Eburniko kattana 3.3 Fisika – Lafayette
Pasaian eman diren gertakizun harrigarrien artean Lafayetten bidaia dugu. Villaviciosa jauregian plaka bat eta han eta hemen errepikatzen den grabatu moduko bat. Bi lekukotasun horiek gogoan hartzen dute… zer demontre da gogoan hartzen dutena?
Izan ere, zein zen Lafayette? Zer egiten zuen Pasaian? Berak ikusi zuenetako zer dago gaur zutik paisaian? Nora zihoan? Benetan adierazgarria da hori gure herriarentzat?
Alabaina, Lafayette izena ezaguna egiten zaigu denoi. Galeria komertzial ospetsuak dira. Ordea, La Fayetteko markes Gilbert du Motier nor izan zen eta zergatik ezagutu beharko genukeen, hori beste upeleko sagarnoa da.
Horregatik, hura ezagutzeko beharra edo derrigorra ea dagoen da galdetu behar duguna. Horri erantzuteko, baina, pertsonaia, gertakizuna,… aztertu eta baloratu beharko dugu. Izan ere, ez gaude behartuta iraganean gure inguruan eman zen guztia ontzat ematen; ontzat ematea gure hautua da, beste garai honetan bizi garenona. Ezagutu ondoren erabakiko dugu gure tokiko komunitateak osatu nahi duen imajinariorako hartzen dugun ala ez. Ez gara juzkatzen ari zer egin zuten gure arbasoek. “Han” bizi ziren, toki arrotz batean, gurekin ia ingurunea ere komunean ez duen toki batean, eta ez-denbora batean. Bai ordea guk egiten dugun hautua. Izan ere, iraganaren gainean egiten dugun irakurketak eta jabetzeak gutaz hitz egiten dute, gu islatzen gaituzte.
Hortaz, ez gaude behartuta. Alta, zilegi zaigu galdera eta interesa.
Horiek horrela, zein zen izena bera eraldatzeko ausardia izan zuen Lafayette hori? Izen aldatze horrek ez al du jada bere borondatea azaltzen? Forma berri bat sortuz, hark ere iragana aztertu eta bere denborara eraman ez ote zuen, egokitua, doitua, interpretatua, eguneratua.
Esan bezala, Markes jaio zen Lafayette. Eta nerabea zenerako Erresumako ondasun handienetako jabe zen. Gaztaroan tertulia filosofiko eta politikoetan ohiko partaide. Jarrera politikoa sendotzen, lantzen eta tenkatzen hasi bezain pronto, Ameriketan ingelesek zuten kolonien aldeko jarrera hartu zuen. Are, Ipar Amerikako armadako kide bihurtu zen… Frantzian.
Etsaia ezagutzera joana zen ere, Ingalaterrako gortea ezagutzera hain zuzen ere, libertimendu puntu batekin. Frantzian bere asmoak zabaldu ziren, baita erregeak Lafayette xaxatu ere, markes gazteak buruan zituen txoriak uxatze aldera edo: Ameriketara joan Ingalaterra borrokatu eta koloniak askatzen laguntzea. Ez da txori txikia hori. Ez soilik abenturagatik, ez nagusiki abenturagatik, koherentziaz, sinistuta, elite gisa, talde txikian, lagunekin, logiakideekin izandako eztabaida partikularrak maila unibertsalera eramateko nahia zuen.
19 urte baino ez. Trikimailuz trikimailu Pasaian dugu Lafayette, bigarrengoz, apirilaren 26an, ontzi oso bat fusilez beterik Ameriketaratzeko prest. Geroa iragarriz, “Victoire” du izana ontziak. Lehen garaipena, Pasaiatik onik atearatzea izan zen.
Harriduraz hasieran, eta harrituak gerrak aurrera egin ahala, Lafayettek amerikanuen miresmena irabazi zuen. Su zelaian irabazitako ospeari gaitasun politikoak erantsita, Lafayette sortzear diren Estatu Batuen heroia izango da, hauen enbaxadore Frantzian. Bi munduetako heroia, berriz, ideia politikoak barneratu eta kontinente zaharrera ekarri zituen.
Bide berriari ekin zion Frantzian. Iraultzan parte aktiboa izan zuen, erregezalea izanda, progresoaren ideiak landu zituen. Iraultza, kontrairaultza, Napoleon, errestaurazioa, gerrak, intrigak… Lafayetteren meriturik txikiena ez zen izan, ez, bizirik ateratzea. Tarteka baztertuta, ekintzaile politikoa izaten segitu zuen luzaroan.
Frantziak itota, Ameriketara egin zuen berriro saltoa, esker onez hartu zuten beste behin ere. Are, Bolibarrekin harremanetan jarri zen, bi Ameriken arteko zubi lan esanguratsuak burutuz.
Zer da, baina, Lafayettengandik oraindik liluratzen gaituena? Pasaian egonaldi laburra eta Pasaiarik gabekoa izan zen berea. Gune estrategikoa zen portua, ozeanoa zeharkatzeko tokirik aproposena. Horrek baino ez zion erakarri gurera. Akaso badian Ameriketatik ekarritako eta bertan inbertitutakoak haren arreta bereganatuko zuen. Akaso Bolibarri idatzi zionean, Caracaseko Elkargoaren egoitzaren ondoan ontziratu zela gogoratuko zuen Lafayettek: hain zuzen ere, Bolibarren etsai Arizabaloren etxe parean. Kausalitatea, kasualitatea.
Gaztea zela, horrek ere erakargarria egiten du markesa. Eta haren hainbat aldarrikapenek, abolizionismoarenak esate baterako, Pasaian horren errotua dugun Hugorekin gogorazten digu.
Ororen gainetik, baina, ideien etengabeko debatea, ideien talka, teoria eta praktika, debate eta praxi politikoa, kontraesanak, borroka sutsuak (odoltsuak ere bai)… Lafayette gure munduaren sortzaileetariko bat izan zen. Horregatik ikusten dugu sinbolo bat harengan, Pasaia berria irudikatzen eta munduan kokatzen lagun dugun sinboloa. Mundua berriz eraldatu behar dugun honetan.
Erlazionatutako artikulua etzi.pm atarian
Irudiaren jatorria: Wikipedia