Erakusketak

Bakardadeak = Soledades erakusketa

Virginia Gil Cousoren “SOLEDADES – BAKARDADEAK” erakusketa ibiltarian 1992 urteaz geroztik Europako hiri ezberdinetan (Londres, Berlin, Bilbo, Madril edo Split) egindako argazkiak biltzen dira. Gizartetik baztertuta dauden pertsonen bizitza, emakumeena bereziki, erakusten diguten argazkiak dira: eskaleak, etorkin ilegalak, prostitutak edo gerrako biktimak.

Erakusketak baztertuta egoteak dakarren pobrezia absolutuan jartzen du arreta eta Europako hiri handietan pertsona hauek bizi duten bakardadea erakusten digu.

Virginia beraren hitzetan: “Europako baztertuen pobrezia eta bakardadearen erretratua egiten saiatzen naiz. Etorkin ilegalak, eskaleak… mamuak bezala, gainerakoen itzalean bizi diren izakiak. Pertsona ikusezinak iruditzen zaizkit ikusten ditudanean, bere ikusezintasunetik atera nahi ditudan sistemaren itzal ilunak. Hortarako formatu handian erreproduzitzen ditut. Bakardadea eta desberdinkeria irudikatu nahi ditut. Atsekabea, pobrezia, ezkutatutako depresioa, barne sufrimendua… “.

“SOLEDADES – BAKARDADEAK” material iraunkor baten gainean (lona) inprimatutako formatu handiko argazkiek osatzen duten instalazioa da. Lonak dimentsio handietan lan egitea posible egiteaz gain, argazkiak kalera edo Ciriza Etxea bezalako lekuetara ateratzearen lana erraztu egiten du. “Formatu erraldoia erretratatzen ditudan pertsonak ikusezintasunetik ateratzeko modu bakarra iruditzen zait. Lonak plastifikatuak daudenez ura eta haizea jasaten dute eta horrek erakusketa hirietako aire zabalean jartzea posible egiten du”.

Ciriza Etxean egindako muntaiarako gainera, Virginiak bideo bat egin du. Trintxerpeko auzotarrei kalean egindako elkarrizketa batzuk azaltzen dira eta bakardadearen esanahiari buruz nola hausnartzen duten ikus dezakegu bertan. Bideo hau etengabe piztuta dago eta ikusleak aukera dauka gogoetak pantaila aurrean entzuteko edo argazkien inguruan paseatzen duen bitartean haiek entzuteko.

Maite Caballero