Ekialde Hurbila komiki bidez, tunel batetik abiatuta
Rutu Modan
Túnels. Llibreria Finestres
Kidetzaren Kutxa Indiana Jones ala Laura Croft-en helburuen artean, edo jabetzen artean badugu ere, hura topatzea dute helburu Rutu Modanen komiki honen protagonistek. Hauek talde heterogeneo batera batu beharko dute, nork berak bere txangurro tartean, kutxa sakratuaren bila abiatzeko.
Abentura klasiko bezala irakurtzen ahal da komikia, Tintin ala Blake eta Mortimerren kutsukoa. Bederen, estilo argiari nahiz narrazioaren zein bineten antolaketari dagokionez. Umorea eta tentsioa ere badauzka tartean.
Bistan denez, dialogo eta egoera surrealistek errealitatea behar dute oin gisa, nekez dira asmatzekoak. Esaterako, unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen herrak eta zitalkeriak oso errealak dirudite.
Lurralde okupatuen inguruan bizi diren pertsonak gizaki gisa portatzen dira, bakoitza bere izaeraren arabera. Protagonista nagusia emakumezkoa eta judutarra izatea ez da kasualitatea, autorearen nolabaiteko sosias papera egiten baitu. Alegia, abentura klasikoaren funtzioa oso ondo betetzen du komikiak, entretenigarria da.
Ostera, lehen irakurketa horrek oihartzuna uzten du. Bukaerako cliffhangerrak erremate bikaina da, baina, era berean, amildegian esekita uzten gaitu eta, ondorioz, narrazioak abentura klasikoa baino askoz gehiago ezkutatzen duela pentsatu behar dugu. Azken batean, hobeto pentsatuz gero, heterogeneidadea ez da soilik errekurtso literarioa, eta bilaketa lur azpian eta estrategia ezberdinetan gertatzea ere ez. Horretan datza komikiaren handitasuna: bigarren irakurketaz eta esanahiaz jabetzeaz.
Ezin aipatu gabe utzi argitaletxea, Bartzelonako Llibreria Finestres-ek sortutako Finestres argitaletxea hain zuzen ere. Liburu dendetan liburuak saltzen badira ere, Finestresen gehiago topatuko duzu. Harrera goxoa, liburu funtsa itzela (“sarrera”ko gunetik ateratzea oso latza da), irakurtzeko Diogenes gunea, kafetegia, giroa, jarduerak, liburuen iruzkinak… eta orain, gainera, komiki edizioa. Ez nolanahikoa, kaleratu dituzten tituluak zein baino zein interesgarriagoak dira! Eta itzulpenak katalanera irakurtzea horren urrun ez dagoen kulturara hurbiltzeko bide erraza da.
Azkenik, Ekialde Hurbilaren gaineko komikiak uste baino ugariagoak dira. Aski ezagunak diren kanpotarren kronikekin batera (Delisleren Jerusalemgoak, Saccoren Palestinari buruzkoak, Zerocalcareren Kobane eta gainontzeko kurdulogiarenak), bertoko emakumezkoen lanak ere aipagarriak dira: Doganen Prison n.5; Girardiren Kurden people; Merhejen Erreximentadun yogurta eta, orain Modanen tunelak. Paisaiak, gaiak, pertsonak, gatazkak, nahiak… gureak ez diren begien bidez azalduta.
Dst jauna.