Bloga

Arritokietako Baseliza eta Ospitalea

Irailean
Arritokieta eguna ospatzen da Zumaian eta hau aitzaki ezin hobea
iruditu zaigu udal artxiboan gordeta dagoen 1690 eta 1886 urte bitarteko
kontu-liburuko zenbait datu hona ekartzeko.

Kontu-liburu
hau Arritokietako baseliza eta ospitalari buruz kontserbatzen den
zaharrena da. Hau dela eta, bertako informazio zaharrena iruditu zaigu
aipagarriena. Oraingoan eraikin multzo hau zaintzeko eta kudeatzeko
ardura zuten bi karguetan jarri nahi izan dugu arreta: diruzaina eta
serora.

Diruzaina,
izenak dioen bezela, Arritokietako kontuak eraman eta diruaren
kudeaketaz arduratzen zen. Kontu-liburuan agertzen diren dokumentuei
esker, liburu hau baino lehenagoko zenbait diruzainen izenak jakin ahal
izan ditugu:

– 1633-1640: Jose Arbizu

– 1647-1649 eta 1652: Frantzisko Aldalur

– 1653-1660: Lazaro Etxabe

– 1686an eta 1690ean: Pedro Etxabe Etxazarreta

– 1687-1689 Nikolas Sarasua

Pedro
Etxaberen aurreko diruzainek egindako ez ordaintzeek arazoak sortu
zituzten, eta hain zuzen, arazo horien berri ematen duten dokumentuei
esker lortu dugu izenen zerrenda hau osatzea. Izan ere, diruzainak,
baselizak eta ospitaleak zituzten maileguak eta jasotzen zituzten
limosnak kudeatzeko ardura zuten. Hau horrela, bertako kontuak eramaten
zituztenak ziren, beharrezko ordainketak eta erosketak eginez.
Kontu-liburu honetan, Arritokietako urteroko kontuak jasotzen dira 1886.
urtera arte. Urteroko kontu hauek artzain-bisitetan berrikusten eta
onartzen ziren behin betiko. Elizako liburuak ikuskatzeko apezpikuak edo
artzapezpikuak egiten zituen bisitak ziren artzain-bisitak, eta orduan
geratzen zen agerian diruzainak elizbarrutiarekin urte horretan zuen
zorra, hau da, azken artzain-bisitatik Arritokietan egondako irabazien
zenbatekoa.

1692ko
artzain-bisitan, Pedro Etxabe diruzainak 43.799 maraiko zor zituela
zehazten da eta diru kopuru hau bi urteren buruan ordaintzeko agindua
ematen zaio, eskumiku mehatxupean. Baina kasu honetan, zor handi hau ez
zen Pedrok bere diruzain karguan zeraman denboran pilatutako zorra
bakarrik. Pedrok zor zuenari bere aurretik karguan egondakoek ordaindu
gabeko kopurua gehitu zitzaion, hain juxtu, Jose Arbizuk, Frantzisko
Aldalurrek, Lazaro Etxabek eta Nikolas Sarasuak zor zutena. Pedro
Etxabek guzti hauen zorra ordaindu zuen eskumikatua izan ez zedin, baina
Probintziako Korrejimenduan eginbide judizialak burutu zituen aurreko
diruzainen kontra. Garai haietan baselizak eta ospitaleak nola kudeatzen
zirenaren adibide ederra dugu hau.

Bestalde,
serora kargua dugu. Udal akta bati esker, 1584an Arritokietan hiru
serora zeudela dakigu, baina 1699ko uztailaren 25eko serora izendapenak
kargu bakarra aipatzen du. Egun horretan Josefa Altuna izendatzen da,
aurreko seroraren heriotzaren ondoren. Kargu hartzea jasotzen duen
dokumentua, urte horretan baselizak eta ospitaleak zituen ondasun
higigarrien isla da. Izan ere, serorari zegokion baselizak eta
ospitaleak zituen ondasun higigarrien zaintza. Hau dela eta,
izendapenarekin batera, ondasun guztiak banan-banan zehazten ziren.

Arritokietako berri jakin nahi duenak, beraz, badu aukera Zumaiako artxiboan!

Oihana Artetxe