Artxiboak

Azkuene berria

Trintxerperi izena ematen dion etxean izan zen lehen sua.

Azkuene baserria gogoratzen zuen eraikinetako batean izan zen bigarrena.

Andonaegik Trintxer baserria eskuratu, jauregia eta lorategia sortu eta langileentzako etxe berriak eraikitzean, gure auzoaren izen modernoa ere sortu zuen. Bere jauregi ala txaleten azpiko etxe multzoari Trintxerpe deitu zion eta. Trintxerpe izenak dena hartu zuen bere baitan.

Gerora, 60. hamarkadako anabasa urbanistikoak Azkuene kalea sortu eta Azkuene auzoa goiko partean irudikatu dugu beti. Azkuene baserria eta haren ondorengoan, baina, behean zeuden hasiera batean. Eta tartean, esan bezala, suak kiskaldutako Azkuene berria eraikina.

Esan bezala, Trintxerpe izenak gure auzoko txoko honek Azkuene zuela izena estali du.

XVII. mendetik aurrera maiz agertzen zaigu Azkue baserria sagardoari lotua. Ez dakigu dolarea zegoen bertan, baina haren sailetan sagarrondoak bai.

1893. urteko plano batean Azkuene baserriak zutik zirauen.

1903. urtean, ordea, Azkuene etxe zahar eta zaharkitua da.

1913. urtean ere etxe bakarra da Azkuene, errepidearen ondoan eta ilunpetan dagoena.

1920. urtean, berriz, Pedro Cirizak eta Hermenegildo Artolak Azkuene guneko etxeetara ura eramateko baimena eskatu zuten, eta lanaren dirua aurreratzeko prest zeuden.

Artolaren etxea, bistan dena, Artolaenea da. Euskadi etorbidea eta Jaizkibel kalearen arteko izkinan dagoena.

1922. urtean Azkuene izena etxe bat baino gehiagori egokitzen zaio. Multzo bati edo gune bati, hobeto esanda. Etxe horiek egungo Euskadi Etorbideko 3-5koak dira.

Lehena, Amistad taberna dagoen eraikina, Azkuene baserriaren orubean bertan dago. 1921. urtean taberna-jatetxea jartzeko baimena jaso zuen Juan Marcosek.

1922. urtean bertan, gainera, Ciriza eta Ziganda biltegi bat eraikitzeko baimena eskatzen dute, Azkuenen bertan.

Laburbilduz, Azkuene kalearen hasieran (botika dagoen tokian) Azkueneko garbitokia zegoen. Parean, Jaizkibel kalearen hasieran, Artolaenea. Ondoan, Azkuene baserria zegoen tokian Azkuene eraikina dugu, 1921. urtetik aurrera jatetxea eta dena. Jarraian, orain erre den Azkuene berria eraikina. Beheko solairua, ohi bezala, altua da, biltegia baitzen. Horregatik ere, etxebizitzen sarrera atzetik dago.

Etxe multzo hau xumea da, baina zaindutako fatxadak erakusten ditu. 1922. urtean ez dago eraikin gehiago kalearen zati honetan, Ilunbe baserria, Augeren etxea eta Trintxerpe multzora iritsi arte.

Nolabaiteko garapen estilistikoa atzeman daiteke, Azkuene gunetik Trintxerpe multzora. Eta zer esanik ez segituan altxatuko ziren gainontzeko etxe dotore eta handiak. MariƱelen etxeak dira, ziren. Arrantzale auzo berri bat, gainontzeko Gipuzkoako kostak ez duena: arrantza industrialaren hastapenetakoa.

Gure lagunen eta auzokoen etxeak erre dituzte. Amorratuta gaude. Gure langile-historia zati bat ere erre dute.

David Zapirain