Artxiboak

Berrizaungo zubia

Artxibo “berri” batean lanean hastean, dokumenturik zaharrena zein den bilatzea da edozein artxibozainek egiten duen lehen lana. Bigarrena, ostera, zein den planorik zaharrena.

Gu ez gaude salbuetsita. Horrela, Igantziko Udal Artxibora lanera sartu ginenean hartu genituen lehen bi lanak horiexek izan ziren, jakina. Idatzizko dokumenturik zaharrenaren berri eman genuen blog honetan, zaharra ez ezik harrigarria ere bazelakoan. Hortaz, planorik zaharrena ere topatu dugu, eta hau ere ez da nolanahikoa: Berrizaungo zubia, hain zuzen ere.

XIX. mende hasiera arte Berrizaungo zubia egurrezkoa zen. Zubi honek Bidasoa ibaia zeharkatzen zuen eta erortzear zegoen. Zaharkitua, zama handiko gurdiei eusteko makal. Horiek horrela, hala haren gertu omen zegoen burdinola nola zubia bera berritzeko deliberoa hartu zuen udalak: “…puente que hai de madera para el paso y reparo de su herrería maior y menor que se halla amenazando ruina para efecto de ejecutar a cal y canto…”

Honetarako, 1816 urtean, Martin Jose Belarra maisu harginak proiektu bat garatu zuen. Maisu harginak bi begitako zubia egiteko gomendioa luzatu zuen. Proiektu honetan biltzen da Igantziko Udal Artxiboan gordeta dagoen planorik zaharrena.

Planoa benetan berezia da. Ez soilik bere aintzinakotasunagatik, baizik eta gainera, bere irudiengatik. Bere edukia ez da gaur egun ikustera ohituak gauden oinplano, perfilak,… zubiaren begietako bat eraikitzeko erabiliko den egurrezko egitura nolakoa izango den eta zein neurri izango dituen azaltzen du. Plano hori ikusita lanaren azken emaitza zein izango den asmatzea zaila da. Gainera, neurria ez da ohiko gaztelako oinetan ematen, baizik eta noski, oin nafarretan. Honi lotuta dihoakion erregela ere ikusten dugu bertan.

Idatzitako txostena berriz oso lan zehatza da. Zubia eraikitzeko egin beharko diren lan guztiak banaka eta pausuz pausu deskribatzen dira, baita materialak nondik jasoko diren ere. Adibidez, behin zubia amaituta azken lana izango da hura zolatzea “… en toda su tira y anchura se executara calzada con piedra del río…”. Bestalde, ohi bezala, hormak egiteko erabiliko den harrobia ere zehazten da “… en mampostería buena rancada en las canteras de Basateandi o Zereneta…”. Prozesu guztia zein izango den eta pausu bakoitzerako beharko diren material mota eta kopuruak zerrendatzen eta baloratzen dira.

Hala ere, zubia eraiki eta 40 urte beranduago hirugarren begi bat egiteko lanak egin ziren. Orduan Manuel Ansa izan zen proiektuaren arduraduna. Honen planoa ere jasota dago Udal Artxiboan. Plano honek hirugarren begiaren diseinuak azaltzen ditu. Kasu honetan, ordea, gaztelako oinak dira neurriak zehazteko erabilitako unitateak. Idatzitako proiektua berriz ez dago hain garatua.

Hortaz, erraza da ulertzen zergatik artxibozainen lehenengo lana (edo jakin-mina) espediente eta proiektu zaharrenak bilatzea izan ohi den.