Artxiboak

Berriak Gipuzkoako Artxibo Orokorrean

Orain dela hilabete batzuk proiektu berri bati hasiera eman diogu, oraingoan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Tolosako San Frantzisko kalean kokatuta dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorrean gaude hain zuzen ere. Ez da lehenengo aldia Ereitenek eta Aldundiak elkarrekin lan egiten dutela, izan ere, urteak daramatzagu proiektu desberdinak aurrera eramaten, bai Tolosan baita Oñatin ere, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan.

Aldundiak eta Batzar Orokorrek beren historian zehar sortu dituzten dokumentu eta espediente guztiak baldintza egokietan gordetzeko eta euren kontserbazioa bermatzeko 1904 urtean Tolosan sortu zen eraikin honek, handitze eta egokitzapen obra desberdinak jasan ditu urte guzti hauetan zehar, azkenak hilabete hauetan izan direlarik. Hemen gordetzen diren dokumentuak gure ondarea dira eta kontserbazio baldintzak bermatzeko obra hauek beharrezkoak dira. Funts ugari daude gordeta artxiboko gordailuetan, milaka kutxekin eta hauen kontserbazioa bermatzea artxiboaren funtzio nagusienetako bat da.

Esan bezala, funts desberdinak aurkitu ditzakegu bertan, batzuk erakunde edo pertsona pribatuenak eta beste batzuk erakunde publikoetakoak. Gure lanari dagokionez, Aldundiak 1877 urtetik 1977 urtera bitartean sortutako espedienteak dira interesatzen zaizkigunak, hau da, Gipuzkoako Diputazio Probintziala izenarekin ezagutzen zenekoa. Espediente hauek, artxiboak gordetzen duen funts handienetako bat osatzen dute. Urte batzuk iraungo duen proiektu honetan, aipatutako garaian sortu zen dokumentazio guztia aztertu eta tresna deskribatzaileak erabiliz sailkatuko da. Horrekin batera, datu base batean batuko da lortutako informazioa, erabilera praktiko eta efiziente baten bila.

Lan egiteko denbora ordea, mugatua da, horregatik, aukeraketa bat egin behar izan da. Fase honetan, Gipuzkoako Diputazio Probintzialaren dokumentazio ekonomikoa izango da landuko duguna. Honek bakarrik, ehundaka kutxa eta liburu biltzen ditu. Datozen hilabeteetan joango gara hemen ikusten ditugun bitxikerien eta dokumentu interesgarrien berri ematen.

Amaia Mendizabal