Bigarren Komunikazio Publikoa
Pasa den urtarrilaren 3an, 2014. urtea hastearekin batera, KMKulturunean azaro amaieratik martxan dagoen Artista Berrien Programaren barruan, Bigarren Komunikazio Publikoa izan zen. Lehena, abenduaren 27an, Areto nagusian izan zen, Ainize Sarasolaren Tarot Night eta Antonio Macarroren A filme- Expedición ikusi ahal izan ziren. Joan den astean, Oier Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Daniel Mera, Mikel Otxoteko eta Julen Agirreren ekimenak dastatu ahal izan genituen.
Arratsaldeko lehen orduan, Agirrek, bere aretoko marrazkien gerturatze saioa egin zuen, interesa pizten dioten eraikinen irudiak erakutsiz, bere lanen arteko loturak azaltzen zituen bitartean. Bisita gidatu berezia eskaini zuen, bere irudien barruan ikusten duguna eta ikusten ez duguna erakutsi zigun, batetik bestera bidaia egiten genuen bitartean. Zigurat-ak, bista isometriko-axonometrikoak, David Lynch-en aztarnak eta gehiago asmatu genituen paper zuriko ingerada beltzetan.
Ondoren, patiora pasa ginen, talde-lanean arituz aulkiak jarri eta Sahatsa Jauregiren hitzei erreparatu genien. Bere Tabloid lana aurkeztu zen protagonista gisa hasiera batean, baina poliki-poliki, zementu gris eta argazki koloretsuen artean turista bilakatu ginen, inguruko objektu koloretsuak arakatuz, marko bakoitzean istorio ezberdin bat imaginatuz. Halako batean, kameraren mugimendu trakets batek bueltatzen zaitu fikziozko errealitatera; gela huts, hotz, eguzkitsu batean aurkitzen garen horretara, marmolezko lurzorua eta egurrezko aulki beltzak dituen horretara, bakar bakarrik, argiak piztu direnean bueltatuz.
Aulkiak pilatu eta Mikel Otxotekoren intimotasunean murgildu ginen berehala. Ilunpetan testu mutu bat irakurtzera behartu gintuen, ezkerretik eskuinera eta ondoren erdira eta berriz eskuinera, ezkerrean amaitzeko. Lasaitasuna, goxotasuna, isiltasuna. Zarata ezeroso batek gure lekuan jartzen gintuen noizean behin, eta lokartu beharrean, irakurtzen jarraitzen genuen. Amaieran, bertan geratzeko desira bortitza, hitz egiteko ahalmenik edo gogorik gabe. Esfortzu txiki bat egin eta gure gorputzak erakustaretoko beste muturreko iluntasunera arrastatu genituen.
Tartean, ez dut oso ondo oroitzen zein momentutan, Merak, bere instalazioaren berri eman zigun. Bederatzi minutuko bideoa, erakustaretoko eskaileratan, kanpoan, kokatu zuen, loopean, etengabe biraka. Ordurako, artalde moduan mugitzen ginen, denok batera hara eta hona, eta, barne ahots batek esan izan baligu bezala, adostu genuen azken ekimenaren ondoren, taldean joango ginela eskaileratan esertzera.
Kuxinetan burua pausatu eta gorputza luze-luze jarrita hasi zen Oier Iruretagoiena abestiekin jolasean. Abestiak prestatuta ekarri zituenez audizioa omen zen eskaintzen zuena, eta ez kontzertua. Ez dakit zehazki zer zen ukitzen zuena, bolumena, tonua, botoiak… Egiten utzi genion, begiak itxita, buruak eraikitzen. Berrogei minutuz egunerokotasunaren atsedenaldia burutu zen, eta isiltasunarekin, pixkanaka, nor ginen eta zer egin behar genuen ulertu genuen berriro, goizero ohetik jaikitzerakoan bezala.
Arrate Rodriguez