Cristóbal Balenciaga Museoaren liburutegia
Cristóbal Balenciagaren izena entzutean denok dakigu nor zen. Jostuna eta moda diseinatzailea, mundu zabalean ospetsua da eta Getariako herriaren izenari sendo lotua dago. Herri honetan jaio zen eta bertan eman zituen, gaztetan, joskintzako bere lehen pausuak, Casa Torreseko markesaren laguntzari esker hasi zelarik.
2011an, Getarian, Cristóbal Balenciagari eskainitako Cristobal Balenciaga Museoa zabaldu zuten. Herriaren goiko aldean kokatzen da, Aldamar jauregiari atxikitako eraikin berri batean. Etxe hau Casa Torreseko markesen udako etxea izan zen. Moda diseinatzailearen memoria ikertu eta bizirik mantentzera zuzendutako museoa da, bere ibilbide profesionalari eta profil pertsonalari lotuta dagoelarik. Gehiago ezagutzeko Museoko web orria bisitatu daiteke.
Ikerketa eta eguneroko lanerako oso beharrezkoa da material bibliografikoa izatea, erreferentzia eta euskarri gisa erabili ahal izateko. Honela, Museoan, material bibliografiko ugari biltzen joan dira urteetan zehar. Material hauen artean gehienbat liburuak eta aldizkariak aurkitzen dira. Baina ez dute funtsa antolaturik osatzen; alegia, gela egoki batean gordeta daude, baina ez daude deskribatuta eta sailkatuta. Inbentario bat baduten arren, zaila izaten da materiala erraz aurkitzea. Honela, hauxe da Ereitenek Museoan egiten duena. Hau da, pixkanaka, liburu eta aldizkariak katalogatu eta eskuragarri jartzeko lanean gabiltza.
Lehen pausua, sailkapen propio bat sortzea izan da. Cristóbal Balenciaga Museoko arduradunarekin aztertu eta bertako beharretara egokituriko sailkapena sortu da. Material asko dagoenez, lehentasunak ezarri dira. Lehenik liburuekin jarri gara lanean. Bereziki modarekin zerikusia duten liburuak katalogatu ditugu. Guztira 400 ale inguru izan dira. Besteak beste, modaren historia, moda eta artea, erakusketak, moda diseinua eta moda sortzaileei buruzko liburuak aurkitu daitezke. Nola ez, aipamen berezi batekin Cristóbal Balenciagari buruzko liburuei.
Behin modaren inguruko liburuak amaituta, aldizkariak lantzen hasi gara. Modaren inguruko aldizkarien funts oso interesgarria aurkitu daiteke bertan. Estatuan argitaratutako aldizkariez gain, beste hainbat herrialdetakoak ere badaude. Hauekin ere liburuen prozesu berdina jarraituko da. Datu basean katalogatu, txaplata eta barra kodea jarri eta apaletan egoki jasoko dira. Une honetan lan horretan gabiltza buru-belarri, aldizkariak sailkatu eta datu basean katalogatzen.
Aldizkariekin bukatzean, hurrengo fase batean, modarekin zuzenean zerikusia ez duten liburuak katalogatzea egokituko zaigu. Historia orokorra, artea eta ondareari loturiko liburuak izango dira. Baina lan hori oraingoz aurreragorako utziko dugu.
Prestaketa lan guztia amaitzean, materiala Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean egongo da ikusgarri, Museoko liburutegia sare honen barruan sartzea erabaki delako. Bertan Cristóbal Balenciaga Museoa aukeratu eta katalogoan kontsultarako prest egongo da.
Baina oraingoz katalogazio lana amaitzeko dagoenez, guk lanean jarraituko dugu dena txukun eta eskuragarri uzteko. Horrela, laister, Cristóbal Balenciaga Museoak merezi duen liburutegia izango du erabilgarri.
Edurne Arocena
**Museoaren argazki orokorra, Cristóbal Balentziaga Museoarena da**