Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 1.3 Sua – Uriel, Bergara matxinoa

Lehen input-a: Bergarak ere matxinoen araudia onartu zuen.
Bigarren input-a: Bergarak indarrez garaitu zituen matxinoak.
Biak batera egin zituen, egun berean.
Nola zeinke?

Bergarak Gipuzkoako matxinoen armada indarrez garaitu zuela iragarri zuen hainbat agiritan. “Relación del modo con que se disipó por los vecinos de la villa de Bergara… la sedición de los de Elgoybar y otros pueblos de su inmediación, y de la misma Provincia!”.

Han eta hemen berdin-berdina ez bada ere, funtsean Bergarak dioena da 180 gizonekin aurre egin ziola 400 bat pertsonek osatzen zuten armadari. Matxinoek, gainera, Soraluzetik ostutako goi-mailako fusilak zituzten; eta haientzat espioitza lanak egiten zituzten urdangek (mujerzuelas). Hiriak, berriz, antolamendu fina, militar erretiratu Jimenez estratega handia, balorea eta defentsan gogor jardun zuten andra errespetagarriak zeuzkan.

Udalak enkargatu testuen arabera, Zubietan eta Santamaina inguruan eman zen borrokaldia. Inguruko etxeetan teilak eta harriak metatu zituzten, erasotzaileei jaurtitzeko. Santamainan eta zubian, berriz, gizon armatuak; baina hauek jartzeko moduagatik, armada handia ematen zuten.
Gainera, matxinoen buru ziren Soraluzeko udal konpainia izan zen kaskoan sartzen lehena. Sartu ahala, armak lurrera bota zituzten. Oso pasarte iluna da hau; Elgoibarren mehatxupean parte hartzen ari omen ziren, baina, era berean, haiek zituzten armarik onenak… Agian seinale baten zain geratu behar omen ziren hirigunean…

Bergara eta Elgoibar buru zuten matxinoen arteko negoziazioek ez zuten aurrera egin. Bergarak emandako ultimatuma entzutean, matxinoek ospa egin zuten. 14 atxilotu egon ziren.

Tiro bat bera ere ez.
Erabateko garaipen militarra.

Alta, Bergarako udalak akta liburuan jaso eta sinatu egin zituen Mutrikutik matxinoek zekartzaten aldarrikapenak: prezioak mugatzeko, apaizen lanak eta ordainak erregularizatzeko, hainbat ustiaketa komunari buruzkoak…

Bistan denez, udalak ez zuen hori betetzeko asmorik; are, sinatzerakoan ere hala adierazi omen zuten: araudi hori Mutrikuri buruzkoa zela, ez Bergarari buruzkoa. Gainera, matxinoei trufa egiteko edo, baten batek Francisco de Goya bezala sinatu zuen (tira, aztnugal sinatzea bezala edo).
Benetako kalapita garaipena ondoren hasiko da.

Bergarak ez du onartuko sinatu izana. Onartzen duenean, betezeko asmorik ez zuela izan argudiatzen du. Publikatu eta Gorteraino bidaltzen duen bertsioan, euren askatzaile papera aldarrikatzen dute, gainontzeko herriei matxinokeria leporatuz…

Elgoibar eta Mutrikuk, bereziki, salatzen dute Bergarako jarrera. Buruz burukoa Bergara – Aldundia bihurtzen delarik.

Ohorea, orbain gabekoa, ordena jagole, matxinoen garaile, legearen ezartzaile… errege-erakundeen babesle eta hauen babesaren eskale… Egoera surrealista bihurtzen da gure begien aurrean.

Izan ere, Aldundiak matxinoen araudia, ekonomia morala defendatzen duen araudia, sinatu dutenen artean sartzen du Bergara, eta hori bertan behera uzteko agindu. Bergarak, labur esanda, bertan behera ezer utzi ez duela errepikatzen du. Bere jarrera bakarra eta eredugarria izan dela dio behin eta berriz.

José María Inurrateguik jorratzen du gaia. (Monstruo indómito: rusticidad y fiereza de costumbres liburuan. EHU 1996). Linebaughen eta Redikerren hydra Gipuzkoan gorpuztua zen, beraz.
Bergarako udal artxiboaren web gunean ere aktak daude irakurgai.

48 urteren buruan, ekonomia liberalaren aurkako hirugarren altxamendua zen 1766koa. Erregearen begien aurrean, Gipuzkoa matxinoa da. Aldundia ez da gai hori geratzeko. Gainera, herriak dira Aldundian ordezkatuta daudenak, beraz…

Aldundian herriak ordezkatuak izan arren, patrizioak dira nagusi. Eta hauen sistema da kolokan geratzen dena. Barne disziplina eta antolaketa berreskuratu nahian, Bergarako jarrera oztopoa da. Ta Bergaran zein da buru? Bergara da EHko gune ilustraturik handiena, behintzat alde praktikoari begira. Gure uste apalean. Seminarixoaren inguruan altxatu heziketa, ideologia, berrikuntza,… orduko krisiari aurre egiteko modu bat da hura: liberalismo gehiago nolabait.

Matxinoena, kontrakoa: Polanyi deskribatutako merkatu aurreko gizartea, Thompsonek deskribatutako moralezko ekonomia. Estatua, ekonomia, indibiduoa… banatu gabe gizartean.
Bergaran badago beste ezaugarri berezi bat: Olaso jaunarena. Zuzenean erdi aroko Ahaide Nagusiengana eroaten gaituena (baina, era berean, ezkerreko independentismoraino. Etxe hau gure Historia kontatzeko gai da!)

Eta Olaso jada dago aurrez aurre Aldundiarekin, batez ere honek luxuzko adierazpenak debekatu nahi dituenetik. Olasorentzat, hori matxinoen aurrean men egitea da, besteak beste. Eta Aldundia baino Handiago dena berdintzeko saioa ere bai. Berak, eta luzapenez bere herriak, agian soilik Erregeari erantzun beharko liokete…

Matxinoak, jende xumea, estu hartzeak eskumenen arteko lehia bihurtzen da. Zeinek lortu ordena mantentzeko lehia? lege matxinoa, probintzia legea, estatu garaikiderantz abiatzen den erregearena…

Erantzuna ez da behin betikoa izango. Mende amaieran, 1796aren bueltan, bidelapurrak estu hartzeko antzeko eztabaida izango dugu probintzian.

*Erlazionatutako dokumentua etzi.pm atarian

*Irudiaren jatorria: https://www.bergaraturismo.eus/es/ibilbide/bergarako-gerriko-berdearen-bira