Eburniko kattana 2.1 Otso-harria – Errege bidea
Orain dela 25 bat urte, Gipuzkoako komunikabideak historiatzeak berrikuntza handia ekarri zion gure Historiari. (Elena Barrenaren zuzendaritza pean: Gipuzkoako Komunikabideen Historia. 4. alea. Gipuzkoako Aldundia.)
Lurraldearen osaketa espazioaren erabilera eta eraldaketarekin lotzen zuen. Espazioa erabiltzen eta eraldatzen zuena komunitate politikoa zen. Komunitate hori ere ez zegoen aurretik emana; aldakorra da. Haren garapenak Aldundiaren gobernura eramango gaitu XVIII. mendean. Horrela, herriz herri doazen eta herrietakoak diren bideen batuketa beharrean, bide bakarra eta probintziala da proiektatzen dena. Hauspo zabaleko merkataritzaren mesederako. Ama Gipuzkoa ernalduko duen Aita bidea, hain zuzen ere.
Jakina, bideak bat egitea matxinada garaiarekin ez da kasualitatea. Bideak berak ekonomia eta gizarte modu eta eredua gorpuzten baitditu.
Bideen historia, beraz, historia politikoa da. Bideek errealitate zein hegemonia sozial eta ekonomikoei erantzuten diete.
Baina, era berean, naturaren eraldaketaren historia ekartzen dute gogora. Bai eta zientziarena ere.
Esan gabe doa, historia ekonomikoa ere aintzat hartzen dute, finantzen ikuspuntutik. Errege Bide berriak ordaintzea ez baitzen izan gauerdiko ahuntzaren eztula.
Hori dela eta, XVIII. mendean Gipuzkoako lurraldearen ardatz eta Gipuzkoako ekonomiaren ardatz izateko eraikitzen den kotxeentzako bide berrian lapurretan dabiltza talde antolatuak Probintziaren etsaitzat hartzeak ez gaitu harrituko. Ezta horiek jazartzeko polizia garaikideak ere.
Intsusaga, Astigarraga eta Oreretaren muga, lapurretarako toki ona izango da. Baiona – Pasaia – Donostia ibilbidearen erdian baitago. Izan ere, egun horren popularra den kostako bide horrek ez du inolako funtsa historikorik. Probintziako Bide Nagusia kostatik joatea ezinezkoa baita, egun kosta dena ura, hondarra eta padura baitzen.
Erlazionatutako artikulua etzi.pm atarian
Irudiaren jatorria: Wikiloc