Eu Es

En fin... ba bai!

Blog
Getaria

Duela mende erdiko Salbatore jai haiek...(1)

2015-07-28
Categorías: Archivos, Getaria,

Ederki gogoratzen ditut jai egun haiek, hura zen hura festa giroa gure lagunartekoa. Salbatore jaietan ohitura zen bezela herriko kale eta balkoiak gogoz apainduak agertzen ziren nolanahiko egunak ez zirela jakinaraziz.

Jaiei abuztuaren 5eko arratsaldean eman zitzaien hasiera eta ondoren gaueko ordu batak arte luzatu zen dantzaldia. Ziur bat baino gehiago ederki luzatu zela festen lehenengo egunean.

Jaietako egun handia Salbatore Deun eguna izan ohi da, urte horretan ere horrela suertatu zen. Abuztuaren 6ari goizeko zazpiretako txistulari dianak eman zion hasiera. Getariako kaletan zehar entzuten zen txistu eta danbolin hotsek zenbaiten lo goxoa aztoratuko zuen seguruenik. Baina herriko jaietan nor gelditzen da oheko izara goxoen artean? Ez al dira kaleko soinuak erakargarriago suertatzen?  Beraz, dianari kasu egin eta bederatzietako kalejirarekin bat egitea onena! Gorputza dantzan esnatu ondoren, herriko zaindariaren omenezko meza nagusia eta agintarien mokadua ezin ziren falta gaurko egunez. Goiza borobildu eta gosea pizteko berriz 12:30tako dantzaldia. Bazkalostean eta indarberrituta eskupilota partiduaz gozatzeko aukera izan genuen, baina ezin pilotarien izenak gogoratu… Festa giroan jarraitu eta zein izan ziren ahaztu zitzaigun eta! Izan ere, zazpiretatik bederatzietara jo eta ke ibili ginen jazbanak jotzen zituen piezak dantzatuz. Hori da hori sasoia! Su artifizialen ikuskizunak eman zigun tregua ondo baino hobeto etorri zitzaigun arnasa berreskuratu eta berriro dantzaldira bueltatzeko.

Abuztuaren 7a, egun handiaren ondorena… gorputza jadanik ez zegoen lehen egunean bezain fresko, baina goizeko diana hotsa entzun bezain azkar egin genuen ohetik salto. Salbatore jaiak urtean behin izaten dira eta! Konturatzerako erraldoi eta buruhandiekin batera ginen kalejiran. Gainera, bazkalordua baino lehen txontxongilo ikuskizun ederraz gozatzeko eta dantzaldian zangoak astintzeko aukera izan genuen. Trago eta mokadu batzuk ere hartu genituen lagunartean; ezin jaiak lagunik gabe ulertu. Egun hauetako gorabeherek urte osoko kontakizunak bete izan ohi dituzte gure koadrilan! Elkartean bapo asetu ginen bigarren egunez… Kontu kontari eta kantuan amaitu genuen bazkaria eta itsas-jokoetaz gozatzera irten ginen kalera. Berriro ere eguna jazbanaren doinuak dantzatzen joan zitzaigun, nahiz eta bat edo bestek konpainia topatu zuen gaua goxotasunean amaitzeko.

Konturatzerako abuztuaren 8a iritsi zen, jaien azken eguna. Urte osoa Salbatore jaiak noiz iritsiko zain eta bazihoazen… Eguna aprobetxatu beharko! Diana… txistu eta danbolin hotsek ez gintuzten egun horretan ohetik hain azkar altsatu, ordu erdi beranduago izan arren. Hamabietako euskal dantzetara azaltzea lortu genuen, esnatzen eta indarberritzen lagundu zigun gosari oparoaren ostean. Ondorengo kontzertua entzuteko gogorik ez eta nahiago izan genuen indarrak arratsaldeko erromeriarako gorde. Fandango eta arin-arin doinuek altsarazi gintuzten eta gaueko jazbanak bere azken notak jo zituen arte ez genuen treguarik izan. Azken jai eguna, azken notak… Aio Salbatore jaiak, datorren urtera arte!


Oihana Artetxe

(1) 1965eko Salbatore Jaietako festa egitarauan oinarritutako kontakizuna.


Harresiak itota

2015-07-09
Categorías: Archivos, Getaria,

Getaria, hiribildu harresitua izan zen. Erdi Aroko harresia lehenik eta baluarte modernoa ondoren. Harresiak babeserako elementu garrantzitsua izan dira historian zehar; kanpoko erasoak saihesteko modurik egokiena. Getariako orografiak babesgune naturala eskaini arren, kostako eta lurreko hegalak izan ziren gehien sendotu zirenak.

1859an, harresia oraindik babes elementu bezela ikusten zen Getarian. Hau botatzeko errege aginduaren aurrean, Getariarrek mendebaldeko eta hegoaldeko haizeetatik babesteko baliagarria zela argudiatu zuten. Urte gutxi batzuk geroago, ordea, haizetik babestea baino garrantzitsuagoa zen behar bat agerian geratu zen. Historian zehar modu eraginkorrean hiribildua babestu eta defendatu zuten pareta horiek, elementu itogarri bilakatu ziren. Horrela irakur daiteke 1881eko agiri batean:

 “…en atención al aumento de población que se nota hace algunos años, se hacía ya preciso darle algún ensanche para poder edificar casas en que puedan habitar los vecinos que se hayan aglomerados en viviendas sumamente reducidas, y que al efecto convenía se solicitase del Gobierno de Su Magestad el Rey el derribo de sus murallas.”

Eskaera honek erantzuna izan zuen. 1885eko espediente batean Getariako lurreko hegaleko harresia eta honen kontra eraikitako kuartela eraisteko baimena aurki daiteke. Kuartela eta harresia bota ondoren libre geratzen ziren lurrak (268m luzeran eta 2m zabaleran) udaletxeari eman zitzaizkion bide publikoa zabaltzeko aukera izan zezan.  Udalak berriz, elementu hauek eraisteko lanen gastua bere gain hartu zuen.  Bestalde, eraikuntza hauek material erabilgarri ugari eskaintzen zuten. Material hau, ingeniari militarrek tasatu ondoren, enkante publikoan saltzeko eta jasotako diruaren zati bat Gerra Ministerioari emateko agindu zen. Gainera, libre geratuko ziren lursailean Udalak eraikitzeko erabakia hartuko balu, eraikitzeko partzela bakoitzaren salneurriaren %3a Estatuari entregatzeko klausula zehaztu zen. Urte bereko ekainaren 27an burutu zen tasazioa: lurreko hegaleko harresi zatiak emango zuen materiala 537,50 pezetetan estimatu zen eta kuartelarena 1.394 pezetetan.

Lehenik kuartela bota zen. Materiala Sebastian Etxanizek eskuratu zuen abuztuaren 2an egindako enkante publikoan eta tasatutako prezioan. Lurreko hegaleko harresiak, ordea, tente jarraitu zuen. 1906ko azaroaren 24ko udalbatzarrean hartu zen hau eraisteko erabakia.  Egoera txarrean zeuden herri-bideak konpontzeko beharra zegoen eta betelanerako materialak harresitik ateratzea pentsatu zen. Gainera, horrela, Kale Nagusia libre geratzen zen, plazatik eta errepidetik eliza ikusten zelarik. Gertakari honek Getariaren zabaltzea eta lotura ekarri zituen. Baina ez pentsa lurreko hegaleko harresi zati osoa desagertu zenik! 1907an, harresiko materialen jabe zen Juan Eizagirre harginak zati bat frontoia egiteko eman zuen. Gaur egun, frontoiaren atzealdeari erreparatzen bazaio, honen paretak lurreko harresiaren zati bat aprobetxatuz eraiki zirela ikus daiteke.

Oihana Artetxe



Alkatetzako zigiluak

2015-06-01
Categorías: Archivos, Getaria,

Artxiboetan lan egitean, gehienetan,dokumentuen edukiari erreparatzen diegu; gutxitan berriz dokumentuaren egiturari edo ezaugarri fisikoei. Baina begiek ez dute letra artean dantza egiten bakarrik, irudiak ere gogoko izan ohi dituzte eta oraingoan Getariako Alkatetza zigiluetan egin dute geldialdia.

1849ko urriaren 7ko udal akta batean irakur daiteke nola, garai hartan, Getariako Udalak ez zuen inolako zigilurik. Probintziaren agindu bati jarraituz, zigilua egiteko beharra ikusi eta horrela erabakitzen da:

“...Careciendo esta corporación del sello en cuestión, acordó que inmediatamente se mande construir uno con las armas de la Villa...”

Aipamen honen aitzakian, artxiboko paperak astintzen ibili gara zigiluen bila. Egindako bilaketan 6 zigilu desberdin aurkitu ditugu 1873tik 2015era. Modu batera edo bestera, denak dute Getariako sinboloa den balearen irudia. Zigilu desberdinak begiratzen baditugu, ordea,momentuko modari jarraituz edo, estetikoki nola aldatu diren ikus daiteke. Gainera, urte batzuetan zigilu desberdinak batera existitu zirela ikusi dugu.

1873. urteko dokumentu batean aurkitu dugu lehen zigilua, zaharrena hau dela esan daiteke (1. zenbakia). Bertan, balea edo balearen errepresentazioa izan nahi duen animalia bat agertzen da gaztelu edo dorre baten azpian. Inguruan “Alcaldía de Guetaria” testua irakurri daiteke. Modu honetan, Getarian bale arrantzak izan zuen garrantzia islatzen da gotortutako hiribildu bat izan zela adierazten den bitartean. Zigilu hau da guztietan berezi eta desberdinena. Aurrerantzean ez zaio hiribildu gotortuari erreferentziarik egingo eta zigilu desberdinetako protagonista nagusi eta bakarra balea izango da. Zigilu honekin batera bada beste bat (2. zenbakia). Lehen aldiz 1886. urtean agertzen da eta bestearekin alderatzen badugu, desberdintasun nabariak ikus daitezke. 1873ko zigiluan gaztelua eta balea genituen protagonista; oraingoan berriz balea izango da protagonista bakarra, “Alcaldía de la Villa de Guetaria” testua lagun duela. Aurrerantzean agertuko diren zigilu berrien aitzindaria da, gailenduko den sinboloaren sustatzailea: bale handi bat, itsasoaren gainean arpoia bizkarrean duela.

XIX. mendearen bukaeran beste zigilu berri bat egin zen (3. zenbakia), guk 1897an aurkitu dugu lehen aldiz. Arpoia bizkarrean sartua duen balea agertzen da buztan aldeko ikuspuntu batetik begiratuta eta “Alcaldía de la N. y L. Villa de Guetaria” testuaz inguratuta. Zigilu honek, aurreko bi zigiluak ordezkatu zituen. Denbora gutxi iraun zuen ordea. Izan ere, XX. mendearen hasieran beste aldaketa bat egin zen (4. zenbakia). 1909an topa dugu lehen aldiz eta mende erdiraldera arte erabili zen. Zigilu berri honetan itsas munstro moduan irudikatutako hortz zorrotzak dituen bale bat agertzen da “Alcaldía de la N. L. e Invicta Villa de Guetaria” testuaz inguratuta. Ziligu honek bigarren fase bat izan zuela ere ikusi dugu (5. zenbakia), balearen munstro itxura mantenduz baina irudia apur bat sinplifikatuz. Honen ondorengo zigilua (6.zenbakia) gaur egun erabiltzen den zigiluaren (7. zenbakia) aurrekaria dela esan daiteke. XX. mendearen erdialdera hasi zen erabiltzen eta bertan ikus dezakegun irudia aurrekoak baino sinpleagoa eta estilizatuagoa da. Balea itsas olatu garbi batzuen gainean agertzen da, arpoia bizkarrean duela eta “Ayuntamiento de la N.L. e Invicta Villa de Guetaria-Alcalde” testuaz inguratuta.


Oihana Artetxe

Porturik gabeko Getaria posible ote?

2015-05-05
Categorías: Archivos, Getaria,

Egun hauetan arrantza-ontziak atzera eta aurrera ikusten dira. Portuan sartu eta itsasora atera, portura bueltatu eta itsasora berriz. Antxoa arrantzatzeko garaia izaten da urteko sasoi honetan eta buru belarri dabiltza arrantzaleak. Getaria Gipuzkoako arrantza portu nagusienetarikoa da gaur egun, azken urteotan bere flota gutxitu arren zenbait arrantza-ontzi mantentzen jakin izan duena. Atzera begiratzen badugu ordea, Getariako portuaren garrantzia handia izan dela ikusten dugu.

Getariaren orografia eta kokapenak Gipuzkoako itsas babesgune nagusienetarikoa bihurtzen dute. Portuko instalakuntzak agertu baino lehenago ere, San Anton mendiaren babesean zabaltzen zen Markorbeko badiak gune ezin hobea eskaintzen zuen ontziak lotzeko. Badia horri esker, Gipuzkoako kostaldeko gune aberats eta estrategikoenetariko bat izan da historian zehar; arrantza ez ezik merkatal gune oparoa eta kostaldea defentatzeko funtsezko kokaleku militarra.

XVI. mendearen lehen erdian, Getariako portuak zuen babesgune izaera hori areagotu zen eta 1521. urtetik aurrera kostako babesgune garrantzitsuenetarikoa izan zen, baita kosta zaintzeko leku esanguratsuenetarikoa Hondarribia eta Donostiarekin batera. Garrantzia honetaz jakitun, Getariak kai berri bat eraikitzeko asmoa agertu zion erregeari. Martin Larraondoguno izan zen portua egiteko arduraduna. Momentu honetan lotzen da, Belsua Ugarte harginak egindako dike baten bidez, San Anton uhartea Getariako penintsulara.

Gure kostaldeko gune nagusienetariko bat izan arren (1883ko ekainaren 8ko legeak Kantauri kostaldean ibiltzen ziren ontzien babes portu ofizial izendatu zuen), XX. mendera arte Getariako portuak ez zuen instalakuntza zaharkituen berrikuntza sakon bat burutu. Mende horren lehen erdian, arrantza eta merkatal portu handi batean bilakatzeko egitasmoa jarri zen mahai gainean; trenbidea bertara eramatea ere pentsatzen zen. Baina errealitateak irudimena gailendu zuen oraingoan eta portuko egituran momentuko beharrei erantzuten zioten zenbait hobekuntza besterik ez ziren gauzatu.

Egitasmoa Elkano Marinel Kofradiaren ekimena izen zen. Jose Maria Aranbarri Getariarrak portuaren azalera 4.900m2 tatik 22.200 m2 zabaltzeko lanen proposamea egin zuen. Helburu nagusiak arrantza eta kontserba-industria bultzatuko zuen portuaren edukiera handitzea eta Bilbotik Pasairako bidea egiten zuten kabotajeko itsasontziei babesa eskaintzea ziren, baita itsasoarekin erlazio zuzena ez duten beste sektore batzuk bultzatzea ere. Egitasmoaren gauzatzearekin portuko bokalea 30 metrokoa egin zen, iparraldeko dikea altsatu zen enbatetatik babesteko, kaiaren babesa handitzeko beste nasa bat eraiki zen, portuaren barruko nasak sortu ziren ontzietako zamaketa lanak errazteko eta abar. Getariako portua berritzeko egitasmoa Celestino Mendizabalek gauzatu zuen eta 1919an bukatu eta inauguratu zen, kofradia eta arrantzale aterpetxearekin batera.

Gaur egun Getariako portuak duen itxura XX. mendearen bukaerako lanen fruitu da, baina baita bilakaera luze baten ondorio. Izan ere, porturik gabeko Getaria posible ote?


Oihana Artetxe


Altxor txikiak berreskuratzen direnean

2015-03-30
Categorías: Archivos, Getaria,

Hilabete hauetan Getariako artxiboa antolatu eta eguneratzeko lanetan murgilduta gabiltza. Paper eta kartoizko kaxa artean igerian. Horrelako lanetan aritzen garenean, noizean behin gertatu izan zaiguna gertatu zaigu oraingoan ere. Kaxa batean gordeta zegoen altxor txiki bat berreskuratu dugu. Altxor grafiko bat.

Kristalezko 13 negatibo eta 20 bat fotograbatu agertu dira artxiboan gordeta. Toki desberdinetako argazkiak dira, tartean Getariako eta Pasaiako badiako zenbait argazki zahar eta oraindik identifikatu gabeko beste batzuk. Udaletxean bazuten negatibo hauen berri eta guk orain digitalizatzeko ardura hartu dugu.

Negatiboak Don Federico Olive Prieto herriko botikaria izan zenarenak direla jakin dugu. Federico Madriletik etorri zen 1910 inguruan eta herriko botikaren ardura hartu zuen. Itxuraz argazkizale amorratua zen, argazki ugari egiten dituzten horietarikoa. Bera hil zenean, 1949 urtean, Jose Domingo eta Fermin Olascoaga Rotetak botikariak alokatua zuen etxeko garbiketa egin eta bertako trasteak zabortegira eraman zituzten. Hala ere, bertan bota zituztenean, pilatutako traste guzti haien artean, diztira egiten zuen zerbait zegoela konturatu ziren. Gerturatu eta orduan ikusi zuten diztira hura kristalezko negatibo eta fotograbatuek sortzen zutela. Gordetzeak pena merezi zuela pentsatu, topatutako guztiak bildu eta udaletxera eraman zituzten bertan gorde zitezen. Ordutik artxiboko kaxa batean egon dira gordeta.

Oihana Artetxe

Pasaia - Getaria

2015-03-02
Categorías: Archivos, Getaria, Pasaia,

Getaria eta Pasaiaren arteko antzekotasunak Getaria eta Pasaiaren arteko ezberdintasunak bezain nabariak dira.

Gipuzkoako arrantzaleentzat zein arrantza industriarentzat horiek dira bi portu nagusiak.

Hala arrantza mota nola arrantzari lotutako industria, baina, oso bestelakoak izan dira batean eta bestean.

1960. hamarkadan Pasaia da Getariak segitu nahi ez duen hirigintza eta garapen eredua, hitzez hitz udal aktetan jasota, esate baterako.

Alabaina, Getariako udal artxiboan Pasaiari buruzko oso bestelako materiala topatu dugu, ustekabean: hainbat argazkiren negatiboak, kristalezkoak! Oraingoz datatu ezin ditugunak.

Arandoko lanak, espigoiarenak, 1904koak dira. Argazkietan haren arrastorik ez dago. Eta kristalezko negatiboen erabilgarritasuna XX. mendearen hasieran bukatzen da. XX. mendearen lehen urteotan eginikoak dira, beraz.

Horrek, baina, ez die ikusgarritasuna kentzen.

Hona hemen haietako batzuk.







David Zapirain

San Anton egunera atzera eginez

2015-02-10
Categorías: Archivos, Getaria,

Urtarrilean San Anton eguna  ospatu  izan da  Getarian. Tradizio handiko eguna da hau bertakoen artean eta baita inguruko herrietako bizilagunen artean ere. Gaur egun, Urtarrilaren 17a, Txakolin uzta aurkezteko eguna bilakatu da, baina udal-akta liburuak hartu eta denboran atzera egin nahi izan dugu jai hau nola ospatu izan den jakiteko.

Aipamen zaharrena 1897. urtekoa da, baina idatzian garbi adierazten da aspaldidanik ospatzen zen ohitura eta tradizio handiko jaia zela. San Anton egunean eta aste horri zegokion igandean antolatzen ziren ekintzak, baita egun handiaren bezperan ere. Hain zuzen, udaletxeko karguek afari eder baten aurrean jai egunari ongi etorria ematen zioten bezperan. Hala ere, ez zen urtero horrela izan, badirudi ia hogei urte jarraian egon zirela Getariako Udal karguak San Anton bezperan afari eder hori   ospatu   gabe, 1887tik 1906ra bitartean. Azken urte horretan, udalbatzak Pedro Enbil izendatu zuen afaria antolatzeko arduradun eta horrela tradizio horri berriro eutsi zitzaion.

Urtarrileko jai egun hauetan zerbait antolatzen bazen, ordea, herri-kirol eta bertsolari saioak ziren. Udaletxeak bi edo hiru bertsolari kontrolatzen zituen eta hauek goizean eta arratsaldean ibiltzen ziren festa girotzen. 1947an Basarri eta Uztapide bertsolariak kontratu zituen Udalak; aurrerantzean ere horrela izango zen gehie- netan. Getariarren artean ber- tsolari bikote kutunena zela dirudi. Herri kirolen artean ia denetarik antolatu izan da, harri-jasotze eta aizkolari apostuak, idi-probak, herrikoen arteko eskupilota partiduak, lasterketak eta 1953an baita lokotx-bilketa ere.

Urteak joan eta urteak etorri, ez da San Anton egun bat bertsolari, pilota partidu eta idi probarik gabe. Beno, bai badira. Hutsune argigarri bat dago dokumentazioan gerra zibilaren urteekin bat datorrena. Adierazgarria da gainera, gerra ondorengo urteetako San Anton egunaren ospakizunak inoizko ospakizun soilenak izan  zirela.  Batzuetan,  jaiak gizartearen eguneroko loture- tatik askatzeko edota egoera gogorrak  alboratzeko katarsi moduko  bat  bezala  ikusten dira, baina gerra zibilaren ondorengo urtetako egoera gogorrak hori ere ez zuen baimentzen. Gerra bukatu eta 10 urte pasa behar izan ziren, San Anton jaietan antolatzen ziren ohiko ekintzak berreskuratzeko. Baita berrikuntzaren bat edo beste gehitzeko ere.

Hemendik aurrera ez dira bertsolarien hitz, ahots eta tonuak festa girotuko duten doinu bakarrak; bertsolariez gain, dantza solteko txapelketak eta jazban edo musika bandekin dantzaldiak antolatuko dira. Izan ere, zer da festa musikarik gabe?


Oihana Artetxe

Taberna giroan…

2015-01-11
Categorías: Archivos, Getaria,

Gabonak etxean, familia giroan, igarotzeko egunak izan ohi dira, baina azkenaldian gero eta gehiago dira etxetik kanpo edo festagiroan lagunartean gozatzeko aukeratzen dituztenak. Izan ere, badago gure herrian ospakizunak gertukoekin gozatzeko nolabaiteko tradizioa. Sarritan elkarte gastronomikoak eta tabernak aukeratzen ditugu topaleku. Gustura egon eta erraza izaten da festagiro hori kalean luzatzea eta horrek zenbait arazo sortu izan ditu kaleko ordena mantentzen. Zarata izan ohi da horrelakoetan kexarik arruntena. Hau dela eta, tabernak zabalik izateko ordutegiak zehaztu eta mugatu izan dituzte Udalek. Baina hau ez da kontu berria.

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran taberna ugari zabaltzeko eskaerak jaso ziren Getarian. Hazkunde honekin batera, taberna hauen ordutegia arautzeko beharra sortu zela dirudi. 1902koa da establezimendu mota hauen itxiera ordutegia zehazten duen lehen agindua. Hala ere, badirudi neurri hau ez zela betetzen eta Udalak lehen neurri zorrotzak hartzeko beharra ikusi zuen orain ehun urte. 1914ko dokumentu batean garbi agertzen da bizilagunen arten zegoen ondoeza ordu txikitako kale zaratak zirela eta. Etengabeko kaleko algara horien errua tabernen itxiera berantiarrari leporatzen zioten Getariako bizilagunek eta horren aurrean, Udalak, zenbait neurri hartzea erabaki zuen.

Alde batetik, udaberri eta uda garaian tabernak gaueko hamaiketan eta neguan gaueko hamarretan ixteko agindua eman zuen, beti ere, herriko jai egunen salbuespenarekin. Kasu horietan, itxiera ordutegia aurretik adostearen egokitasuna ikusi zen. Bestalde, behin tabernen itxiera ordua jota, debekatuta geratzen zen kalean kantuan eta algara sortzen ibiltzea. Bi neurri hauek ez betetzeak bost eta hogeita bost peseta bitarteko isuna jasotzea supatu zuen aurrerantzean.


Oihana Artetxe

Musika notak airean

2014-11-28
Categorías: Archivos, Getaria,

Edozein herriko jaietan bada ezinbesteko suertatzen den elementu bat. Bera gabe festa ulertezina izango litzateke gehienentzat. Izaera oso desberdineko ekintzetan ere protagonista nabaria dela esan daiteke. Festak girotu, ospakizunak benetan ospakizun bihurtu, ekitaldiak handitasunez jantzi... hori da herriko musika banda baten eginkizuna.

Getariako Udal Musika Banda osatzeko lehen urratsa 1911ean eman zen, Salbatore jaiak ospatu eta gutxira. Ordura arte, herriko jaiak ziren bakoitzean, ospakizun desberdinetan, harrera ofizial bat aurreikusten zenean edo antzerako ekintzak girotzeko, Getariako Udalak kanpora jo behar izaten zuen musika banda baten bila. Zenbaitetan Galiziako musika banda ibiltari bat kontratatzen zuen herriko jaiak doinuz janzteko, beste batzuetan inguruko herrietako musika banda arduratzen zen horretaz.

Aipaturiko urtean ordea, herria hazten ari zela ikusirik, musika banda osatzeko momentu aproposa izan zitekeela pentsatu zuten. Getariarren ustetan gainera, baziren elementu honen beharra aguerian uzten zuten bi ospakizun nagusi. Bata, herrian urtero ospatzen zen gurutzaldi-estropada; Erregea etortzen zen eta zegokion harrera egiteko musika banda baten beharra suertatzen zen. Bigarrena, abuztuan ospatzen diren Salbatore jaiak. Horrela, Udal Musika Banda sortzearen egokitasuna jarri zen udaletxeko mahai gainean eta, 1911ko abuztuaren 13an eginiko bileran, musika banda sortzeko beharrezko pausoak emateko erabakia hartu zen.

Getariako artxiboko dokumentuetan irakurri daiteke, nola hilabete bat nahikoa izan zen musika banda sortzeko beharrezkoak ziren gazteak biltzeko. Hauek, ordea, jendaurrean piezak jotzen hasi baino lehen, formakuntza baten beharrean aurkitzen ziren. Hau ikusirik, udalak Ignacio Echesortu izendatu zuen taldearen irakasle eta etorkizuneko herriko musika bandaren zuzendari. Udal Musika Banda osatzeko ezinbestekoak ziren instrumentuak erosteko dirua ere udaletxeak jarri zuen eta Donostiako Casa-Erviti izeneko denda ezagunean erosi ziren.

Urte amaierarako, gazteen eguneroko musika eskolek bere fruituak eman zituela dirudi, baina, antza denez, ez musika bandako zuzendariari soldata bat ordaintzeko hainakoak. Udalak herriko musika bandaren egoera egokia zela iritzi izan zion arte, hau da, 1912ko otsaila arte, Ignacio Echesortuk ez zuen musika bandako zuzendari gisa soldata bat izendatzerik lortu. Bera izan zen Getariako Musika Bandako lehen zuzendaria eta bere karguari eutsi zion 1920ko maiatzan udaletxeko idazkari izendatu zuten arte.

Oihana Artetxe

...eta bonbillak piztu ziren!

2014-10-22
Categorías: Archivos, Getaria,

Uda joan da eta argi orduak gero eta urriagoak dira egunetik egunera. Lehenago iluntzen du eta inguruak beltzez margotzen dira. Eguzki izpiek gure egunerokotasuna baldintzatuko balute, goiz erretiratuko ginateko urteko sasoi honetan. Orduan estimatzen da gehien kaleko argiteriaren laguntasuna; iluntasunean kalean ibiltzea baimentzen duena eta gaueko orduetan lasai ibiltzeko segurtasuna ematen duena. Kaleak argiteria elektrikoz hornitzea pauso garrantzitsua izan zen, baina noiz iritsi zen argiteria hori Getariara?

Getariako kaleak argiteria elektrikoz hornitzeko nahiaren lehenerakustaldia 1896. urtean gertatzen da. Urte horretan oraindik, Getariako kaleak petrolio argiz argiztatzen ziren, inguruko herriak argi elektriko bidez argiztatzen hasiak ziren bitartean. Arrantzale herria izanik, gauetan kalea ondo argiztatua izateak zer nolako garrantzi zuen jakinik eta inguruko herriak adibidetzat harturik, Getariako Udal Batzordeak hiribilduan argiteria elektrikoa jartzeko erabakia hartu zuen.

Herriko txokoak arretaz aztertu eta argiak hiribilduko eta inguruetako zein puntutan jarri behar ziren zehazteko batzorde berezi bat sortu zen. Behin lan hori eginda, 1896ko martxoaren 5ean herriko argiteria elektrikoa jartzeko lanen enkantea egiteko balditza plegua onartu zen. Enkante publiko honek, ordea, ez zuen arrakasta handirik izan. Dirudienez, Udalak ezarri zituen baldintzek ez zuten eskatzailerik erakarri. Horrela, 1898 eta 1900 urteetan baldintza hobeak eskatzen zituzten bi eskatzaileren proposamenak iritsi ziren Udalera, baina hauek ere bertan behera geratu ziren. Egitasmoa aurrera atera ezin horretan, Getariako kaleak petrolio argiz argiztatzen jarraitzen ziren.

Ez zen 1900 urteko azaroa arte izan, baldintza berri batzuekin, argiteria elektrikoaren horniketaz arduratuko zen eskatzaile baten oniritzia lortu zutela: Jose Vicente Echeverria jaunarena.Horretarako berriz, 1896. urtean ezarritako baldintzak berrikusi behar izan zituzten. Horrela, argiteriaren ustiaketa 10 urtetik 12 urtera igotzea eta emakidadunak urte horietan telefono publikoaren erabilera pribatua egiteko aukera izatea adostu zen, besteak beste. Udalak, benetan behar zen argitasuna lortzeko, 55 argi inguru kokatzea eskatzen zuen, baina azken esleipen honetan ez da zehazten zenbat goritasun-lanpara jartzeko konpromesua hartzen zuen emakidadunak. Bai ordea, argiztapen publiko eta partikularrean eta baita linea telefonikoan gerta zitezkeen arazoei aurre egin beharko ziela.

Azkenik, 1901ean ezarri zen Getariako argiteria elektrikoa. Hala ere, Udal artxiboko agiriek erakusten dutenez, hurrengo urteetan zenbait arazo emango zituen argiteri berri honek.

Oihana Artetxe