Aztarna Karlistak Villabonako artxiboan
Gerra
Zibilaz hitz egiten dugunean beti datorkigu burura berriena, XX.
mendean gertatu zena eta gaur egun oraindik guztien ahoan dagoena
Memoria Historikoari esker. Honetaz gain, ordea, gertatu dira beste hiru
Euskal Herrian eragin zuzena eta handia eduki dutenak baina
kronologikoki urrutiago dauzkagunak, izan ere, XIX. mendean gertaturiko
gerra karlistek gure lurretan liskar garrantzitsuak eragin zituzten.
Hemen aurkeztuko dugun dokumentua lehenengo karlistadan hil ziren
Villabonako herritarren zerrenda bat da, datu pertsonal desberdinak
jakinarazten dituelarik.
Lehenengo
Gerra Karlista 1833 eta 1940 urteen bitartean gertatu zen eta nahiz eta
estatu mailakoa izan, iparraldean gertatu ziren gatazka gogorrenak,
Euskal Herrian eta Katalunian batez ere. Fernando VII. hil zenean 1830
urtean, ondorengotzarako Santzio Pragmatikoa ezarri zuen emakumeak ere
erregina izan ahal izateko, ez baitzuen semerik eduki. Hil ondoren
ordea, bere anaia zen Karlos Maria Isidrok ez zuen Isabel II.a onartu
eta bere burua errege izendatu zuen. Honek eman zion hasiera lehenengo
karlistadari. Alde batetik beraz, karlistak edukiko ditugu,
absolutistak, antzinako erregimenaren aldekoak eta foruen aldekoak,
herritar xumeek osatzen dute talde hau batez ere; eta beste aldetik
isabeldarrak, liberalak, elizaren boterea murriztearen alde daudenak,
burgesak egongo dira hauen artean.
Euskal
Herrian beraz, eta batik bat Gipuzkoan, Donostia izan ezik gainontzeko
herri gehienak karlisten alde egongo dira foruak babestu nahian. Edonola
ere, pixkanaka plazak galduz joango dira, horrela, Hondarribia,
Oiartzun, Andoain edo Irun galduko dituztelarik. 1836 urteko maiatzean,
Donostia setioan zegoen eta karlistak aurrera eginez zihoazen.
Isabeldarrek ordea, atzerriko herrialdeen babesa zuten, izan ere,
Frantzia, Ingalaterra eta Portugal Isabel II.aren eta liberalismoaren
aldekoak ziren. Horrela gauzak, ingelesek laguntza bidali zuten eta
Kontxako badian maiatzaren 5ean Phoenix eta Salamander gerraontziak
erasorako prest egongo dira. Bataila gogorra izan zen isabeldarrek
irabazi zuten hau, hildako askorekin, beste batzuen artean, Jose Antonio
de Echeverria, 5. batailoiko soldadua, Bartolome eta Mª Francisca
Urangaren semea, baserritarra, 21 urtekoa. Karlistek orduan, Hernanira
atzera egin behar izango dute eta Donostiako isabeldarrek, ingelesek
zuzenduta hemendik aurrera, eraso egitea erabakiko dute Ametzagaina
zeharkatuz. Ametzagainako liskarren lekukoa bada gure dokumentua, hor
erori baitzen Juan Jose eta Mª Francisca Isasaren seme zen Jose Antonio
Beñaran artilleroa 21 urterekin 1836ko irailaren 5ean. Hilabete batzuk
beranduago, 1837ko martxoan Oriamendiko gatazka emango da eta ingelesek
Donostiara atzera egin beharko dute.
Esan
beharra dago hala ere, aurkezten ari garen zerrendan agertzen diren
gizon guztiak ez zirela batailetan hil edo gatazken ondorioz jasandako
zauriengatik. Batzuk preso egonda hilko dira. Ignacio de Eguino
Villabonan bertan egin zuten preso 1834ko urtarrilaren 14an eta
Santanderren urriak 9an hilko da askatasuna lortu gabe. Beste batzuk
“peseteroek” erailko dituzte, Francisco Eguibar eta Jose Miguel Genoa
kasu. Lehenengoa 18 urtekoa eta beste anai bat gerran edukiko duelarik,
Segura inguruan hilko dute 1835 urte hasieran; eta bigarrena,
konfidentea, Lizartzako aduanan urte berean. Karlisten artean
“peseteroak” izenarekin ezagutzen ziren Isabel II.aren alde borrokatzen
zuten boluntarioak, egunean pezeta bat irabazten zutelako. Honetaz gain,
“txapelgorri” izena ere jasotzen zuten, janzten zuten txapel
gorriagatik.
Villabonako
artxiboan baditugu hainbat dokumentu Gerra Kalistak gai dituztenak.
Beste batzuen artean 1875 urtean, mikeleteekin bat egiteko 40 eta 50
urte bitarteko herritar boluntarioen izen emateak (sig. 72-19) edo 1876
urteko herriko karlisten zerrenda bat (sig. 611-01) aurki ditzakegu.
Oraingoan hemen aurkezteko ordea, beste bat aukeratu dugu. Honetan
lehenengo karlistadaren garaian eta 1837ko abuztuaren 12 arte gatazkan
edo jasan zituzten zaurien ondorioz ospitalean hil zirenen zerrenda bat
aurkezten zaigu. Dokumentu honetan gizon bakoitzari buruzko datu
desberdinak adierazi dira, lehenengo gauza jaioterria izango da eta
ondoren izen abizenak, Andoaingo bat izan ezik, Villabona eta
Zizurkilgoak denak, hortaz, hasierako aurkezpen bat izango da. Ondorengo
bi kolometan armadako informazioa eskaintzen digute, parte hartu izan
zuteneko batailoia eta klasea, gehienak soldaduak, baina badaude zenbait
sarjentu, kaporal, konfiantzazkoak edo konfidenteak eta artilleroak
ere. Hurrengo koloma “Media filiación y circunstancias” deitzen da,
oraingoan gurasoen izenak, bizi zen etxearen izena, beste anaiaren bat
zuen ala ez eta horrek gudan parte hartu zuen ala ez, lanbidea eta adina
emango dizkigute, orokorrean nekazariak eta 18 eta 35 urte bitartekoak.
Azkenik, nola, noiz eta non hil ziren esaten digu dokumentuak.
Gipuzkoako herri desberdinetan gertaturiko liskarrak aipatzen dira
hemen, Hernani, Tolosa, Bergara, Ibarra, Amezketa, Villabona, Getaria,
Donostia, Berrobi, Ametzagaina, Hondarribia eta Urnieta; baita
Gipuzkoatik kanpoko beste bataila batzuk ere: Urduña, Santander,
Lizartzako aduana eta Bilboko setioa esate baterako.
Dokumentu
baliogarria beraz eskuartean dugun hau ere bai, bai gure arbasoei
buruzko informazioa jaso ahal izateko, baita gure historiaren zati bat
islatzen duelako ere.
Amaia Mendizabal