Bloga

Aspaldiko iragana musika bidez berreskuratzen

Berpizkundeko Euskal Musika (XV-XVI. mendeetako musikagileak)” (Jon Elizalde Goñi-Pirenaeus Renaissance Consort) (5Gora, 2014)

Bi urte luzeren ondoren, dagoeneko esku artean dugu abenduaren 2an Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu den “Berpizkundeko Euskal Musika (XV-XVI. mendeetako musikagileak)” diska. 5Gora zigiluak kaleratu du, aurten prestatu dituen beste ekoizpenekin batera. Egia esan, diska berriak atzean duen ideiari buruz iruzkinak egitea ez da oso ohikoa; aitzitik, Euskal Herrian hagitz urriak dira. Baina zalantzarik ez dago gure Historia eta iragana ezagutzeko aukera ematen dutela, eta beraz, tartetxo bat egitea bidezkoa da.

Oraingoa diska orijinala bezain interesgarria da, zinez. Helburua, XV. mende amaiera eta XVI. mende osoko hainbat euskal konposatzaileen lanak bildu eta plazaratzea. Orijinala, orain arte, Antxietaz edo Miguel Navarroz gain, beraien inguruan oso gutxi egin delako. Are gehiago, grabaketak benetan urriak dira. Mundu mailan (baita gure artean ere) Antzinako Musikak bizi duen gorakada nabarmena bada ere, orain arte inongo taldek ez du diska honek burutu duena egin. Horregatik oso grabazio interesgarria da, gure iraganaren zati ezezagun bat argitara ematen baitu. Horrez gain, proiektu umila dugu: jendeak musutruk egindakoa, aisialdian, baina era berean ilusio handiz prestatua.

Jon Elizalde Goñi dago horren atzetik, eta bera da guztiaren arduradun. Batzuentzat Ttak! ska taldean tronboia jotzeagatik ezaguna da; besteentzat, beraien musika maisua izateagatik; gehienek, berriz, Fermin Muruguza eta Esne Beltzan aritzeagatik elaire dute. Aurrekari hauekin, inork gutxik espero zezakeen halako proiektuan murgilduko zenik. Baina ezin dugu ahaztu diska honen bidez bere txikitako pasio bati ateak ireki dizkiola: Errenazimendu garaiko musikari, alegia. Egiari zor ez du mundu ezezaguna, horren inguruan hainbat ekimen burutu baititu.

Lanaren hastapenak ez omen ziren korapilatsuak izan. Hainbatetan gertatu den moduan, jakin-min hutsa izan da proiektua burutzeko lehen pausoa. Jon Elizalderi ideia bat zerabilkion buruan: garai haietan Euskal Herrian zer nolako musika egiten zen jakitea. Argi zuen, gainera, horretarako Errenterian dagoen Eresbil-Musikaren Euskal Artxibora jo behar zuela. Hasiera batean ez nuen inolako gogo edo asmo berezirik, ordurako hamaika grabazio eginda zeudela pentsatzen baitzuen. Bat-batean, ordea, hasierako jakin-nahi horrek beste ideia batzuei lekua egin zien. Izan ere, edozeinek eskura zuen material honen inguruan apenas bazegoen grabaziorik!

Eresbileko partitura haietatik abiatuz, moldaketak egiten hasi zen, baina musika horri bere ikutua emanez. Berak azpimarratzen duen moduan, “grabaketarik ezean, deskribapen hutsek ez digute askorik esaten musikaren benetako izerari buruz (…) Ezinezkoa da benetan zehatz mehatz eta ziurtasunez erreproduzitzea”. Jonek halako prozesua burutu du eta jakitun da horrezaz guziaz. Partitura gehien-gehienak ahotsetarako pentsatuak zeuden; berak aldiz, garai hartan jotzen ziren kornetoa, tiorba, sakabutxea edo bajoia bezalako tresnentzako moldaketak egin ditu. Egiari zor, halako musika entzutera ohitua ez dagoen jendearentzat diska arraro, ez-ohiko edo gogorra suertatu daiteke; baina abestien inguruan hartutako erabakiek eta erabilitako instrumentuek grabazio aberats eta atsegina lortu dute.

Aukeratutako konposatzaileak zazpi dira: Juan Antxietakoa, Gonzalo Martinez Bizkargikoa, Luis Alberto de Gomez, Juanes Gartzia Basurtokoa, Juan Arratiakoa eta Migel Etxarren Navarrokoa. Batzuk ezagunak dira baina gehienak ez dira gure artean oso ezagunak. Euskal Herrian edo hemendik kanpo (Toledo, Burgos, Segovia, Portugal) lan egindakoak dira. Guztira, 26 abesti eta 37 minutuko iraupena duen diska.

Proiektua burutzeko hainbat pertsonen laguntza izan du: bere maisu izandako eta gaur egun Luxemburgon eskolak ematen dituen Juan Ullibarrirena bereziki. Azken honi esker, diskaren egilea Antzinako Musikan adituak diren beste hainbat musikarirekin harremanetan jarri da.

Aipamen berezia merezi du produktuaren aurkezpenak. Elizalde Goñik DVD kaxa elegante askoan dakargu bere harri bitxia, poster eta guzti! Barnean 24 orrialdeko koaderno bat, proiektuaren nondik norakoak azalduz eta garaiko testuinguru historikoari zein musikalari buruzko hamaika datu emanaz: gertakariak, asmakuntzak, pertsonaiak eta beste hainbat bitxikeria, musikaren ezaugarriak, diskan dauden konposatzaileei eta erabiltzen diren musika-tresnei buruzkoak… Guztia testu arin batez eta irakurketan laguntzen duten irudi eta marrazkiez apaindurik. Horrez gain, ezin ahaztu XX eta XXI. orridaldeetan dauden denborapasak!

Ildo honetatik, guk aipatutakoak hobeto azalduko dituzten web-gune bat (www.berpizkundekoeuskalmusika.com) eta helbide elektroniko bat (berpizkundekoeuskalmusika@gmail.com) jarri dute edozein eskura.

Bestalde, eta zoriotxarrez, diskak ez du inolako birarik ekarriko. Parte hartu duten musikariak hamaika lekutan zehar barreiatuak daude eta zaila zaie elkartzea. Edonola ere, hemendik aste gutxira elkartuko dira aurreikusten den kontzertu bakarra ematera: abenduaren 26an izango da, argitara ematen duten musikaren garaikidea den Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatean, arratsaldeko 19’00tan.

Azkenik, hausnarketa txiki bat. Diskarekin argi geratu da gure arbasoak txistu eta danbolina joz mendi artean bizi ziren artzaiak baino zerbait gehiago bazirela. Ildo honetatik, Jonen lanak duela hainbat urtetik hona gutxi batzuek egin dutenaren bide beretik jotzen du. Ekimenak guztiz independienteak edo testuinguru ezberdinez inguraturik badaude ere, gure kultura eta iraganaz beste modu batez gozatzeko aukera bikaina eskaintzen diguten tresnak dira.

Azcuek, Aita Donostiak, Zavalak eta beste hainbatek abesti edota melodiak bildu zituzten. Orain musikarien ordua iritsi dela dirudi. Duela urte gutxi, Joseba Tapiak (Hiru Truku-n egindakoak ahaztu gabe) Bigarren Karlistaldiko letrei musika jarri eta “Eta Tira eta Tunba” disko benetan interesgarria (eta orijinala) plazaratu zuen. Benito Lertxundi Jonengandik gertuago dago, agian: Esteban Garibaykoak bere idatzietan jaso zuen “Milia Lasturko”-aren XV. mendeko bertsoak musikatu baitzituen 1992an. Guztiek, gure muturren aurrean baina oharkabean igaro zaigun materiala jaso, beraien ikutua eman eta gure eskura jarri dute. Ildo honetatik, Jon Elizaldek badu berritasun nabarmen bat: letrak alde batera utzi eta zuzenean sartu da gure arbasoen konposizioak era instrumentalean interpretatzera… eta hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!

Gure zorionik beroenak, beraz, diskaren egileari eta lagun izan dituen Pirenaeus Renaissance Consort eta Ulialde Berpizkunde Taldekoei. Aldi berean, hasitako bidea arrakastaz eta grabazio berriez osa dezatela opa diegu.

Yaunac tiela abari on.

Iago Irixoa