Ataun Far West
Lanera joateko egunerokotasunean konturatu naiz herri honen berezitasunaz, bi lurralde ezberdinen elkargunea baita. Egungo egoerak, itxiera perimetralarekin, herri honen izaera estrategikoa nabarmentzen du erabat.
Izaera hau ez da berria, Ataungo udal artxibo historikoak frogatzen duen moduan, mugan egotearen ondorioz sortutako dokumentazio asko gordetzen baitu. Gaurkoan, bereziki bi lanbide zaharren arteko muga ia ikustezina izango dugu hizpide: alde batetik kontrabandistak, eta bestetik bidelapurrak
.
1759ko neguko gau hotz batean Ataungo alkateak eta beste zenbait herritarrek bikote susmagarri bat ikusi zuten udaletxearen parean. Hauek jarraitu eta hilerri zaharrean harrapatu zituzten. Bi gaizkileen deskribapen zehatza egiten dute agirian, berrogei urte baino gutxiago omen zutela eta soinean zeramaten arropa eta zapeten berri emanaz. Baina, aurpegiak ez omen zituzten ikusi “…por que las tenían quasi cubiertas el uno con su sombrero calado y el otro con su montera calada…” (sic.).
Bikote hau miatzean tabako poltsa bat zeramatela ikusi zuten ataundarrek. Protokoloa jarraituz, bi herritar geratu ziren kontrabandista hauen ihesa ekiditeko zaintzan, kasu honetan sakristaua. Baina goizeko hiruretan dena aldatu zen, halako batean atxilotuetako batek pistola atera eta bi zaindariak armaz mehatxatu zituen, “…diciendo al testigo y al dicho Zavala que a qualquiera mobimiento que hicieren los matarían…” (sic.). Honela, bi kontrabandistek ihes egitea lortu eta bere lanarekin jarraitu zuten, ez zen inoiz hauen berri gehiagorik egon.
Armen presentziak adierazten du Ataungo bideak ez zirela guztiz leku seguruak, edota gure kontrabandistak aukera azaltzen bazen bidelapur bihurtu zitezkeela. Honako pasartea bezalako beste asko aurki ditzazkegu Ataungo artxibo historikoan. Herri honek ez du bakeroen pelikuletatik inbidiatzeko askorik.
Beñat Ziarra