Duela 200 urte “necazari bati enbargatuak”
Beste behin ere, Asteasuko Udal Artxiboa euskararekin lotutako informazioaren berriemaile da. Bertan gordetako aspaldiko beste agiri batek euskararen historiari ekarpen interesgarria egiten dio, xumea bada ere. Ez da horren berri dugun lehenengo aldia; blog hau bera, horren lekuko argia da. Hala ere, ez dugu esango amaierarik gabeko meatze baten aurrean gaudenik, baina bai oraindik zeharo ustiatu gabekoa dela. Meategirik gabeko meatzearen antza hartzen du, arrantzontzirik gabeko arrainez betetako itsasoa; noizbait norbaitek pikatxoia eta pala hartu eta mea noiz ateratzeko edo sareak bota eta sarda harrapatzeko esperoan dagoena. Bitartean, bertatik buelta txikia ematean lurrazalean ikus ditzakegun loreak biltzea besterik ez dugu.
Oraingo adibidea XIX. mende hasierako espediente batean jasota dago (A.U.A. 262-08). Ustez 1825ekoa da, Larraulgo auzo diren Frantzisko eta Juan Iraola aita-semeen aurkako salaketa bat hizpide dute. Alabaina, testuan sartu orduko laburpen honek hainbat zuzenketa behar dituela ikusiko dugu.
Txostena izaera judizialekoa da, euskarazko hitz edo esaldiak topatzeko aukera dagoen natura berekoa, baina datak eta protagonistak ez datoz guztiz bat. Izan ere, 1821eko abuztuan abian jarritako prozesua dugu, hau da, karpetan jartzen duena baino lau urte lehenagokoa. Protagonisten inguruan ere, informazioari hainbat aldaketa egin behar zaizkio, Frantzisko eta Manuel Iraola aita-semeak aurrez aurre ipintzen baititu; ez dago, beraz, inolako Juanik.
Arazoaren mamiari gagozkiola, biek 1820ko Sanmigeletan adiskidetze-ekintza edo epaiketa du ardatz. Egun horretan, bi gizon-zintzok lagunduta, elkarrekin bizitzeko akordioa desegiterakoan, semeak aitari ordainetan eman behar zizkion sos eta aleak adostu zituzten. Manuelek, ordea, idatzitakoa betetzeko asmo handirik ez zuela ematen du. Ados jarri eta urtebetera, 1821eko abuztu amaieran, hilak 29 zituela, Frantzisko aita justiziaren aurrean kexu agertu zen, hitzartutakoa jaso gabea zela salatzeko.
Aurreko urtean burututako adiskidetze-ekitaldia, bi ahaideek elkarbizitzan zuten egoeraren larriaren ondorio omen zen. Halakorik ospatu zenerako, bizikidetza guztiz pipertua egongo zen. 1821eko irailaren 15ean alkate-epaileak hartutako erabakian oso argi adierazten da bien arteko harremanen larria: adiskidetze-hitzarmena bete egin behar zen, Frantziskori bere seme Manuelekin konpontzea ezinezkoa suertatu zitzaiolako eta, ondorioz, elkarbizitza horretatik banantzeko aukera hartzea beste erremediorik izan ez zuelako. Beste behin ere, zaharrak berri; zer esanik ez egun dugun egoera zelebre eta arraroa aintzat hartuta.
1820ko datuek mokoka aritze horren zergatia argitzen lagun diezagukete. Elkarbizitza-hitzarmenaren arabera, Frantziskok Manueli oparitan hiru anega gari emango zizkion, baina oparia ez zen guztiz musutruk. Ordainetan, semeak aita eta honen emaztea mantendu eta hazi beharko zituen, baina ez hori bakarrik; horrez gain, bikotearen alaba Manuelari ere, zenbait gauza eman beharrean izango zen: 5 dukat urtean, 2 alkandora, 6 erreal balio zituen zapi bat, hainbat amantal (“armantarres” dokumentuan) eta bularretako zapi bat.
Adostutakoa ez betetzekotan, Manuelek bere aitari eta honen emazteari harenera eramandako gauza guztiak itzuliko zizkien; guztiak, Manuelek beretzat gordeko zituen 30 ogerleko izan ezik. Diru horrek oso jatorri interesgarria du: semea Beobidegaraikoa edo Beobideburu (gaurko Beogibegain?) etxean morroi zegoela Frantziskok emandako dirua baitzen. Hitzarmenaren bitartez, aitak diru hori berreskuratzeari uko egiten zion, semearentzat utziz.
Aita-semeen arteko ika-miken lorratza ez da hor amaitzen. Ezinikusien gehienari 1820an irtenbidea topatzeko aukera izan bazuten ere, izan zen adostasunera ezin iritsizko konturik; besteak beste, Frantzisko eta emaztearen beste alaba Josefa Ignaziarekin zer egin. Agiriak ezin argiago jartzen du: gai horren inguruan ez dira ados jarri (“no se compusieron”). Epaileak ohitura eta usadioetan oinarritutako erabakia hartzeko hautua egin zuen eta Joxepaiñaxi, ogibidez ehule zena, beste anaiarenera bidali zuen.
Argi dago, beraz, belaunaldien arteko kontua ez ezik, funtsean sendien berreraikuntzan sortutako talka baten aurrean gaudela; arrotzak edo etorri berriak familia egituratu batera iristen direnean ematen diren arazoen aitzinean.
Dokumentuan “Frantziko eta bere emazteari” aipamena egiten zaie hainbat aldiz, baina ez da Manuelen “ama”-ren berri ematen. Erabilitako terminologia honek, ia ezinbestean, bigarren ezkontza batean pentsatzera garamatza. Aldiz, erregistro-sakramentalen inguruan bai Elizbarrutiko Artxiboak zein Badatorrek Internet bidez jartzen dituzten tresnak lehenengo bilaketa xume batzuetarako erabiliz gero, emaitzak ez datoz gure hipotesiarekin guztiz bat. Bertan ez da, lehen begiratuan, bederen, Frantziskoren bigarren ezkontza bati lotutako daturik azaltzen; elkartze batean ageri zaigu soilik. Alta, emakumea “emazte” bezala aipatzeak eliz-lotura izan zenaren susmoa pizten digu; ondorioz, ilunpetan dagoen eta argitu beharreko kontua litzateke. Albaina, eliz-erregistroetan sartzearekin batera, gure protagonisten inguruko bestelako zenbait berri emateko aukera dago.
Manuel Iraola, bere bizitzan zehar, inguru-minguru ibili zen eskualdean zehar: Aian jaioa 1791ko azaroaren 16an, Larraulera ezkondu zen 1820ko maiatzaren 2an, Maria Antonia Irazuzta Gibiritegi andre hartu zuelarik. Hil, berriz, handik ia 51 urtera zendu zen, Asteasun, 1871ko apirilak 3 zituela; 80 urte betetzear zegoela bereak egin zuen, beraz.
Eman ditugun datu hauen artean, ezkontza-hitzarmenarena ez da zorizkoa. Izan ere, aita-semeen arteko adostasun-hitzarmena Manuelen eta Anttoniren lotura ospatu eta 4 hilabete pasatxora sinatu baitzen. Esan bezala, funtsean elkarbizitzak sortutako arazoak bikote berriak gurasoenera joaten zirenean sortzea ez zen gauza ezohikoa; eta askotan, horrenbeste adar-jotze, txiste eta pasadizo pairatu izan dituen amaginarreba ez zen garrantziarik gabeko oinarria. Eta hori da, hain zuzen ere, Iraolatarren gorabeherek islatzen dutena. Kasu honetan, dena den, amaginarreba hori nor zen jakitea ez da samurra; hau da, Manuelen ama ala amaordea zen argitzea.
Izan ere, aitari eta Manuelen anai-arreben inguruan lehen begiratuan eskuratu daitezkeen datuek, bikote bakar baten ondorengotzaz dihardute, Errezilen jatorria duen arbasoen ondorengotza batez, hain zuzen ere. Bertako apaizaren aurrean eta Jainkoaren beldur zirela elkartu zituzten bizitzak herriko seme-alaba Frantzisko Ignazio eta Maria Katalina Ibarguren Zuloagak 1788ko urrun bateko azaroaren 4an. Handik denbora gutxira, ordea, Aiarako bidea hartu zuten. Han jaio ziren, Manuelez gain, beste 6 neska-mutiko, 1790 eta 1808 artean. Lehenengoa Frantzisko Ignazio izan zen, 1790eko urtarrilaren 1ean; ondoren munduratu ziren dokumentuan ageri diren protagonistetako bi: gure Manuel eta Joxepaiñaxi, azken hau 1799ko ilbeltzean. Hiru urte beranduago, 1802an, Joana Maria eta Juan Jose bikiak jaioko ziren; gero, Ana Joakina izeneko fruitua eman zuen Maria Katalinaren sabelak, 1804ko azaroaren 10ean; begiak zabaltzen azkena Manuela Agustina izan zen, 1808ko ekainaren 18an.
Manuelek Herio Anderearen bisitaldia berandu xamar izan bazuen, egoera bertsua bizi izan zuten bere arrebetako bik: Ana Joakina Asteasun eman zuen azken hatsa, 1871ko martxoan, eta Agustinak, berriz, Usurbilen eta 1893ko martxoan, artean 85 urte bete gabe zegoela. Horien ondoan, bikiek lehenago utzi zuten mundu hau, askoz lehenago: Juan Josek Larraulen, bere 31. urtebetetzean bertan, 1833ko urtarrilaren 25ean; Joana Mariak, aldiz, aldez aurretikako heriotzen errealitate gordinaren aurrean jartzen gaitu, jaio eta hilabete pasatxora zendu baitzen, 1802ko otsailaren 20an. Frantzisko Ignazio eta Josefa Ignazia anai-arrebak, aldiz, noiz joan zitzaizkigun ez dakigu.
Ezkontzen inguruan datuak eskasagoak dira; baliteke batek baino gehiagok mutil-zahar edo neska-zaharraren irudia betetzea; Juana Mariak eta Juan Jose bikiek, goiz hil izanagatik, ez zuten aukerarik izango. Argi dago, baina, 1820rako anairen batek –ziurrenik zaharrena zen Frantzisko Ignaziok- gurasoen kabia utzia zuela eta ziurrenik hori izan zen epaileak erabakitako Joxepaiñaxiren estalpe berria.
Zoritxarrez, artxiboan gordetako espedienteak ez digu elkarkidetzaren inguruan sortutako kalapiten kontua zertan gelditu zen argitzen. Alabaina, badago datu interesgarriagorik. Auziari lotutako aholkulari edo abokatuak 1821eko urriaren 15ean idatzitako ohar batean Juan Roke Arrue Asteasuko alkatearen legez kanpoko jarduna salatzen zuen: haren esanetan, azkeneko aholkuak betetzeko garaian abian jarrita zuen prozedura fundamenturik eta baliorik gabekoa zen, edo baliogabetasunez egindakoa; hau da, legeak markatzen zituen arauak eta jarraibideak bete gabekoa: “ha dispuesto con tanta informalidad y nulidad el cumplimiento del último auto asesorado”. Agidanez, Gorteek hartutako ebazpenen aurka joz, lursail edo soroetan biltzeko zegoen uztaren gainean bahitura egitea erabaki zuen herriko auzapezak. Honen aurrean, aholkulariak bere jarduna jarraitzeari uko egin zion, espedientea hemen amaitzen delarik.
Abokatuaren erabakiak gogorra ematen du; behintzat auto bakarrean izandako jardunean oinarritzen bada. Ziurrenik, erabakia ez zen berehalakoan hartu eta prozesu baten azken pausoa litzateke, alkateak aldez aurretik izandako portaeren ondorioa. Beste era batera esanda, Asteasuko udal-epaileak abokatuak esandakoei ez zien inolako jaramonik egiten eta azkenean, haserre biziz, amorruz edo etsipenaren etsipenez, aholkulariak pareta hori eraisteari uko egin zion. Baliteke horren guztiaren atzean usadioaren eta zuzenbidearen araudiren arteko talka egotea. Ez dugu ahaztu behar 1821 urtea Espainiaren giro politikoa noraezean eta gorabeheraz betea zegoen garai batean txertaturik dagoela. Hemen ere, zaharrak berri.
Euskarazko hitzak dituen agiria alkatearen prozedura sasi-arautu horiekin lotu behar dugu; bahitutako ondasunekin, hain zuzen ere. Espedientean horren nondik norakoaren berri ematen digun idatzia sartzen da. Honatx dokumentuak zer dioskun:
“Enbargatu ditut, juez Soroetac aguindu diran becela, Manuel Viouideburucoari, emen esango dan moduan:
Yt., la mitad de los maíces para el amo, otro mitades [sic[ enbargados.
Yt., la mitad de los nabos de yd.
Cien ducados de a ocho rreales de (yd) ganado de yd.
Yt., una onza y media de oro de yd.
Yt., dos fiezas [sic] de lienzo de yd.
Yt., necazari bati tocacen zaizcan haleac, bere moduan, de yd.
El depositari [sic]: su padre.
Testigos: Miguel Antonio de Querejeta.
Nicolas de Roteta.
Ylardia.”
Ikus dezakegunez, ez da agiri luzea; are gehiago, ohar soil baten aurrean gaude. Bahituraren prozedura bete dela aitortzeko balio dezakeen zirriborroa da, baina balio juridikioa eman diezaiokeen lekukoen, notarioaren edo bestelako pertsonen sinadurarik gabea edo hizkuntza handi, jori eta legeak arautzen duena islatzen ez duena.
Bestalde, dokumentua ez dago euskara hutsean. Hasierako eta amaierako esaldiak dira hizkuntza horretan topa daitezkeenak. Idazlea hautu hori egitera zerk bultzatu zuen jakitea, ezezaguna zaigu. Hau berezki deigarria da, ohikoak liratekeen esaldiak, erran nahi baita euskaraz ikustea arruntagoak liratekeen zatiak, gaztelaniaz daudelako eta goiburua, tradizio juridiko-administratiboa jarraitzen duena eta, ondorioz, gaztelaniaz agertzea logika gehiago lukeena, euskaraz ageri zaigulako.
Bahituran hartutako ondasunak Manuelen morrontza egoerarekin zerikusia dutela ematen du: abizen moduan Beobideburu’koa zela adieraztea 1820ko akordioan adierazitakoekin lotzen badugu, hartu zitzaizkion gauzak baserri horretan morroi lanetan ari zela aditzera ematen digu; zer esanik ez bahituran hartutakoaren erdia bahituratik at geratzen denean, nagusiarenak, baserriko jabearenak, zirelako.
Oharraren egileaz ezer gutxi esan daiteke. Egindakoa, Soroeta “juez”-aren mandatua betez egiten duela esaten digu, baina epaile hori ez dirudi Asteasuko alkatea zenik, aholkulari edo abokatu bezala zebilen Soroeta Lizentziatua baizik. Egoera honetan, bahitura prozedura burutu behar zuen alguazila izan zela ondorioztatu dezakegu; zoritxarrez, ez dugu bere izenik.
Iago Irixoa
Argazkia: Asteasuko Udal Artxiboa, signatura 262-08