Eu Es

Piztu da piztia!

Bloga
Getaria

Dokumentu historikoak eta beraien testuingurua

2019-09-20
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,


Dokumentu bat momentu konkretu batetan behar batek bultzatuta sortzen da. Ondorioz, testuinguru historikoari eta egileak berau sortzeko zeukan arrazoiari loturik dago bertan helarazten den informazioa. Denborarekin, ordea, kontestu hau eraldatuz joaten da, baina testuak bere horretan darrai, iraganaren testigu. Honengatik, dokumentua ikertuz, bere sorrera testuinguruaz gehiago ikas dezakegu eta iragana ezagututa, dokumentua hobeto konprenituko dugu.


Getariako Udal Artxiboan lanean genbiltzala, XVIII. mendeko idatzi batekin aurkitu gara. Ezusteko aurkikuntza honen aurrean, lehenik eta behin, irakurtzeari ekin diogu. Ia lehenengo hitza irakurri bezain pronto dokumentuaren sorreraren zioa jakin ahal izan dugu: Iruñeako autoritate eta herritarrei erregeordearen bisita jasotzen zutenean zer nolako jokabidea eduki behar zuten azaltzea. Erregearen ordezkariak iruindarrengandik jaso behar zuen protokolozko tratu horren atzean, berriz, bere maila soziala legitimatzeko nahia dago.


Alabaina, dokumentuaren historia ezagutzea ere oso interesgarria da. Gaur egun dokumentu historiko asko digitalizatu egin dira eta interesa duen edonork kontsulta ditzake bere etxetik mugitu gabe. Honek dakartzan erraztasunei baliorik kendu gabe, idatzia bere kontserbazio testuinguruan ezagutzea ere funtsezkoa da. Nola eta zergatik kontserbatu, beste dokumentuekin eduki dezakeen lotura edota atzealdean izan dezakeen marka batek, objektua sortu zenetik gure garaira iristeraino izan duen historiaren seinale dira.


Berriro eskuartean dugun dokumentuari erreferentzia eginez, gaur egun idatzi hau bere sorrera eta bere hasierako kontserbazio testuingurutik kanpo dagoela esan beharrean gaude tamalez. Artxibistikak, zientzia moduan planteatua izan zenetik, dokumentua, ahal den heinean, bere kontestuan kontserbatzea izan du helburu; hau baita ahalik eta informazio gehiena gure ondorengoei helarazteko modu bakarra. Honetan datza, besteak beste, gure jardunaren egiteko soziala. Memoria, ahalik eta oso eta anitzen kontserbatzea.


Idatziaren inguruan ditugun galdera batzuk, beraz, asetzeke gelditu dira. Seguraski hauetatik esanguratsuena ondorengoa: Nola liteke Getariako Udal Artxiboan kontserbatzen den dokumenturik zaharrenak Getariari erreferentziarik ez egitea?          

Klara Gorosabel Zaldibia

Zubi altxagarria

2019-04-17
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,

Getaria beti izan da Euskal Herrian eman diren gudetan kokaleku estrategikoa, hori dela eta, historian zehar gerra ezberdinen ondoriozko txikizioak jasan behar izan ditu.  Estrategikoki izandako garrantzi hau izango da harresiz inguratuta egotearen arrazoi nagusia. Egun, herritik bueltatxo bat emanez gero, azkar batean antzeman daitezke antzina harresitutako zonaldeen arrastoak.

    

Arrasto hauetako baten inguruko aipamena egingo da ondorengo lerroetan. Getariar askok ongi jakingo duten moduan, Katrapona beko atea herrirako sarrera atea izan zen urte askoan zehar eta orain atea bera itxita egon arren oraindik honen aztarnak ikusgai daude. Baina ez da atea lerro hauetan aztergai dagoena, ate honen kanpoaldean kokatzen zen zubia baizik, garai batean bertan zegoen zubi altxagarria deusestatzeko erabakiaren nondik norakoak zehatzagoak izanda.

   

Lehen esan bezala, guden ondoriozko txikizioak ugariak izan dira Getarian. Hauetan azkena Gerra Karlistetan izan zela esan daiteke, behin setiatuta su eman baitzitzaion herriari, eraikin gutxi batzuk zutik geratu zirelarik. Ezin aipatu gabe utzi erretako eraikin guztiekin batera artxiboa ere deuseztatu zela, informazio galera izugarria suposatu zuena.

   

Artxiboa erre ondorengo informazioa kontserbatzen denez, badakigu Katrapona beko zubi altxagarria kentzeko erabakia 1845. urtean etorri zela. Etorri zela diogu, erabakia ez baitzuen herriak hartu. 1845eko azaroaren 15eko udal aktak dioenaren arabera, Gipuzkoako Probintziako Komandante Jeneralaren aginduz: “ Que ese rellene la pequeña zanja (…) retirandose el puente levadizo que hoy cubre dicha zanja sustituiendolo con puerta nueva adecuada que tenga su rastrillo (...) siendo de cuenta de la villa el importe de las obras”. Agindua kanpotik baina gastua barrutik. Argia da orain dela mende eta erdi, gaur egun gertatzen den moduan, askoz ere errazagoa zela agindua ematea ordaintzea baino.


Xabier
Etxeberria


Irudiaren iturria: https://www.castillosnet.org/espana/album.php?ref=SS-CAS-051-KAT&seo=Puerta%20de%20Katrapona

Getariako udal aktak

2019-04-17
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,

Hilabeteak joan hilabeteak etorri, udal akta liburuetan jasotako informazioan oinarritzen dira berriak. Edukiei buruz aritzea oso erakargarri eta aberasgarria den arren, iturriei denbora bat eskaintzea ahazten zaigu askotan, eta ezin zaigu ahaztu iturrien araberakoa izango dela beti informazioaren zilegitasuna. Hori dela eta, Udal akta liburuei buruz arituko gara ondorengo lerroetan.


Udal akta liburuak udaletxeetan ekoitzi izan diren eta ekoizten diren serie dokumentalen artean garrantzitsuena dela esan daiteke zalantza izpirik gabe. Bertan, udaleko partaideek edozein gairi buruz hartutako erabaki edo egindako akordioak islatzen dira. Behe Erdi Aroko hiri garrantzitsuenetan jatorria duen serie dokumental hau, jakina den moduan, egun ere ekoizten jarraitzen da. Hori dela eta, diplomatista, historialari, artxibozain eta administrariren aztergai izan dira urte askoan zehar, garaian garaiko errealitatearen zantzuak antzeman baitaitezke hauen edukietan.


Aktak udal idazkariak bete izan ditu mendeetan zehar eta egun ere bere betebeharren artean jarraitzen du. Dokumentu honek ondorengo datuak ezinbestean jaso beharko ditu:

-    Batzarraren eguna, tokia eta data.

-    Batzarreko partehartzaile diren pertsonen izen-abizenak.

-    Batzarraren hasiera ordua.

-    Partehartzaileek guztiek izandako esku hartze guztiak.

-    Batzarreko erabaki edo/eta akordio guztiak. Argi erregistratu beharko dira, bozkaketa kasuan, honen nondik norakoak, partehartzaile bakoitzaren botoak eta, nola ez, emaitzak.

-    Proposamen eta gertakari mota guztiak.

-    Bilera amaiera ordua eta parte hartzaileen sinadurak.


Getariako udal artxiboan 3.900 batzarretako aktak gordetzen dira. 1838ko irailaren 10etik aurrerako aktak kontserbatzen dira. Askoz gehiago sortu izan direla jakina den arren, artxiboa erretzeak asko eta asko galtzea eragin zuen, ondasun galera ikaragarria suposatu zuena.


Ezin da aipatu gabe utzi, udal aktak eskuragarri daudela Getariako artxiboak daukan webgunean (http://www.getariakoartxiboa.net/).


Xabier
Etxeberria


Irudia: kontserbatzen den akta zaharrenaren izenburua

Irudiaren iturria: http://www.getariakoartxiboa.net/.


Medikua, noiztik?

2019-04-17
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,

XIX. mendean zehar, osasungintza ez da antolakuntza tekniko edo administratibo bidez kudeatutako alor modura ulertu behar, poliziaren eskumenen artean sartzen zen gobernu ekintza modura baizik. Politiko edota alkateen ardura izan ohi zen, eta momentuko beharren araberako neurrien menpeko alorra izan zen hamarkada askoan zehar. Orokorrean, arazoei era autonomo eta koordinatu gabean egiten zitzaien aurre, udal bakoitza mundu bat baitzen. Egun ezagutzen dugun osasungintzaren oso bestelakoa.

Iturriek diotenez, sortzen ziren eguneroko arazoei aurre egiteko Getariako Udalak medikua kontratatu zuen 1839tik aurrerako. 1839ko maiatzaren 26ko udal aktak dioenaren arabera, herrian mediku bat izateko beharra ikusten dute herritarrek, momentu horretan herrian medikurik ez baitzegoen: “se tomó en consideración la triste situación  de este vecindario  por falta de facultativo  que asista en sus dolencias “.  Aktan zehar herritarrei zerbitzu hau ematea beharrezkoa zela aipatzen da, horretarako “Comandante General de la Provincia”-rekin kontaktuan jarri eta mediku bat bertara izendatzeko eskaera eginaz.

Bi aste nahikoa izan ziren herriko medikua kontratatzeko, Santos Flores jauna, ondorengo baldintzetan:

• Ordainsari modura, hileko 60 erreal emango zitzaizkion.

• Erditzean lagundutako pertsona bakoitzagatik 20 erreal gehiago. Betiere, erditu eta ondorengo 8 egunetan zaintza lanak egiten baditu.

• Pertsona bakoitzaren ahoko zaintzagatik erreal bat eta hagina kentzeagatik beste erreal bat.

• Ohiko bisita bakoitzeko erreal erdi bat gehiago.

Baldintzak eta prezioak ezarri zituzten, baina nola ordaindu? Nondik atera medikuari hileko ordainsaria emateko dirua? Herritar guztien artean ordaintzea erabaki zen udal batzarrean: “Acordaron que contribuya cada persona con medio real mensual contado desde el dia 7 del corriente mes.”

Hiru hilabete beranduago, ziurrenik herritarrek aipaturiko ordainketari aurre egiteko zituzten zailtzasunak zirela medio, bai medikuaren eta baita beste zenbait profesionalen ordainsaria portuan sartzen zen ardo eta pattarraren gaineko zergaren bidez ordaintzeko proposamena aterako da irailaren 2ko udal aktan.

Zer erabaki zen eta aurrerantzean nola moldatu ziren ezin dugu jakin, 1855. urterarte ez baita medikuari buruzko aipamenik egongo udal aktetan.

Xabier Etxeberria

Iturria: http://elhoyodepinares-fondodocumental.blogspot.com/2012/09/un-medico-en-el-hoyo-de-pinares-del_25.html

Indar armatuen eraikinak

2019-04-17
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,


Uztaileko idatzian militarren kuartelaren aipamena egin zen, betiko moduan, udal aktetako informazioa kontuan hartuta. Informazio iturri honen arabera, Getarian XIX. mendean zehar presente egon zen espainiar estatuko indar armatuen eraikina izan zen kuartela. Udal aktek diotenez, eraikin hau botatzeko baimena 1885ko ekainaren 28an eman zitzaion udalari.


XX. mendera salto egin behar da Getarian beste indar armatu baten eraikinari buruzko aipamen bat edo beste aurkitu ahal izateko, Karabineroen postuarena alegia. 1935eko irailaren 7ko udal aktaren arabera, Karabineroen kuartelean telefonoa jartzeko laguntzarik ez ematea erabakitzen baitu udalak. Karabineroen gorputza 1829an sortu eta 1940ean Guardia Zibilaren aginduetara jarri zen segurtasun publikora bideratutako polizia erakundea izan zen. Mugak zaindu eta kontrabandoa eragoztea zen gorputz militar honen misioa, horregatik, dokumentu askotan mugazain modura identifikatuak izaten dira, Getariako udal aktetan gertatu moduan.     


Esan bezala, 1935ekoa da lehen aipamena, baina jakina da herrian lehenagotik zeudela. Serapio Mugicak 1918an argitaratutako “Geografia de Guipúzcoa” liburuak argitzen du:  “La vigilancia municipal está a cargo de dos alguaciles; no hay guardia civil, pero sí puesto de carabineros. al mando de un sargento.” (Mugica 1918, 860 orr.).


Karabineroen gorputza Guardia Zibilean integratzeak, herrian azken honen presentzia nabarmen haztea ekarri zuen. 1940eko urriaren 27ko udal aktan Azpeitiako Guardia Zibilaren eskaera bat jasotzen da, Getarian kuartel baten beharra zutela esanaz eta udalak lokal apropos baten bilaketan ea lagunduko luken galdetuz. Bi urte geroago, 1942ko uztailaren 11an Karabineroena izandako postua Guardia Zibilaren igaro zen ofizialki, nahiz eta 1940az geroztik azken hauen eskuetan zegoela jakina izan.


Xabier
Etxeberria


Bibliografia:

-    MUGICA, Serapio (1918): “Geografía General de País Vasco. Geografía de Guipúzcoa”, Establecimiento Editorial  de Alberto Martín, Barcelona.


Irudiaren iturria: https://www.getaria.eus/sites/default/files/GETARIA_ANVERSO.pdf (moztuta)

Askizuko serora

2019-04-17
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,


Serora. Hitz hau entzutean gehienoi mojak etortzen zaizkigu burura, harritzekoa ez dena, seroren betebeharrak aurrera eramaten zituzten beharginak serora izenez ere ezagunak baitziren Hegoaldean. Iparraldean, gai honi beste trataera bat eman izan zaio egun arte, baina Hegoaldean zentratuko gara lerro hauetan, Getariako bitxikeria bat aztertzea baitugu helburu, Askizuko baselizakoa zehatzagoak izanda. Hitz gutxitan esanda, XIX. mende aurretiko serorek erlijiotasun herrikoiaren erritu eta sinesmenen gordailu lanak egiten zizuten, eraikinen zainketa fisikoa eta espirituala barne. Autonomia ekonomiko osoa zutela ezin da aipatu gabe utzi, batzuek onura askorik atera ezin arren beste batzuek etekin izugarriak ateratzeko gai izan zirelarik.


XVII eta XVIII. mendeetan eman zen aztergai daukagun figura honen desagertze/debekatze prozesua Larrañagaren arabera (Larrañaga 2016). Ordura arte, erakunde publikoen aldetik zeukaten babes eta bultzada desagertuz joan zen, ez solik erakunde erlijosoek baizik eta instituzio zibil nagusiek ere babes instituzional trinkoa eskaini izan baitzioten XVI eta XVII. mendearen hasiera bitartean. 1769. urtean eman zen Hegoaldeko seroren debekua Errege Dekretu baten bidez. Debekuaren ondorengo hamarkadetan ezkutuan ibili omen ziren, zenbait guneetan ezinbesteko bilakatu baitziren urteen poderioz. XIX. mendetik aurrera hauen presentzia berriro ere agertzen joango da publikoki landa eremuetan, baina figura guztiz laikoa bihurtu zela esan daiteke, abitua ahaztuz. Hau argi ikusten da Askizuko San Martin baselizako seroraren 1855eko izendapenean.


1855eko ekainaren 6ko udal aktari so egiten badiogu, María Dominga Guetaría izeneko emakume baten eskaera aurkezten da. Eskaeran bertan, lehen lerroan ikus daiteke nola ordurako seroren lanbidea alor laikora mugatzen zen, “sirvienta” eta serora hitzak baliokide modura erabiltzen baitira. Bertako Erretorearen aginduetara zerbitzari modura lan egiteko eskaera da María Dominga Guetariarena, aurretik serora lanak egiten zituen María Cruz Larrañagaren heriotzaren ondorioz.


Mahastiz inguratutako eraikina denez, bere garaian, eraikina bera zaintzeaz gain mahastien zainketa eta ustiapenean nahikoa lan izango zutela pentsa daiteke.


BIBLIOGRAFIA: Larrañaga, Mikel Martín (2016): Serorak Euskal Herrian: Ikuspegiak, hastapenetatik desagerrarazterarte (Antzinate Berantiarra" XVIII. Mendea) (Doktoretza tesia), EHU.


Xabier
Etxeberria


Irudia: Askizuko San Martín baseliza.

Irudiaren iturria: http://www.euskadi.eus/app/ondarea/eraikita-ondarea/askizuko-san-martin-baseliza/eliza-/getaria/-askizu-auzoa/fichaconsulta/32928


Tren geltokia izan genuenekoa

2018-10-03
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,

Zuetako zenbatek pentsa ote duzue: gure herrian tren geltokia izango bagenu? Egun, ondoko bi herrietara begiratuz gero, hobe komunikatuta daudela esan daiteke inongo beldurrik gabe. Getaria, Zarautz eta Zumaiaren arteko alderaketa eginda, hiruek dauzkate antzeko aukerak itsas-garraioari dagokionez, baina lurreko garraioan kontua aldatu egiten da. Bai, autobusez komunikatuta daude hiruak, errepidez aukera hori baitago, baina trenbideak ematen dituen abantailetatik at geratzen da Getariako herria.


“Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián” izan zen kostako trenbidea eraikitzeko erabakia hartu zuen enpresa, XIX. mende amaieran. Elgoibarretik Donostiarako linea honetan bai Zarautzetik eta baita Zumaiatik ere igarotzen zen trenbidea, Getaria alde batera utziz. Ezin da aipatu gabe utzi linea hau gaur egun Euskotrenek erabiltzen duenaren oso antzekoa dela. Esandakoaren ondorioz ez dauka gure herriak tren geltokirik, nahiz eta linea ireki zen momentuan, itxura egiteko izan bazen ere, geltoki batean Getariaren izena sartu zuen gorago aipatu dugun enpresak, “Guetaria-Oiquina”. Udal akten arabera, enpresaren erabakia ez zen gustagarria izan Getariako Udalarentzat eta geltokiari izena aldatzeko eskaera egin zuen.


1901eko ekainaren 30eko udal aktan argitzen da nola aipaturiko enpresak “Guetaria-Oiquina” izeneko geltoki bat jarri zuen, bilkuran zeudenek diotenaren arabera, geltokitik “sin ninguna clase de camino que pueda conducir al casco de esta villa ni a ningún caserío de ella, resulta que con tal estación se lleva a engaño a la personas de Bilbao, San Sebastián, . . .”. Hau dela eta, 1901eko urriaren 26ko udal aktak dio idatzi bat bidali zitzaiola tren konpainiaren lehendakariari egoera azalduz, eta 1901eko abenduaren 15eko udal aktan Getariako Udalaren agindua zein izan zen argitzen da: ken dezatela herriaren izena geltokiko errotulutik!


Hau ikusita, pentsa daiteke Getaria inkomunikatua geratu zela, baina arazo honen aurrean, Zarautzeko geltokira bideratuta kotxe-zerbitzua ezarri zela jakinarazten digu 1902ko urtarrilaren 4ko udal aktak.


Errealitate honen aurrean, denbora gutxiz izan bazen ere, Getariak tren geltokia izan zuela harro esan genezake, nahiz eta askorako ez balio.

Irudia: 1948ko Elgoibar eta Donostiaren arteko trenbidea.  Bertan, “Oiquina” izenarekin agertzen da 50 urte lehenago “Guetaria-Oiquina” geltokia zena.

Iturria: http://ferropedia.es/wiki/Compa%C3%B1%C3%ADa_del_Ferrocarril_de_Elgoibar_a_San_Sebasti%C3%A1n.


Xabier Etxeberria

Benefizentzia etxea

2018-10-03
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,

Orain dela zenbait hilabete aseguru sozialen gaiaren inguruko zenbait zehaztapen eman genituen atal honetan. Bertan aipatu moduan, XIX. mende amaieratik  gai sozialei buruzko legeak ugaritzen joan arren, benetako aurrerapausoak ez ziren XX. mendean sartu arte emango. Baina aseguru sozial hauen ezarpena orokortu baino lehen, zein zen gizarteak babes soziala eskaintzeko zeukan bidea? Nola laguntzen zitzaien sozialki marjinatutako pertsonei?


Sozialki baztertutako taldeei eskainitako babes forma ezberdinak eman izan dira historian zehar. Orokorrean, babes sozialak hartutako forma nagusiak bost direla esan daiteke:

1.Karitatea

2.Benefizentzia

3.Aseguru Soziala

4.Asistentzia Sozial Publikoa

5.Ongizate Soziala


Lerro hauen bidez, Aseguru Sozialen aurreko formaren inguruko zenbait datu emateko asmotan gatoz. Benefizentzia modura ezagutzen duguna Aro Berrian zehar hasi zen gorpuzten. Baztertutakoei bideratutako babes forma hau, karitatearekin alderatuta, ez da elizaren edota partikularren aldetiko baliabide ekonomikoen bidez hornituko, oraingo honetan, udalak pasako dira protagonista nagusi izatera Junta de Beneficencia izenekoen bidez. Benefizentziak, ekintza modura ulertuta, bi alde edo helburu zituela esan daiteke: alde batetik, txiro eta eskalen kopurua txikitzea, eta bestetik, laguntza sozial publikoaren bidez baztertutako jendearen beharrak asetzea, laguntza pribatuak murriztuz.  Espainia mailan, benefizentzia nahiko berandu barneratu zen, gainerako europar herrialdeekin alderatuta betiere, ez baitzen 1849. urterarte Ley General de Beneficencia delakoa plazaratu. Hemendik aurrera, herri bakoitzeko Junta de Beneficencia delakoa bere herriko bizilagun baztertuek beste edozein herritan sortutako gastuak ordaintzera behartuta zegoen.


Getariaren kasuan, eta normalean informazio iturri nagusi ditugun Udal Akten arabera, 1851ko urriaren 5eko aktan agertzen da aipaturiko gastuen ordainketaren lehen arazoa. Dirudienez, Donostiako juntak benefizentziara bideratutako eraikinetan getariar bat edo beste omen zegoen, eta legean oinarrituta, hauen kostuak Getariako udala ordaintzera behartuta zegoen. Donostiatik Getariara iritsitako komunikazio horrekin ez zeuden ados getariar agintariak, euren arabera inongo gasturik ordaindu beharrik ez zeukaten bertakoak ziren txiroak ez baitziren exititzen Donostian: “considerando que no hay ningún pobre de esta jurisdicción en el establecimiento de San Sebastián”.


Hau ikusita, galdera bat etor dakiguke burura: benetan ez zegoen getariarra zen txiro edo eskalerik Donostian edo Getariako udala ez zen hauen kargu egin nahi?


Xabier Mendizabal


Irudia: Donostiako Erruki Etxea, 1878.

Iturria: Auñamendi Eusko Entziklopedia

Arrainak trenbidean

2018-10-03
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,

Maiatzeko idatzian aipatu zen Getariak  eta Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián enpresak izandako lehen kontaktua. Bertan esandakoaren arabera, Getaria-Oiquina izeneko geltokia egon omen zen duela mende bat, baina dirudienez, Getariako Udalari ez zion poztasun berezik eragin honek, kontrakoa baizik, herriaren izendun geltokiari erreferentzia egiten zioten errotulu guztiak kentzeko agindua eman baitzuen.


Udalaren eta enpresaren arteko erlazioak ez ziren kontu horrekin itxi. Lehenengo kontaktuan eskaera kentzekoa izan bazen, bigarrenean jasotzeko eskaera izan zen. Bigarren eskaera ulertzeko, garai hartan Getariaren diru-iturri nagusia zen sektorera joan beharko da. Arrantza eta Getaria estu lotuta joan diren bi hitz izan dira historikoki, eta nahiz eta maila apalago batean izan, baita gaur egun ere. Arrantza eta jarduera honek sorturiko industria jarduerek ahalbidetu izan dute Getariaren bilakaera. Zentzu horretan, sektore honek historian zehar izandako hazkunde nabarmenena azpimarratu behar izanez gero, XX. mende hasieratik aurrera izandakoa aipatzea ezinbestekoa da. Sektorearen faktore endogenoen garrantziaz gain, zenbait kanpo faktoreek ere garrantzia izugarria izan zuten, eta nola ez, horien artean egon zen trenbidearen sorrera, honek zekartzan abantaila eta erraztasun guztiekin. Getariako Udala honen jakitun izan zen lehen momentutik.


Argi dago Getariako Udala kontziente zela geltoki bat izatearen ezintasunaz. Era berean, oso kontziente izan zen trenbidea gertu izateak zekartzan abantailez. Trenbide linea berria ireki zen momentuan arrantzatutakoa saltzeko merkatua merketu eta zabaldu egin zen. 1902. urterako eraikita zegoen linearekin, gauean Getariako uretan arrantzatutakoa goizean goiz Bilbo hirian saltzeko aukera zegoen. Aukera hori galdu ezin zela oso argi zeukan Getariako Udalak. Esandakoaren erakusgarri dugu 1902ko maiatzaren 17ko udal akta. Bertan goizeko lehen orduan Zarautzeko geltokitik Bilbo aldera trena antolatzeko eskaera bideratzeko beharra aipatzen da, betiere, Zarautz eta Zumaiako herriekin batera presioa eginaz. 1902eko uztailaren 17rako inguruko herriekin elkartu eta denek batera eskaera bideratzeko erabakia hartzen dela aipatzen da.


Geltokia izateko pribilegioa ez izan arren, trenbidearen gertutasunak onura ekonomiko handia ekarri zion Getariari.


Xabier Etxeberria


Irudiaren iturria: https://www.getaria.eus/es/content/pesca-y-pescadores


Militarren pilotak

2018-05-25
Kategoriak: Artxiboak, Getaria,

Militarrei pilotak nola ikutu asmatu zuten getariarrek. Hobe esanda, militarrei piloten bidez etxea nola txikitu asmatu zutela esan daiteke, oso era burutsuan gainera. Nola egin zuten azaltzeko pare bat argitzapen beharrezkoak dira, militarrengana pilotak nola iristen ziren ulertze aldera.

    

Ezer esan aurretik, 1852. urteko abendura egingo dugu salto, Isabel II.aren erregealdira alegia. Udal aktek diotenaren arabera, Getarian militarren kuartela herriko plazaren ondoan kokatzen zen, eta non jolasten zuten getariar pilotari trebeek Euskal Herrian horren maitatu eta jarraitua den kirolera? Herriko plazan, noski. 1852ko abenduaren 19ko udal aktak honela dio: “Los oficios relativos del señor Comandante Militar de esta villa (...) relativos a los daños que experimenta el tejado del cuartel cuando se caen las pelotas (...) desde tiempo inmemorial se juega a la pelota en la plaza, y hace quince años que el cuartel para la tropa se halla situado pegado al muro de la misma plaza”.


Hiru udal aktetan jorratzen da kuartelean pilotek eragiten dituzten kalteen inguruko gaia: 1852ko abenduaren  5ekoan, 1852ko abenduaren 19koan eta 1853ko urtarrilaren 1ekoan. Gertakari hauen inguruan egin daitezkeen irakurketak oso ezberdinak izan daitezkeen arren, badago ulertzen zaila egiten den kontu bat, getariar pilotarien trebeziarena alegia. Zaila egiten da ulertzen nola ia begiak itxita jolastu zezaketen gazteek, nahi gabe, pilotak kuartelera bidaltzen zituzten, eraikuntzan izugarrizko kalteak eraginez.

 

Azken hilabete hauetan puri-purian dagoen Altsasuko gazteen auziak euskal gazteen eta estatuko indar polizialen arteko tentsio erlazioak jarri ditu berriro ere mahai gainean. Tentsio hauen existentzia ukaezina da, baina noiztik bizi izan diren jakitea ezinezkoa. Hau kontuan izanda, ez litzateke zentzugabekeria izango, agian, pilota hauek kuartelera bideratzea kasualitatea ez izatea. Egoera eta kontestuari erreparatuz gero, pilota jokoa kuartelean kalteak eragiteko asmoak estaltzeko era ezinhobea izan zitekeen.


Lerro hauetan argi utzi nahi da hemen egiten dena gertakarien irakurketa sinple bat besterik ez dela, momentuko errealitateaz informazio gehiagorik ez baitago.


Xabier Etxeberria Lasa


Irudiaren iturria: https://www.getaria.eus/es/content/%C3%A1lbum-de-fotos-de-getaria