Artxiboak

Elikaduran murgilduz: mokaduak eta oturuntzak

Mendebaldeko gizartearen osasunaren inguruan egun dauden arazoak ez dira gutxi. Horietako hainbatek eta hainbatek elikadurarekin zerikusia dute, garai bateko ohiturak, errezetak eta produktuak geroz eta gehiago baztertzea faktoreetako bat delarik; azkeneko urteetan albo batera geratzen ari direnak suspertzeko etengabeko lanak egiten ari dira. Bestalde, gure herriaren identitatearen ustezko oinarri moduan sukaldaritzak eskuratu duen protagonismoa oso argia da, ia folklore arruntean edota sasizientifikotasun batean erori delarik. Egoera honen aurrean, harrigarria gerta daiteke ikuspegi historikotik egin diren azterketa eskasak. Aspaldiko gizarteen elikadura eta jatekoei buruzko lanak ez dira oso ugariak; aitzitik, hurbilketa batzuk egin badira ere, azterketa sakonak ia hutsaren hurrengo izaten darraite.

1.- Egunerokotasunaren printza batzuk

Elikadurarena propio garatutako gaia baino, jan-edan kontuak beste ikerkuntza alorren menpe gelditu dira gehienetan, besteak beste, jarduera ekonomikoen edota udal-gobernuen eskumenen analisiak egiten dituzten horien baitan (1).

Azken hauen inguruan Oiartzungo udal-aktek hamaika datu eskaintzen dizkigute, eta anitz ikuspegirekin. Garaiko udal-agintariek oinarrizko produktuen hornidura eta salmenta bermatzeko zituzten eskumenei lotuta, hor ditugu xingarra, esnea, arrautzak, ogia, garia, babak, gazta, esnea, bakailaoa, Galiziako sardina, zahia, olioa, ardoa, sagardoa eta bestelako produktuen prezio edo salneurriak arautzeko ebazpenak, hein batean edo bestean urtero errepikatzen direnak.

Gizartearen portaeren esparrutik ere, zenbait informazio lor dezakegu. Ikuspegi oso orokor batek Elizaldeko iturrian arropa, barazki, arrain, pitxar eta bestelako gauzak garbitzeko debekua dugu, etengabean azaltzen zaiguna. Horrez gain, datu zehatzagoak ikusteko aukera ere badago, bereziki XVII. mendearen azken laurdenean. Garai hartan, auzo bakoitzari bere lurretan baratzea jartzeko agindua zuzendu zitzaion, ematen ziren lapurretak ekidin aldera. Agidanez, nahi baino ohikoagoak ziren norberarena ez zen sailetan sartu eta bertako mozkin, fruitu eta uzta bilketak. Hori ikusita, oiartzuar bakoitza ereiteko lurra eta baratzea jartzera behartu zuten 1672an, bertan haziak ereiteko edo, gutxienez, aza, tipula, porru, ilar, babarrun eta bestelako barazkiak landatzeko.


Bakoitzak bere baratzeak izateko agindua (1672) (A-1-2-1, 6 au.)
“…hagan sus guertas sembrando en ellas todo género de semilla o, por lo menos, la berça, çeuolla, puerro, arbeja, alubias y otros géneros…”

Halaber, badira elikaduraren inguruan berrikuntzak islatzen dituzten datuak. Gauza jakina da Amerikak zenbait ekarpen egin zituela (tomatea, patata, piperra), nahiz eta horiek gurean hedatzeko prozesua berehalakoa ez izan. Itsasoz bestaldetik ritsi ziren fruituen inguruan artoak izan du protagonismo nagusia, benetako iraultza ekarri baitzuen. Udal-aktetan bildutako berriak 1678tik aurrerakoak dira, ordurako nahiko hedatua zegoela ematen duelarik (A-1-3-2, 162 au.-at.).             Indaba edo babarrunaren kasua bereziagoa da. Oiartzuarrek beraien bizitzetan pixkanak leku handiagoa egiten hasi zitzaizkion. Eta goian 1672ko adibidea jaso badugu ere, zenbait hamarkada igaro behar izan ziren lekale horrek arrakasta erdietsi arte. Data horretako aipuak ez du jarraipen handirik izango eta hamarkada luzeak igaro arte ez zaigu agertuko. Aipu berriak, baina, oso informazio adierazgarria emango digu, bere arrakastari buruzkoa. Badirudi Indietako baba hura urruntzat jotzen zela, gutxi ereinez. Urteak joan, urteak etorri, bere lekua hartzen hasi zen. Hastapenetan mesfidantzaz: 1726ko abuztuan, adibidez, aza, babarrun eta bestelako gauzak saltzeko dituztenak Elizaldeko plazara eraman eta diru truk sal zezatenaren agindua plazaratu zen (A-1-26-1, 246 au.-at.). Handik gutxira, ordea, egoerak oso bestelakoa zirudien. Elizak ale horretatik fruitu ekonomikoak ateratzeko asmoa agertu zuen 1728an, izan ere “babarrunaren fruitua urte gutxitatik hona erein eta biltzen dela, eta ez duela ez hamarrenik, ez hasikinik ordaintzen, berorren auzoek betebehar horietatik salbuetsitzat hartzen dutelarik”; barazki hura geroz eta hedatuago zegoenaren seinale garbia.


Babarrunaren arrakasta (1728)
que de pocos años a esta parte se siembra y coge el fruto de la aluvia y que no dizma (sic), ni primicia, considerándolo los vecinos de V. S. como essenpta de estas obligaciones”( A-1-27-1, 377 au.-378 au. folk.)

Halako datuez gain, zaila da elikadurari buruzko informazioa udal-aktetan topatzea. Izan ere, ohiko kontu ugari, arruntak zirenak, gizarteak guztiz barneratua zituenak eeta arazorik ematen ez zutenak, oso gutxian aipatzen dira agirietan. Badira, dena den, gaia ikertzeko euskarri interesgarria osatzen dutenak, bereziki ezohiko ekidaldietan prestatuttakoak. Eta horri zukua atera nahian, oraingoa gutiziei leku egingo diegu; ezohikoagoak diren jakiei eta gertakari edo ekitaldi bereziak ospatzeko garaian burutzen zirenei, egunerokotasunean kontsumitzen zena baina gauza bereziagoak topa ditzakegulako.

2.- Modaku bereziak: jaietako gozemateak

            Aurreko mendeetan jendeak ez zuen etengabe lan egiten. Orduko hartan ere, jai egunak izaten ziren, gertakari erlijiosoetan oinarritutako edota kristautasunak moldatutako egunetan. Urtean zehar jai egitea aukera ez ezik, derrigorrezkoa izaten zen. Egoera horretan zeuden igandeak eta jai egun orokor edo nagusiak eta azken hauen bezperak. Gauzak honela, gaur izan ditzakegun 117 jai egunekin alderatuta, egoera ez zen oso desberdina. Zenbait ikertzailek egindako kalkuluen arabera, eta tokian tokiko ospakizunak aintzat hartu gabe, Gipuzkoan XVI. gizaldian zerabilten kopurua 100 ingurukoa ziren; eta XVII. mendeko Katalunian, esaterako, teoria eta egunerokotasuna uztartuta, egile batzuek urte erdia (¡?) jai egun zela iradoki dute (2).

            Oiartzuni gagozkiola, Corpus egunean dantzariei ematen zitzaien bazkaria dugu. Lerrorik nagusienetan, hauen inguruko berriak aipamen orokorrak dira, zehaztasun gutxikoak. Mariana Zubietak hartutako lanen berri dugu; 1679an, adibidez, 36 laguni jaten eman behar izan zien eta bi urte beranduago, berriz, ezpata-dantza burutu zuten 51 gizoni (A-1-3-3, 97 au.-98 au. eta A-1-4-2, 143 au.).

            Herriko jairik nagusienetakoak Done Ezteberi lotutakoak ditugu. Alde batetik, santuaren beraren eguna, abenduaren 26an ospatzen zena, eta, bestetik, bere gorpua aurkitu zenekoa, Done Ezteberen Aurkikuntza zeritzona, abuztuaren 3an ospatzen zen. Udako giro goxoan izanik, ospakizunak dibertigarriak antolatzeko aukera ematen zuen jai horrek, nagusienak zezenketak eta antzara-jokoa izaten zirelarik. Zezenketak ikusteko oholtzan esertzen ziren autoridadeei askari edo mokadu bat ematen zitzaien, gozemate izenekoa.

Izenak berak dioen bezala, gozoa zen, zapore horrek garai hartan zuen ospe eta sonaren seinale. Martin Ibarburu Aranederrak, 1713ko zezenketetarako, gozokiak eta frutak eskaintzeaz gain, Tolosatik bi arroa elur ekarri zituen eta, halaber, bi zezenketan zehar oholtzan izan zirenei zahagi bat ardo eta azken zezenketaren ondoren dantzan atera zirenei edatekoa ere eman zien.


Martin Ibarburu Aranederrak 1713ko zezenketetan egindako ekarpena
traer de la villa de Tolossa una carga de niebe (…) un pellejo de bino en las dos funciones y en dar refresco a los que salieron en la danza…” (A-1-16-2, 143 au.)523 mm x 370 mm

Datuak bost urte berandoagu zertxobait aberatsagoak dira (A-1-18-2, 162 au.-at.). Elurrarekin batera, lehenengo zezenketarako 14 libra bizkotxo ekarri ziren, baita 20 libra (10 kilo inguru) udare ere, gehi antzara-harrapaketan parte hartu zutenentzako edatekoa. Oso antzekoak dira Manuel Lekuonak 1730eko zezenketetan izandako elikagaien gastuen kontzeptuak: Tolosatik ekarritako zama bat elur, bizkotxoak, lau arroa ardo (gozematean eta alero-dantzan hornitutakoa), baita udareak ere; azken hauek 1718an gastatu ziren baino dezente gehiago izan ziren, 56 libra, hain zuzen ere (A-1-29-1, 230 au.-at.).

1729an Marina Antonia Aristizabal arduratu zen zezenketa egunetan askaria eta gozematea emateaz, bizkotxoak, gozokiak eta “esponjak” (uretan sartzen ziren zapore eta kolore anitzeko azukre-koxkorrak) banatu zituelarik (A-1-28-1, 210 au.-210 at.). Bestalde, 1741ean, Maria Antonia Ariztizabalek freskagarri, gozemate edo mokadurako bizkotxoez gain, “marquesote” edo markes-opilak izenekoak ere jarri zituen (A-1-40-1, 206 au.), hau da, erronbo formadun opilak, arroz- edo arto-irinez, arrautzez, azukrez eta bestelako osagaiz eginak eta labetuak.

Urtsula Unsein edo Unsain ardo-tabernari eta sagardo ekoizleak (3) 1721ko (A-1-21-1, 372 au.-at.) bi zezenketa egunean emandako askariak aurrekoak baino itxurosoagoa zirudien. Eta horiek gozotik bazuten ere, bestelako gutiziak txestatzeko aukera izan zen: oilaskoak, oilandak, urdaiazpikoa, arrautzak, fruta, esponjak, bizkotxoa, elurra, ardoa, baita espeziak eta garia ere. Jakina, horiek nolabaiteko prestaketa izan behar zuten eta Urtsula bera izan zen arduradun, hori egiteagatik 20 errealeko lansaria jaso zuelarik: “por la ocupazión y trauajo que a tenido en dichos días en disponer dichas colaciones”.

            Adibide bereziagoak ere ikus ditzakegu, sortzez Asteasukoa zen Matias Ramirez Arellano botikari-maisuarena, kasu. Bailarako botikari moduan izendatu zuten 1729 urtean bertan, zezenketen bi egunetan gozematearen edariak prestatzeaz arduratu zen, osagai modura limoiak, almendrak, azukre txuria, kanela eta meloi- eta kuia- edo kalabaza-haziak erabiliz (A-1-28-1, 208 au.-at.). Ziurrenik, denak batera nahastu baino, freskagarri edo azukre-ur desberdinak egingo zituen, edo agian esne-edariak, almendrarekin egindakoak bezala.

3.- Eliz agintarien bisitak, oturuntza berezien lekuko

            Ohiko edo aurreikusitako ekitaldi horiez gain, gizarteak ezustean harrapatzen zituen edo ezohikoak ziren gertakari eta ospakizunei ere aurre egin behar zien. Hauen artean, gotzainak edo bere ordezkariek elizbarrutiko artaldera egindako urteroko bisitak ditugu, artzainak bere elizatarrek zituzten ohiturak ortodoxia katolikora moldatzen ziren ala ez ikusteko. Ez ziren beti burutu, baina egin zirenetan, gaiari buruzko informazio ugari ematen digute, askoz zehatzagoa.

            Jan edo edari urritasuna ez zen ohiko kontua zenbait kasutan, hamaika hizkuntzatan dauden esaera zaharrek erakusten duten bezala. Garaiko testuinguru kulturalak ere laguntzen zuen, oturuntzak botere, ahalmen eta aberastasunaren lekuko gisa erabiltzen baitziren. Asko zen mahaigaineratzen zena, ahalik eta ugarien, anitzen, ezohikoen eta itxuraz prestatukoena izateko asmoz, beti ere norberaren aukeren edo testuinguru sozialaren arabera. Oiartzunen bizi zen gehiegikeriak oso handia izan behar zuen XVII. mende amaierarako eta udal-zorroari zekarkizkion gastuak hagitz handiak zirela ematen du; horren begibistakoa, ezen mugatu beharra sentitu baitzuen udalbatzak. Hala, 1675eko martxo urrun hartan, bisitariaren bisitan sortutako gastu handiegien ondorioz, ordutik aurrera horiek neurriz kalkulatu zitezela adostu zen, bisitariarekin doazen pertsonak murriztuz eta artzapez-barrutia osatzen duten beste herriekin gaiaren inguruan bilera bat izateko (A-1-2-2, 7 at.-10 at., 2. foliazioa).

            Nolanahi ere, bisita horiek ekitaldi bereziak izaten jarraitu zuten. Orain arteko akta-liruburetan ez dugu anitz adibideren berri, baina kualitatiboki ematen diguten informazioa oso ikusgarria da. Eta datuak hobeto ulertzeko alderaketa bat egitea beharrezkoa balitz ere, horiei begirada txiki bat emateak, ia edozer gauza urteko edozein unetan lor dezakegun honetan, bestelako errealitate, moda, joera eta gustoekin harremanetan jartzen lagunduko digu.

            Esan bezala, euskarri dokumentalak ez dira oso ugariak, aitzik, bi erregistro besterik ez ditugu, 1701ekoa eta 1715ekoa (hurrenez hurren, A-1-11-1, 276 au.-278 at. eta A-1-17-1, 163 au.-164 au.). Lehenengoan, Juan Ierobi Amolatz eta Pedro Albiztur benefiziadunek bistialdian izandako gastuak aurkeztu zituzten, guztira ia 1.980 erreal inguru. Bigarren adibidea 1715ekoa da, eta Pedro Aguado Iruñeako gotzainaren bisitaldiaren ondotik sortu zen. Gastuak ia bikoitza dira, 1.990 erreal eta, informazioa ere ugariagoa.

1701eko gotzainaren bisitan izandako gastuen zerrenda

Agiriek eskuratutakoaren berri ematen digute, bereziki elikagaiei dagokienez, baina bestelako gastu batzuk ere azaltzen zaizkigu: zelabere eta zamarientzako pentsua, ikatza, hegaztientzako artoa eta abar. Batzuetan erositakoaren kopuruak azaltzen dira, baina ez beti, hainbatetan gastuaren zenbatekoa bakarrik dugularik. Alabaina, garai haietako ospakizun berezietan zernolako gauzak jaten ikusten laguntzen digute.

Lehenengo eta behin, barazkien urritasuna aipatu beharra dago. Oso eskasak dira aipatzen direnak, garaiko pentsamoldeari jarraituz. Hamaika plateretan oinarrizko osagaia osatuko balukete ere, protagonismo nagusirik ez zuten eta, halaber, asko eta asko egunerokotasunean kontsumitzen ziren.

Haragiei dagokienez, alde batetik txerrikiak ditugu eta, bestetik, bestelako okela, normalean behi eta ahariarena. Urdearen aprobetxamendua modu ugaritan agertzen da, 1701ean produktu gehiago zerrendatzen direlarik. Hala, bi urteetan ageri zaizkigun urdaiazpiko, xingar edo urde-gantzaz aparte, solomo, saltxitxa eta 13 libra edo 7 kilo inguru urde belarri eta hankak aipa daitezke.

Hegaztiak ziren honelako otoruntza berezietan protagonismo aipagarria zuen produktuetako bat. Etxeko oilo, oilanda, oilasko edo kapoiak ugariak ziren: 27 oilo eta 36 oilanda aurkeztu ziren 1701an, eta 8 oilo, 4 oilasko eta 27 oilanda hurrengo bisitan. Hauei, usakume edo usapalek, galeperrek eta eperrek laguntza handia ematen zieten, horietako hainbat Frantziatik ekarriz. Ildo nagusietatik harago, bi urteen artean desberdintasunak ikus daitezke: 1701ean oiloak, usatortolak (6 ale), galeperrak (24 ale) eta eperrak (2) dauden bitartean, hurrengo bisitaldian benarrizak eta birgalkatutako ahateak (“patos repastados”) aipatzen dira, kopurua zehazten ez bada ere. Bestelako ehizari dagokionez, ez du ematen asko eskaini zenik, eta multzo horretan sar daitezkeen animaliei dagokienez, soilik lau pare untxi ditugu, 1701ean.

Arrain eta itsaskiak, berriz, lehenengo bisitan amuarrainak eta “itsasoko arraina eta txirlak” aipatzen dira, baina pentsa daiteke halako kontzeptu orokor baten barnean 1715eko ospakizunetan aipatutako mihi-arrain, barbarin, legatz, korrokoi eta izokinak ere bazeudela, edo horietako batzuk, bederen.

            Horiek guztiak edariz blaitzen ziren. Oraingoan ere, 1715eko erregistroa aberatsagoa da. Ardoa da benetako protagonista, arruntagoa gerta zitekeen sagardoaren kaltetan; azken edari honek ez zuen lekurik izan 1701an; 1715ean, aldiz, 100 pitxer ardo baino gehiagoren aldean, 4 pitxer sagardoak hutsaren hurrengoa dira. Jatorri ugaritako ardoa azaltzen zaigu: ardo beltza, Tuterakoa eta “Puerto”koa (Oporto? Puerto de Santa María?). Ardo txuria, 1701an bakarrik aipatzen dena, Malagan egindakoa zen. Halaber, ardo zaharra eta Kanarietako ardoaren berri ere badugu. Postre garaitan, berriz, mistela izan zen produktu nagusia, ginga-mistela, hain zuzen ere; bai zuzenean Hondarribitik ekarritakoa zein Bailarakoa bertakoa, kanpotik ekarritako gingen bidez ekoiztutakoa.

            Jakirik kuttunenetakoak, garaiko modari jarraituz, gozoki eta fruitu lehorrak ziren; benetako gutiziak, eta eskaintza anitza osatzen zutenak. Kategoria honetan sar ditzakegu azeitunak, limoiak, udareak edo aranak bezalako fruituak, intxaurrak edota 1715an aipatzen ez diren almendrak eta orejoiak eta, jakina, prestakuntza handiagoa zekartzen jakiak. Esnegainak bi urteetan ikusten ditugu, baina txokolatea ere. Azken honen beharrak nabarmen egin zuen gora 1715ean, 1701ean eskatutako 9 librak 27ra igaro baitziren. Bestalde, elurra eta grageak edo koloretako konfite oso txikiak ez dira 1715ean azaltzen, ezta bizkotxotzarra ere, baina hala eta guztiz ere, mota ugaritako gozokien berri dugu: almidoia, jaleak, gozokiak, tartak eta bizkotxoak.

Aipatutako guztiari laguntza emateko osagaien berri ere badugu: garia, arrautzak, arroza, gatza, azukrea, esnea, gurina, olioa eta espeziak. Azken hauetan azafraia, kanela eta piper-beltza ageri dira lehenengo bisitan, 1715ean mostaza gehitzen zaielarik

            Gotzainaren edo bere ordezkariaren etorrera gertakari bereziak ziren. Agintari garrantzitsu bati behar den moduko egonaldia erraztu behar zitzaion. Erantzun aproposa emateko, baliabideak bilatu behar ziren, Bailaran bertan, zein bertatik kanpo. Bigarren bisitaran hornitzaile oiartzuarren berri zehatzak dugu, bereziki etxeko hegaztiei dagokienean: Maria Barbara Esteberenak, Luis Ardozek, Maria Felipa Oiartzabalek, Angela Berrotaranek, Etxeandia izeneko batek, Ibarburutxipikoek, Austegiren emazteak edota Zuloaga errotan bizi zirenek beraien ekarpena egin zuten. Azkenik, gorago aipatutako Urtsula Unseinek ere, oraingoan ardo-ekarpena egin zuen, bai Oiartzungo egonaldirako 65 pitxerrak zein beste 10 gotzainak ondoren egin behar zuen Goizuetarako biderako.


1715eko gotzainaren bisitan izandako gastuen zerrenda523 mm x 370 mm

Baina esan bezala, Oiartzundik kanpo ere bazegoen zer hautatua. Barbara izeneko emakume batek, adibidez, Donostiara bidaia egin zuen, 1715an, oturuntzarko txokolatea bertan egin zedin. Urumeako hiribildua postreak eskuratzeko leku aproposa izan zen, bertakoa zen Juan Mendinuetaren etxetik 12 libra gozoki ekarri baitziren. Gutizia horiez gain, produktu bereziagoak ere bertatik edo bestelako portuetatik ekarri ziren: Esteban izeneko gizon bat Donostiara joan zen Kanarietako ardoa hartzera, eta azafraitan lau erreal gastatu ziren han. Hondarribian ere begirada jarri zen, 2 ginda-mistela botila bertatik ekarri zirelarik. Bi emakumek izokinak ekartzeko ardura hartu zuten, nondik eskuratu zituzten ez badakigu ere; akaso Bidasoatik edo artean ibilgua aldatu gabea zuen Urumea ibaiko osiñ famatuetatik.

Moja edo lekaimeek betidanik postreak eta gozokiak prestatzen zuten dohain eta sonak ere, lekua du oraingo dokumentuan. Horren lekuko dira Donostiako San Bartolometik ekarritako 4 tartak eta 6 libra bizkotxoak, baita Errenteriako Agustindarrengandik lortutako 12 libra bizkotxoak ere. Gozokiez harago, bestelako jakiak ere kanpotik eskuratu ziren.

            Hegazti arruntak Bailaratik zetozen bezala, eskualde urrunagoetatik iritsi zirenen berri ere badugu. Esparru horretan Frantziak egundaino mantendu duen ospea aurreko mendeetan zuela ikus dezakegu Oiartzungo agirietan. Bai 1701 zein 1715eko bisitetan, erresuma hori hegazti-hornitzaile suertatu zen. Bertatik ekarri zituzten eper, galeper, usapal eta usatortolak, zelaberez zein gabarraz, pasaporte edo igaro-baimena lortuta.

            Nola prestatu ziren, mahaian nola zerbitzatu ziren eta mahaia bera nola egituratu edo apaindu zen, ez dakigu. Egungo ikuspegiak ere ez digu balio, ez zapore edo prestakuntza aldetik, ezta ordenean ere. Izan ere, sarrera gisa gingak, fruitu lehorrak edo natillak zerbitzatu zitezkeen. Postreetan, ohikoak gerta dakizkiguketen marmelada, gazta, fruitu, kontserba edo grajeekin batera, azeitunak daude. 1701ean ez bezala, oraingoan, gutxienez, badakigu azukrez betetako bi kutxetatik bat, ginga-kontserba egiteko erabili zela; bestea, berriz, limonada egin eta sukaldariaren beharretarako.

Izan ere, esparru horretan isilasuna nagusia bada, badugu hori prestatzeko propio kontratatzen zen jendearen berri: 1701ean Graziana gisatzailea azaltzen zaigu izen bakar moduan, sukaldean lagundu ziotenen aipamen orokor bat besterik ez dugularik. Azken hauen artean 24 erreal banatu ziren bitartean, Grazianak 40 eskuratu zituen. Bigarren bisitaldiaren elikagaiei dagokienez, sukaldean aritu ziren emakumeen inguruan ere, berri gehiago eskuratu ditugu: “las mugeres que siruieron en la cocina”. Guztira 68 erreal gastatu ziren: horietatik 20, Maria Josefa sukaldariarentzako izan ziren. Hamarkada bat luze lehenago Grazianak kobratu zuenaren erdia eskuratu bazuen ere, bera izan zen arduradun nagusi, soldatan bertan argi ikus daitekeen moduan: laguntzaile izan zituen Urdinolako neskamea, Mari Gurutzeren alaba, Fausto Zuaznabar bikarioaren eta Frantzisko Oiartzabal benefiziodunaren neskame bana, Katalina Etxebeste eta Ana Lopez Esteberenari, aldiz, bakoitzari 8 erreal banatu zitzaizkion.

(1) Salbuespen baterako, ikus ARIZAGA BOLUMBURU, B.: “La comida en Guipúzcoa en el siglo XV”. In: Homenaje a J. I. Tellechea Idígoras. BEHSS, 16-17 (I) (1982-1983), 176-194 orr. Jarduera ekonomikoen azterketari lotuta, ikus ARAGÓN RUANO, A.: La ganadería guipuzcoana durante el Antiguo Régimen. Bilbao: EHU-UPV, 2009 eta egile beraren Abeltzaintza Oiartzunen XX. mende hasiera arte. Oiartzun: Oiartzungo Udala, 2013. Lerro hauetan zehar esango ditugunentzako, ikus María de los Aángeles PÉREZ SAMPER ikertzaileak burututako lanak, zeinak gaiaren inguruan argitalpen ugari dituen. Ikus besteak bestea, “Fiesta y alimentación en la España moderna: el banquete como imagen festiva de abundancia y refinamiento”. In: Espacio, Tiempo y Forma. Serie IV, Historia Moderna, 10 (¡997), 53-98 orr. edota “Espacios y prácticas en el siglo XVIII: tertulias, refrescos y cafés de Barcelona”. In: Cuadernos de Historia Moderna, 26 (2001), 11-55 orr.

(2) Ald. DÍEZ DE SALAZAR, L. M.: Ferrerías en Guipúzcoa (Siglos XIV-XVI), vol. 1: Historia. Donostia: Luis Haramburu, 186-190, bereziki 188 orr., eta KAMEN, H.: Cambio cultural en la sociedad del Siglo de Oro. Cataluña y Castilla, siglos XVI-XVII. Madril: Siglo XXI, 1998, 162 orr.

(3) Urtsulak, 1729 eta 1731 artean udaletxeko tabernaren arduradun izan zenak, bere bizibidea aurrera ateratzeko izan zuen esparru kuttunetako bat gertakari desberdinak ospatzeko antolatzen ziren ekitaldiak zirela ematen du. Nahiz eta bereziki ardo ematen jardun, udalbatzaren aginduz zenbait egoeratan jan-edana edota ostatua ere eman zituen, hala nola, udalak kartzelaratutako presoei, Bailararen negozioei lotuta beraien lana egitera zetozenei (1722, 1729, 1735 edota 1736 urteetan), baita 1723an izandako Elisabet Orleanskoaren igaroaldian edota 1732an, Oran eta Ceutako garaipenei gorazarre egiteko antolatutako ospakizunetan. Horrez gain, udalak bere zamariak eta garriolari-zerbitzuak ere aprobetxatu zituen.