Artxiboak Eburniko kattana

Eburniko kattana 3.2 Fisika – Lezo

Blas de Lezori buruz idatzi diren hiperbole guztiak bere neurrira ekartzeko, Gracia Rivasen (Itsas memoria) eta Olaranen (Lezo eta batez ere Historia de Blas de Lezo) irakurtzea komenigarria da. Fikzioan oinarritu baita, hein handi batean, Lezoren gaineko istorioa. Horrek ere zer pentsa eman beharko lioke etorkizunerako ereduak iraganean bilatzen dituenari.

Lezo familia, bai eta Pasaiako adarra bera ere, oso interesantea da badia ulertzeko. Ordea, badian jaio besterik ez zuen egin Blasek. Gure herrian, haren garaikideentzat, hutsaren hurrena izan zen bere eragin zuzena.

Herritarrei “ahanztura” leporatzea eta figura hori behin eta berriro loratzearen beharra ikerketa historikotik aldentzen da. Edo ez.

Alegia, 16 urtetako haur batekin ezkontzea edo esklabuak izatea, XVIII. mendearen egituren baitan ulertu beharrekoak dira. Ostera, XXI. mendean gure herria ordezkatzeko aukeratzen ditugun ereduen zilegitasuna eztabaidagarria da. Loratzea ez baita orbain gabea. Hala ikusi nahi ala nahi ez.

Era berean, XIX. mendetik aurrera Lezorekin tematu direnak aztertzea eta loratze horren atzean ezkutatzen duen gizarte eredua aztertzea, hori bai dela historialarien lana. Zer esanik ez, loratze horretan faltsukeria oinarri denean.

Europako beste herrialdeetan debate publikoaren inguruan adosten dira eredu sozial hauek. (Herbeheretan VOC-en buru Coen-ekin gertatu bezala). Gurean, ordea, foralismoa, militarismoa, xenofobia eta beste hainbat keriazaleek figura historiko hauek popularizatu egiten dituzte. Eta guk hartu, jatorrismoaren izenean.

Erlazionatutako artikulua etzi.pm atarian
Irudiaren jatorria: Jan Pieterzszon Coen. GerardM at Dutch. Wikipedia