Argentinatik arbasoen bila
Artxiboan gertatzen diren kontuak artxiboan bertan geratzen dira beti. Baina badira batzuk beren xarma berezia dutenak eta kontatuak izatea merezi dutenak. Horrelakoa da duela pare bat egun Asteasuko artxiboan gertatutakoa. Ohikoa da Ameriketatik (Argentinatik bereziki) jendea etortzea bere aiton-amonen jatorria ezagutzeko asmoz, normalean zerbait aurkitzen dute nahiz eta datu handirik ez den izaten.
Bea ere horrela etorri zen. Izen bat besterik ez zekarren: Manuela Josefa Berakoetxea, bere birramona omen eta 16-17 urte besterik ez zituela Argentinara joana zena. Bi herri zituen: Asteasu eta Villabona. Bi horiei buruz hitz egiten omen zuen bizirik zegoenean. Horrela ba, gure artxiboan ezer gutxi aurkitzeko esperantzarekin etorri zen. Bere galderak ere bi ziren: zein egunetan jaioa zen eta zein baserritakoa zen.
Buelta pare bat eman ondoren eta dokumentu batzuk aztertu ondoren, emaitza inoiz baino hunkigarriagoa izan zen: Manuela Josefa 1871ko urtarrilaren 20an jaio zen udaletxean bertan. Garai hartan Manuela Josefaren aitak udaltxeko ostatua alokairuan zeukan eta horrelaxe ateratzen dira erroldatuak.
Momentu hunkigarria izan zen benetan, Bearen emozioa ikusgarria zelako. Birramona “aurkitu” zuen, jaio zen etxean bertan aurkitu ere!
Ez dakigu zergatik joan zen gure amona Manuela Josefa Argentinara, baina garai hartan (XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran) Ameriketara joandako euskal jende kopurua ikaragarria izan da.
Bereziki gizonezkoak edo senar-emazteak artzai lanetara, baina baita beste asko ere hemen izango ez zuten aukera baten bila. Pentsa, 16 urterekin ontzian sartu bakarrik eta guztiz ezezaguna den herrialde batera joatea, bai ausarta!
Non egongo da gure Lampedusa?
Amagoia Piá