Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Getaria

XIX. mendean Getaria eta Donostiaren arteko komunikazioa hobetzeko saiakera

2016-07-20
Categorías: Archivos, Getaria,

Bideak: lurrean edo uretan puntu bat beste batekin lotzeko irudikatutako lerroak. Pertsonak ez ezik, produktuak eta ideiak eremu batetik bestera bidaiatzea ahalbidetzen duten elementu estrategikoak dira. Historikoki interes desberdinak asetzeko sortuak. Zainduak eta zelatatuak; beharren arabera itxi edo zabalduak.

Bideak eta komunikabideak herrien eta herrialdeen bilakaera eta garapena baldintzatu duten faktore garrantzitsuak izan dira, baita izaten jarraitu ere. Beharrezkoak dira merkataritza eta giza harremanetarako. Pentsa daitekeen bezala, merkantzia desberdinak garraiatzeaz gain, bideak pertsonak alde batetik bestera mugitzeko balio izan dute eta, haiekin batera, ideiak eta kultur eraginak zabaltzeko. Interes politiko eta militarretan ere funtzeskoak dira komunikabideak.

Ondo komunikatuta egoteak, herri edo eskualde baten aurrerapena ekar dezake. Komunikazio ezak, berriz, isolamendu gordina. Getariarrek ondo dakizue zer den erdi isolatuta geratzea. Kostaldeko errepidea ixten duten bakoitzean nahiko egoera desatsegina pairatzea egokitzen zaizue. Batek baino gehiagok, halakoetan, Getariatik Donostiarako edo Zumaiarako bidea errepidez egin baino, itsasontziz egitea azkarragoa dela pentsatu izan du ziurrenik. Horixe bera pentsatu zuten Getariarrek 1839an.

Herriak dituen berezitasun orografikoek itsas komunikaziorako egoki bihurtzen dute; lurreko komunikazioak ordea, beste kontu bat dira. Kostako errepidea eraiki baino lehen, Garate mendiko bidea erabili behar izaten zuten inguruko herriekin eta hiriburuarekin lurrez komunikatzeko. Hau horrela, Getariarrek ez zuten lurreko komunikazio erraza... itsasoz alde batetik bestera ibiltzea azkarragoa eta egokiagoa gertatuko zen ziurrenik.

1839ko uztailaren 22ko aktak aditzera ematen duenez, Getaria Donostiarekin komunikatzeko itsasontzi zerbitzu bat ezartzeko proposamena egin zuen Udalbatzak. Gobernadoreari Getaria hiriburuarekin lotzeko txalupa bat eskatu zitzaion, komunikazioa erraztu eta maiztasuna erregulatzeko helburuarekin. Eskaera bideratu zen eta Donostiako portu agintaritzarekin harremak hasi ziren, baina artxiboko dokumentuek ez dute datu gehiago eskaintzen. Beraz, artxiboa bakarrik kontsultatuz, ezin jakin azkenean zerbitzu hori martxan jartzea lortu zen edo ez. Agian, zuetariko norbaitek arbasoengandik izango zuen honen berri...


Oihana Artetxe


II. Errepublikaren Aldarria Getarian

2016-05-12
Categorías: Archivos, Getaria,

1931ko apirilaren 14ean II. Errepublika aldarrikatu zen Espainian. Apirilaren 12an egindako hauteskundetan eskatutako aldaketa politikoa izan zen hura; Alfontso XIII. boteretik kendu eta monarkiarik gabeko gobernu baten hasiera ekarri zuena. Baina nola bizi izan zen aldaketa hau Getarian? Zer gertatu zen herrian hauteskunde horietan?

Gobernu aldaketa ekarri zuten hauteskundeak apirilaren 12an izan ziren arren, hilabete horretako 18. egunean aurreko udalbatzak jarraitzen zuen Getarian. Udal-akta liburutan irakur daitekeenez, udalbatza berria osatzeko arazoak izan zituzten. Udal gobernu berria osatu behar zuten zinegotziak hautatzeko garaian, bi hautetsien arteko boto berdinketa gertatu zen; Isidoro Txueka eta Primitivo Urbietaren artean hain zuzen ere.

Apirilaren 18an, Gobernadore Zibilaren agindua jaso ondoren, aurreko udalbatzako kideak eta hauteskundetan hautatutako zinegotzi berriak, udalbatza berria osatzeko bildu ziren. Lehenengo zeregina, ordea, Isidoro eta Primitivoren arteko boto berdinketa konpontzea izan zen. Tartean inolako interes pertsonalik egon ez zedin, zozketa bidez apurtu zuten berdinketa. Danbor batean 1 eta 2 zenbakia zuten bolatxo bana sartu zituzten eta beste danbor batean bi hautagaien izena zeramaten beste bolatxo bana. 1 zenbakia zuen bolatxoarekin batera ateratzen zen izena behin betiko zinegotzi bilakatuko zen. Egun hartan, 1 zenbakia Primitivori egokitu zitzaion.

Boto berdinketa atzean utzita, aurreko udalbatza osatzen zuten zinegotziek aretoa utzi eta zinegotzi berrien kargu-hartzea egin zen. Alkatea, lehen eta bigarren alkateordeak eta sindikoa hautatzeko bozketa egin ondoren, horrela geratu zen Getariako udalbatza errepublikanoa:

  • Alkatea: Antonio Alegria Lasa

  • Lehen alkateordea: Fructuoso Arregi Leizaola

  • Bigarren alkateordea: Cecilio Idiakez Indo

  • Sindikoa: Sebastian Iribar Ulazia

  • 1. Zinegotzia: Genaro Basterretxea Santa Maria

  • 2. Zinegotzia: Jose Isasti Azpeitia

  • 3. Zinegotzia: Julian Ulazia Unanue

  • 4. Zinegotzia: Julian Larrañaga Aranburu

  • 5. Zinegotzia: Primitivo Urbieta Embil

Errepublikaren aldarriarekin batera, Autonomia Estatutuaren aldeko mugimenduak hasiak ziren Euskal Herrian. Mugimendu horiekin bat egin nahian, Getariako alkate berriak, II. Errepublikako behin behineko gobernuari Euskal Errepublika konfederatua onartzeko eskaera egitea proposatu zuen. Gainontzeko batzarkideen oniritzia bilatzen zuen proposamena izan zen, baina Espainiako Errepublika babesteko unea zela iritzi zuen udalbatza berriaren gehiengoak momentu hartan.

Oihana Artetxe


Arrainentzako Saskien Enkantea

2016-04-06
Categorías: Archivos, Getaria,

Lehenengo Karlistaldiak Getariako egunerokotasuna eten zuen. Herriko ohiko dinamika geldiarazi zuen, dinamika berri batzuei bidea zabalduz. Gerrak aldaketak ekarri zituen; batzuetan aurreko bizimoduarekin eta ohiturekin erlazionatuak zeudenak. Gerra osteko urteetan egindako zenbait aldaketek, ordea, ez zuten harrera ona izan biztanleen artean. Aldaketa txiki batek izan dezakeen eragin handiaren adibide bat izango dugu gaurkoan hizpide.

Getarian portuak eta arrantzak garrantzia handia izan dute. Itsasontziek arrantzatutako arraina portuan deskargatzen zuten, salmentarako saskietan antolatuz. Getarian, Gipuzkoako gainontzeko portuetan bezala, ohikoa zen Udalak saski hauen ekoizpena urtero enkantean ateratzea. Hau horrela, eskaintza honena egiten zuen saskigilearen ardura zen portuko saski eskariari erantzuna ematea.

Itsasontziek ekartzen zuten arraina merkaturatzeko eta garraiatzeko ezinbestekoak ziren saskiak. Berebiziko garrantzia zuen itsasontzia lehorreratzen zenean portuan behar adina saski prest egotea. 1848ko Azaroaren 10eko Udalbatzarreko aktak jakinarazten duenez ordea, saski enkantearen ohitura gerraren ondorengo urteetan eten zela dirudi. 1846, 1847 eta 1848 urteetan Udalak ez zuen zerbitzu hau enkantean atera, salmenta librea sustatzen zuten lege berrien eraginez.

Saskigileen arteko konpetentzia medio, hasiera batean, salmenta libreak saski ekoizpenean onurak ekar zitzazkeela pentsatu zen: saskien kalitatea hobetzea, prezioen merketzea, beharrezko saski produkzioa bermatzea... Gauzak, baina, ez ziren horrela izan. Salmenta libreak ekarri behar zituen onurak ez ziren Getariako saski produkziora iritsi. Etziren pozik ez arrantzale eta ez mandazain. Salmenta libreak ez zituen prezioak merketu, ez zuen saskien kalitatea hobetu eta, okerrena zena, ez zuen portuko saski eskaera asetzea bermatzen.

Portuan eta arrantzan oinarritutako ekonomia zuen herri batentzat egoera hori jasangaitza zen. Horretaz jakitun, Getariako Alkateak ohiko saski enkantera bueltatzeko baimen eskaera luzatu zion Gipuzkoako Agintari Nagusiari. Erantzuna baikorra izan zen, beti ere, Getariako Udalbatzarrak erabakiari babes osoa ematen bazion. Inolako zalantzarik gabe eman zioten baietzkoa Getariarrek eta 1849an portuko beharrak asetuko zituen saski produkzioa enkantera ateratzen hasi ziren berriro. Ohitura zaharrera bueltatu ziren eta horrela jarraitu zuten 1856 urtera arte.


Oihana Artetxe


Irudia: Imanol Urkizu (Artzape aldizkarian argitaratua)

Merkatu Plaza eta Eskola berriak

2016-03-04
Categorías: Archivos, Getaria,

Negua iritsi dela ematen du. Aurtengoan kostatu zaio, baina azkenean iritsi dira euria, haizea eta hotza. Barru giro egiten du. Liburu bat dugula sofan edo butakan eseritzeko plana egokia izaten da horrelakoetan.

Getariak badu liburu interesgarriz beteriko liburutegia. Etxean gustuko ezer topatzen ez duenak, bertara gerturatu eta izenburuen artean kuxkuxean ibiltzeko aukera paregabea du. Guk ordea, gaurkoan, liburutegian sakondu beharrean, liburutegia bere baitan hartzen duen eraikinari erreparatu diogu.

Getariako sarreran aurkitzen den eraikin honek, Udaletxearekin eta Elkanoren monumentuarekin batera, alde zaharrera gerturatzen den orori ongi etorria ematen dio. Itxura bitxia aurkezten du, herriak duen orografiara eta kale diseinura egokituz. Hasiera batean, orube horretan kokatu zena herriko merkatu plaza izan zen. Denborarekin ordea, herriko umeei eskolak emateko gune egokiago baten bila, merkatu plazaren gainean bi ikasgela jasoko zituen eraikin bat egitea erabaki zen.

Marcelo Guibert arkitektoari eskatu zitzaion eraikin berriaren proposamena eta planoak garatzea. Arkitekto hau garaiko arkitekturaren adar klasikoenean kokatzen da. Bere eraikinak erregionalismoak bustita daudela esan daiteke, Euskal Herriko arkitektura klasikoaren elementuz josiak. Getariako Udaletxe berria bere beste lanetako bat da. Zarautzen Guadalupe etxea eta Villa Maddalen diseinatu zituen. Baina bere lanak ez dira Gipuzkoara mugatzen, izan ere, Iruñean Redón abizena zuen beste arkitekto batekin “Guibert-Redón” estudioa muntatu zuen. Hori horrela, Nafarroako hiriburuan zenbait proiektu gauzatu zituen.

Getariako eskola berrietarako aurkeztu zuen egitasmoa 1920ko otsailaren 1eko udalbatzarrean aztertu eta onartu zen. Hala ere, dokumentazioak aditzera ematen duenez, eraikitze lanak denboran luzatu ziren. Getariako artxiboan egitasmo honen inguruko espedientea jasotzen da. Bertan gordetzen dira, baita ere, Guibert arkitektoak eginiko planoak. Hauek aztertzen baditugu, eskolek bertan izan zuten tokia ikus dezakegu.

Oihana Artetxe

1866ko Urtarrilaren 9ko ezbeharra

2016-01-29
Categorías: Archivos, Getaria,

Itsasoak behin baino gehiagotan eraman izan ditu bere altzora itsasotik bizi diren familietako kideak. Ez du inolako gupidarik agertzen haserretzen denean. Onenean pertsona bakarra eramaten du eta okerrenean tripulazio osoak. Azken hau izan zen 1866ko urtarrilaren 9an Getariako herriak jasan zuen ezbeharra.

150 urte bete dira aurten, Donostiako badiatik gertu bisigu arrantzan ari ziren Getariako San Jose eta Dolores ontziak (1) hondoratu zirenetik.  Gertakari honek herrian izango zuen eraginaz konturaturik, hilabete honetako idatziak gai hori izan behar zuela hizpide erabaki genuen. Gertakari tamalgarri honen aipamenak udal artxiboan topatuko genituelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Garai horretako agiririk ez da jasotzen bertan eta honek gure bilaketa beste artxibo eta informazio iturrietara zabaltzera behartu gaitu.

Egun hartan itsasoa lasai esnatu zen egunsentian eta Bizkaia eta Gipuzkoako portuetako arrantzaleak bisigu arrantzara atera ziren. Beren lanetan ari zirela, eguraldiak okerrera egingo zuela ikusi eta gertuen zuten portura iristeko saiakeran hasi ziren; Pasaiako, Donostiako eta Mutrikuko portuetara. Mutriku helburu zutenak enbatak harrapatu baino lehen iristea lortu zuten, besteak ez ordea. Pasaiako eta Donostiako portua helburu zuten Getariarrek olatu bortitzen eta haizearen kontra borroka sutsua izan zuten, baina tripulazioaren trebezia ez zen nahikoa izan. Ontzietako bat Pasaiako badian sartzeko saiakeran hondoratu zela aipatzen da. Bigarren ontziak berriz Donostiako portua zuen jomuga, baina bertara iritsi baino lehen arrantzaleek uretan ikusi zuten beren burua. Portuan badiara begira zegoen Jose Maria Zubia “Aita Mari” zumaiarrak ezbeharra bere begiekin ikusi zuen. Laguntzeko prest bere itsasontzia eta tripulazioa hartu eta bizia salbatu nahirik zebiltzan arrantzaleak erreskatatzera atera zen. Sorospen lanetara ateratako ontziak ere ezbeharra izan zuen ordea… Gipuzkoako kostaldea bortizki eraso zuen enbata honek, San Jose eta Dolores ontzietako tripulazio osoa eta “Aita Mari” patroi zumaiarra eraman zituen itsasoaren hondora.

Getariako 38 arrantzale hil ziren eta ezbeharrak 133 pertsonengan izan zuen eragina; denak hildako arrantzaleen familiako kideak. Gainera, horietariko 59 umezurtz geratu omen ziren (2). Gipuzkoako zenbait artxiboetan gordetako agiriek gertakari tamalgarri honen ondorengo elkartasuna erakusten dute. Horrelako ezbeharrak suertatzen zirenean diru-bilketarako deialdia egiten zen Probintzian. Ohitura hau itsas ezbeharren ondorioz egoera penagarrian geratzen ziren familiei laguntzeko sorospen neurria zela esan daiteke. Ekarpen bolondresak izanik, batez ere itsasora begira bizi ziren herrien arteko elkartasuna pizten zela adierazten dute artxiboetan gordetako agiriek. Izan ere, familia horien egoera lazgarriaren benetako jakitunak ziren hauek.


Oihana Artetxe

(1) Aita Mariren zenbait biografiek 1866ko urtarrilaren 9an hondoratu ziren Getariako bi ontziak Manuel Aranberrik zuzentzen zuen Elkano 1 eta Jose Maria Sorreluzek zuzentzen zuen Elkano 2 izan zirela jasotzen dute. Pasaiako udal-aktetan topaturiko datuek San Jose eta Dolores izeneko itsasontziak izan zirela zehazten dute argi eta garbi.
(2) Pasaiako Udal Artxiboa. 1866ko Urtarrilak 28ko udal-aktan jasotako datuak.

Irudia: Euskomedia

Kanpandorreko erlojua eta Yereguitarrak

2016-01-07
Categorías: Archivos, Getaria,

Urtea bukatzen ari da... 2015a agurtu eta 2016ari ongietorria emateko momentua hurbiltzen doa... Getariarrek Salbatore Deuna elizako erlojuari so egongo dira hilabeteko azken eguneko gaueko hamabiak noiz iritsiko zain, urteko azken hamabi kanpai-hotsak aditzeko irrikitan.

Erlojuak denbora neurtzeko tramankuluak dira. Historian zehar gizakia elementu desberdinez baliatu izan da denbora neurtzeko edota momentuko ordua jakiteko. Lehen denbora neurgailuak egipziarrek sortu zituztela esaten da. Beraiek asmatu zituzten erabilera luzea izango zuen eguzki erlojua eta urarekin funtzionatzen “clepsidra” izeneko denbora neurgailua. Eguzki erlojua egunez eta ur erlojua gauez erabiltzen omen zituzten. Erdi Aroan berriz, printzipio mekanikoekin sortutako erlojuak agertu ziren eta honekin batera kanpandorretako lehen erlojuak.

Herriko erlojua elizako dorrean kokatzea zen ohikoena, gehien bat kanpaiak bertan zeudelako. Kontuan izan behar da, hasierako erlojuek ez zutela ordua adierazteko esferarik, kanpaihotsek ematen zuten horren berri. Luzaroan, kanpandorreko erlojua izan zen herriko erloju bakarra. Bizilagunentzat baliagarria zen elementua izaki, Udalarena izan zen erlojua egiteko erabakia; Udalak erosi zuen erlojua eta bere gain hartu egoki mantentzearen ardura.

Getariako artxiboko dokumentazioa kontsultatu ondoren, ezezaguna zaigu Salbatore Deuna elizako kanpandorreko erloju aitzindaria noizkoa den jakitea. Ezezaguna zaigu, baita ere, erloju horren egilea. Herriko erlojuari buruzko aipamen zaharrena 1844ko udal-akta batean jasotzen da. Erloju publikoa matxuratuta dagoela eta konpontzeko eskaera Arrasateko Sugasti erlojugileari luzatzea adosten da bertan. Erlojua berriro matxuratu zen 1903an eta oraingoan Agiñako (Usurbil) erlojugile zen Benito Yereguiri eskatu zitzaion erlojuaren baloraketa eta konponketa. Honek, erlojua konpontzeaz gain, momentuan erlojugintzan ematen ari ziren hobekuntzak kontuan hartuta, kanpandorrean esfera berriak jarri eta erlojua hauei egokitzeko moldatze-lanak egin zituen. 1907an erlojuaren makina babesten zuen kaxa jarri eta zenbait konponketa egin zitzaizkion berriz, baina oraingo honetan Benitoren semeak izan zuen lan honen ardura 240,50 pezeten truke. 1916an ere Yereguitarrak izan ziren matxuratutako erlojua konpontzeaz arduratu zirenak Yeregui y Compañía izenpean. Baina nor ziren Yereguitarrak?

Yereguitarrak Betelutik (Nafarroa) etorritako erlojugile familia garrantzitsua izan ziren. Jose Francisco Yeregui Zabaleta (1760-1834) izan zen erlojugintzan hasi zena eta erlojugintzari lotutako ondorengo belaunaldien aitzindaria. Nafarroan zenbait dorreko erloju egin zituzten eta ondoren familiako adar bat Agiñara (Usurbil) etorri zen bizitzera: Getariako erlojua konpondu zuten Benito Yereguik (1843-1912) eta bere anaia Serapiok. Erlojugile emankorra izan zen Benito. Gutxienez 80 erloju egin zituela esan digu bere birbiloba eta Yeregui Elkarteko kide den Xabier Alvarezek. Hau horrela, Gipuzkoako eliza ugarik dute beren kanpandorrean Yereguitarrek egindako erlojuren bat. XX. mendearen hasieran Benito Zumaiara lekualdatu zen bere familiarekin batera eta Benito Yeregui e hijos izenpean erlojugintzan jarraitu zuen. Ondoren, Calixtok (Benitoren seme zaharrenak) eta honen koinatu Angel Galardik Getariako erlojua konpondu zuten 1916an, eta Espainian motorgintzan aitzindari izan zen Yeregui y Compañía sortu zuten.

Oihana Artetxe

Informazioa galtzen denean…

2015-12-13
Categorías: Archivos, Getaria,

Argazkiak, dokumentuak, liburuak, CDak, diska gogorrak, web orriak eta abar, guztiek datuak gorde eta eskaintzen dituzte. Momentu berezi baten isla, eraikin baten planoa, udaletxeko aktak, frentean borrokatu zuen gudari batek bere maitaleari bidalitako eskutitza, Erdi Aroko eskuizkribuak, unibertsitateko notak, partitura bat, talde baten diskoa… lehenagokoak edo geroagokoak, formatu batean edo bestean, baina guztiak informazio iturri.

Ikuspegi historiko batetik begiratzen badugu iragana argitzen eta berreraikitzen laguntzen duen informazioa jaso dezakete. Egunerokotasunera ekartzen badugu, berriz, egiten ditugun gestioetan lagungarri edo gure oroimenen gordailu izan daitezke. Guztiak informazio iturri, guztiak zergati batengatik gordeak eta guztiak baliotsuak… ongi daki hori sute edo uholde batean guztia galdu duenak, edota ordenagailua bapatean izorratu eta disko gogorrean gordea zuena  errekuperatu ezin izan duenak. Orduan konturatzen gara zein garrantzitsua den interesatzen zaizkigun kontuak ondo eta modu egokian gordetzea, artxibatzea… Izan ere, guztia galdu duena hutsetik hastera behartuta aurkitzen da.

Eta galdutako informazioa herri batek bere historian zehar gordetako dokumentuak balira? Zer egin galtzen dena herriaren informazioa eta memoria denean?

Lehen Karlistaldiaren ondorioz, Getariak galdera horiei erantzuna eman beharrean aurkitu zen. Herria guztiz suntsituta geratu zen eta horrekin batera herriko artxiboa erre zen. Bertan gordetzen zen informazio historikoa galtzeaz gain, udalaren eta herriaren kudeaketarako beharrezkoa zen informazioa galdu zen. Izan ere, artxibo batek dokumentazio historikoa baino gehiago gordetzen du.

Getaria artxiborik gabe aurkitu zen. 1838ko azaroaren 23an ospatutako udalbatzak argi islatzen du galera honek sortutako egoera. Udal karguak etsita, zer egin eta zer pauso eman ez dakitela. Herriaren iragana guztiz ilunduta eta orainari itsu-itsuan aurre egin beharrean. Artxiboko dokumentuak, kontu liburuak, hipoteka liburuak… denak suak irentsiak. Ardura gehien bizilagunen ondasunen gaineko dokumentazioarengatik erakusten da “cuya falta, irremediable, no podía menos de hacer sentir sus funestas consecuencias a la riqueza territorial y vecinos propietarios, cuyos bienes radican en esta jurisdicción”.

Getariarrak berriro hutsetik hasi behar izan zuten. Herriaren kudeaketa egokirako dokumentuen garrantziaz ohartuta bizkor jarri ziren lanean. “Que semejante estado de orfandad exige que se establezca una base sobre la que se funde una regla que aunque no remedie el mal ya consumado, evite o minore a lo menos sus efectos.” Lehenik udal akten liburua hasi ziren osatzen (liburu horrek eman digu orrialde hau idazteko informazioa) eta ondoren hipoteka liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin. Hemen hasi zen osatzen berriro Udal Artxiboa. Gaur bertan gordetzen den informazioa ondorengo mendeetan egindako lanaren isla da. Getariak bere memoriaren zati bat berreskuratzeko aukera du 1838tik aurrera sortu, gorde eta artxibatutako dokumentuei esker.

Oihana Artetxe

 

Ipuin kontaketa Getariako liburutegian

2015-11-19
Categorías: Bibliotecas, Getaria,

Ostiral honetan, azaroak 20, ipuin kontaketa izango dugu Getariako liburutegian Aingeru Aramendiren eskutik. Bost  eta erdietan hasiko da saioa eta lau urtetik gorako haurrei zuzendua izango da.

Aingeru Aramendi (Getaria, 1977)  irakaslea da Zarauzko eskolan. Laugarren nahiz seigarren mailako haurrekin dabil normalean, baina azken boladan atzerritik etorritako ikasleekin dabil lanean.

Irakasle gisa oso gustura dabilen arren, Aingeruk antzezpenaren mundua maite du betidanik.  Clown izatea gustatzen zaio gehien eta Bilboko talde batekin ibilia da hospitaletan poza eragiten. Gaur egun, denbora ezagatik, gutxiago dabil zeregin horretan.

Ipuinak kontatzeari dagokionez, Kamishibai teknika du gogokoen, nahiz eta askotariko ipuin kontaketak prestatu.

Iaz hasi zen Getariako liburutegian  ipuin kontaketak egiten eta orain ere, prest daukagu etxeko txikienei ipuinak modu dibertigarrienean eta erakargarrienean kontatzeko, etorkizuneko irakurle bihur daitezen.

Getariako Liburutegia

Ez dadila arrain gazitudun kupelik herrigunean egon!

2015-11-03
Categorías: Archivos, Getaria,

Getariak izan duen industria garrantzitsuena arrain kontserba izan da. Herri arrantzalea izanik, arraina kontserbatzeko teknikak aspaldidanik ezagutu eta erabili izan dira. XVI. eta XVII. mendeetan arrain gaziketa eta eskabetxea ekoizten zuten lantegiak baziren jadanik.

Hasiera batean, teknika hauek, norberaren kontsumora zuzendutako arraina kontsarbatzeko erabiltzen ziren. Hauek, ordea, laster eman zuten salmentarako produktuak ekoizterako pausoa. Etxeetan ekoizten ziren produktuak izatetik, produkzio industrialerako saltoa eman zuten; batez ere XIX. mende amaierako teknologia berrikuntzei esker. Arrantza eta arrain kontserba Getariako diru iturri nagusiak izan dira luzaroan.

Arrain gazitua eta eskabetxea ekoizteko lantegiak etxe azpietan kokatu ziren Getarian. Herriko kaleetan ohikoa zen arrain gazituaren kontserba prozesua ikustea. Produktua herrigunean ekoiztu eta produktua herrigunean biltzen zen. Horrela izan zen 1919ra arte. Urte horretan, Probintziako Osasun-diputatuak arrain gazitua ekoizten zuten industriei produktua herrigunean gordetzea debekatu zien. Imaginatu dezakezue agindu honek herrian sortu zuen ustekabea, are eta gehiago arrain gazituaren produkzioa herriguneko etxe azpitan egiten zela kontutan izanik. Ziurrenik osasun kontuengatik hartutako neurri honek, arrain gazitua gordetzen zuten kupelei toki berri bat bilatu beharra ekarri zuen.

Artxiboan gordetzen den 1919ko uztailaren 6ko idatziak jasotzen duenez, arrain gazitua ekoizten zuten industriei kalte handiak ekarri zizkien erabaki bat izan zen hau. Getariak ez zuen horrelako produktuak biltegiratzeko behar adinako lursailik herrigunetik kanpo. Herriko aberastasun industrial bakarra gazitze-industria zela ikusirik, neurri honengatik kaltetutako enpresariei ahalik eta erraztasun handienak emateko prest agertu zen Udala. Ez hori bakarrik, beharrezkoa zuten biltegia egiteko lursaila lortzeko kudeaketaren ardura bere gain hartu zuen.

Rodriguez eta Balentziaga jaunak izendatu zituen arrantzale aterpetxearen alboan  zegoen eta Estatuarena zen lursaila bereganatzeko. Udalaren asmoa, bertan arrain gazitu kupelak gordetzeko biltegia eraikitzea zen. Eskatutako lurrak, ordea, eskatzaile gehiago zituen eta horrek egoera luzatu zuela dirudi. Artxiboa kontsultatuz ez dugu biltegi hori egin zen edo ez jakiterik lortu. Hori bai, dirudienez, enpresari batek edo bestek beren biltegi propioa egitea erabaki zuten. Hori izan zen Miguel Alegriaren kasua, zeinek arropa garbitzeko herriko harraskaren ondoan arrain gazitu kupelak gordetzeko nabe bat eraikitzeko baimena eskatu zuen, agindu berriak sortutako beharrei aurre egiteko.

Oihana Artetxe

Getariarren Kontxako Lehen Bandera

2015-09-29
Categorías: Archivos, Getaria,

Iraila hilabete berezia izaten da kostako herrientzat. Lehen eta bigarren igandeak gorriz borobilduta egoten dira Euskal Herriko itsasertzeko egutegietan. Gehien bat arraun elkarteak dituzten herrietan. Hauek, oso ondo dakite igande horietan Donostiako Kontxako estropadarako zita dutela.

Getariak 1976. urtetik du Arraun Elkartea; ordurako, ordea, arraun tradizioa oso sustraitua zegoen herrian.  Arrantzale herria izanik, arrain-sardara azkar iritsi, sarea bota eta bira bizkor egiten zekiten eskarmentu handiko traineru arraunlariak zituen. Arraun munduko iturriak kontsultatuz, Gipuzkoan dokumentatuta dagoen estropada zaharrena Getaria eta Zarautzeko tripulazioen artekoa dela jakin dugu. Dirudienez, 1761eko maiatzaren 2an jokatu zen, Moilarritik Donostiako kaira. Desafio honetan parte hartzen zuen traineru bakoitzak 11 gizonez osatutako tripulazioa zuen eta irabazleak 100 ezkutu jasoko zituen aurkariaren aldetik. Tamalez, ezin izan dugu jakin nor izan zen estropada aitzindari honetako irabazlea.

Gaurkoan XIX. mende bukaerara egingo dugu atzera, estropadak antolatzen hasi ziren garaira. Gaur egun egiten diren estropaden artean Donostiako Kontxako Bandera da Bizkaiko golkoan ospatzen den estropada zaharrena. 1879. urtean ospatu zen lehen aldiz norgehiagoka hau, Donostiako Udako jaien egitarauko ekintza bezela. Lehen estropada hartan elkarren artean desafioan zeuden tripulazioak gonbidatu zituzten. Arrakasta handia izan zuen ikuskizunak eta urtero errepikatzeko erabakia hartu zuten Donostiarrek. Geroztik, arraun mundua asko aldatu den arren, estropada honek txoko berezia izaten jarraitzen du arraunlari eta arraun zaleen artean.

Eta noiz hartu zuen parte lehen aldiz Getariak Kontxako estropadan? 1881ean izan zen. Estropada hori antolatzen zen hirugarren edizioa zen eta Hondarribiako traineruak irabazi zuen bandera. 1890 eta 1891 urteko edizioetan Getariako trainerua bigarren geratu zen; garai hartan nagusitasuna zuen Donostiako traineruaren atzetik. 1895. urteko edizioan berriz, Frantzisko Arregi patroi zuen Getariako “Nuestra Señora de la Paz” traineruak Kontxako bandera irabaztea lortu zuen. Pasaia, Orio (San Telmo eta San Jose traineruekin) eta Zumaiarekin lehiatu zen. Bigarren izan zen Pasaiari 26 segundu atera zizkion Getariak. Aurten, beraz, Getariako traineru batek lehen Kontxako bandera lortu zueneko 120 urte betetzen dira.

Ordudanik 5 Kontxako Bandera lortu ditu Getariak (1895, 1896, 1900, 1903 eta 1911), horietariko hiru Frantzisko Arregi patroi lanetan zela (1895, 1896 eta 1903). 1896. urtean gainera, Kontxako Bandera irabazteaz gain, Bilboko estropadan ere garaile izan ziren; “Esperanza” izeneko Getariako trainerua urteko traineru onenean bilakatu zen horrela. Iaz kaleratutako Artzape batean islatu genuen bezela, Getarian ederki ospatu zen tripulazioaren nagusitasuna.


Oihana Artetxe

*Argazkia: Euskomedia Fundazioa