Artxiboak

Bizitzea ez baita debalde

Ohitzen ari gara jendea kalean bizitzen ikusten. Ohitu ahala guri bost. Urrun ikusten dugu egoera hori, nahiz eta gertu gertuan atzeman. Egoera hau, baina, ez da berria. Gure aurrekoek ere horrelakoak ezagutu dituzte. Kalean bizitzearen errua kalean bizi zenaren errua zen orduan.

1760ko ekaineko pasadizo batek hori argitzen du Asteasun. Poliziaren garaia baino lehen, ordena publikoa zaintzea alkatearen lana izaten zen. Alkatearena eta herritarrena.

Gabeko errondan, jaso du berria alkateak. Bayeta goitizena duen batek salatuta. Bikote bat zirriak elkarri egiten Ieribar Goikoaren atarian. Trago bat sagardo hartzeko eta palanka jaurtitzeko tokia da hura. Sukaldean atzematen dute bikotea. Gizona, azpeitiarra, udaletxeko ziegan sartzen dute. Emakumea, Arrasatekoa, eta berarekin doan haurtxoa, herriko ospitalean. Goizean, itaunketa. Badira bi urte eta lau hilabete gizonak lana azkeneko aldiz egin zutenetik. Orduez geroztik, eskupekoak eskatzen ditu. Ezaguna da Asteasun, horretan eman du-eta urtebete. Ezkongabea da emakumea; bere bikotea Malagan dago desterruan, bortxazko lanetan. Dirua eskatzea du bizimodu.

Epaia berehalakoa eta ohikoa: Gizonari arloteen eta alferren zigorra ezarri diote: 4 urtez armadan; emazteari, itxialdia Iruñeako ospitale nagusian, iñude bezala aritzeko.

Ez batak ez besteak ez du merezi tokiko komunitatearen laguntza. Arrotzak dira Asteasun eta ez dute ematen gaixotuak. Errukirik ez. Zigorraren aldean erori dira. Ez da, ordea, zigor hutsa. Zigorrak bi hauek gizartearentzako gizaki baliogarri bihurtzen ditu. Dohain egingo dute lan hemendik aurrera, bata armadan, bestea edoskiarazten.

Bizitzea ez baita debalde. Gaurkotasunezko diskurtsoa? Asko aurreratu al dugu?

David Zapirain