baten sartuta utzi ditu.

Udaletxeko kalabozoak bi ziega omen ditu egurrezko saretaz banatuak. Zein baino zein txikiagoa. Baina edaten jarraitzeko basoa eta pitxerrak hartu dute lekua han ere. Basoa non dago, zuk duzu, atera ezazu… Hasi da berriro errieta. Gaskoiak jo du pitxarraz Usobiagaren burua. Odoletan dariola konortea erdi galduta, hartu du lepotik (“…le asio y agarro del gaznate y le apuro asta tanto que le privo de livertad de respirar, y con la lengua estendida hacia fuera de su lugar…”. Alguazilak garaiz atera omen zuen eta zirujauak egindako zaurien deskribapena irakurtzeak zirarra sortzen du.

Sententziak gaskoiaren aurka egin zuen arren isuna ordaintzeko zigorra besterik ez zitzaion jarri eta aurrerantzean bere jarrerarekin kontuz ibiltzeko abisua luzatzea eskatu zuen epaileak. Hala ere esan dezakegu Usobiagak apustua egiteko ez zuela fidatzeko tipoa aukeratu. Autoen irakurketan argi ikusten dugun gauza bakarra da Juan Goyac, San Joan Goyac, Gascon de Aya, Bernardo Goyat… denak bera direla eta hainbat auzi zituela zain. Hauen gaia ordea ez da zehazten. Baina, testiguetako batek dio ez zela 20 urte lehenago etxetik lan bila joan, bere jatorrizko herrian kargudun gizon batekin izandako liskar batengatik baizik.

Espedientea: “Autos de oficio por heridas a Juan Bautista Usobiaga en la cárcel con instrumento cortante”. signatura 160-06