Artxiboak

Errebotea Villabonako artxiboan

Jakin badakigu pilota dela
Villabonatarren kirolik kuttunenetako bat. Errebotea bereziki,
Antzinatik datorren jokua da hau, nahiz eta gaur egun beste kirol
batzuen indarragatik baztertua izan. Artxiboko dokumentuen artean
murgilduta, kirol honen inguruan hainbat agiri topatu dugu eta
interesgarria deritzogu hauek erakustea.

Honela, pilotari erreferentzia egiten dion agiririk zaharrena 1733 urtekoa da. Akta liburu bateko erabakien artean azaltzen da “Oindokopelotalekua” izeneko
aurkintza edo parajetik egurra ateratzeko baimena. Ezaguna da artzaiak
eta baserritarrak mendian zeuden bitartean boteluzea izeneko pilota
jokoa egiten zutela, binaka, leku zabal eta lauetan, eta sakerako harri berezi bat erabiliaz. Hortik dator Villabonako paraje horren izena.

Ia 100 urte beranduagokoa da urrengo erreferentzia, 1844
urtekoa hain zuzen. Orduan, udaletxea berreraikitzen ari ziren 1812
urteko suteak guztiz kaltetu bait zuen. Eraikuntza berri hau egitearekin
batera plaza eta pilotalekuan ere berrikuntza lanak egin ziren.

Garai hortatik aurrera izango da pilotak orokorrean eta erreboteak bereziki indar nabarmena hartuko dutela eta gure artxiboan erreferentziak ugarituko direla. Aipatu beharreko agiria da 1847 urtean Gobernadore Zibilak bidalitako agindu bat.
Bertan, otsaila eta ekaina bitartean Villabonako pilotalekuan errebote
partiduak jokatzea debekatzen du: “… por proporcionar ocasión a intrigas
y confabulaciones al orden público…”.

Hala ere, kirolak indarrean darrai eta 1889 urtean herritarrek frontoi egokiago baten beharra defendatzen dute udalean aurkeztutako gutun batetan:
“…la conveniencia y oprtunidad de la construcción de un frontón, en
estos momentos en que el juego de la pelota va adquiriendo tan notable
crecimiento que no se desdeñan en asistir al hermoso espectáculo las clases más cultas y distinguidas de la sociedad…”.

Gutun
honetan, osasunaren inguruko arrazoiez gain (“…mejor medio para
vigorizar el organismo individual y prestar agilidad, destreza y
robustéz a los músculos, convirtiendo al jóven débil y enfermizo en
fuerte, robusto y animoso…”) ekonomikoak ere argudiatzen dira. Bai
pilotarien onurarako (“…basta fijarse en las cantidades fabulosas que se
están pagando a los que han conseguido adquirir algunos conocimientos
en ese que hoy puede llamarse arte…”) eta baita herria eta udala
berarenerako ere (“…su realización sería productivo… ingresando, sino
directamente, indirectamente en las arcas municipales por la inebitable
ley económica del cambio…”).

Eta
ez da gutxiagorako, Iparraldeko eta Hegoaldeko errebote pelotarien
artean lehia eta txapelketa ugari ospatu bait dira Villabonan bertan.
Artxiboan dugun zaharrenetako bat 1894 urteko akta liburuan jasotzen
dena da, Santa Ana egunekoa. Ordundik aurrera gero eta ugariagoak izango
dira pilota partidu hauek eta baita artxiboan honen inguruan dauden
agiriak, baina guk bi nabarmenduko ditugu:

Lehenengoa 1949 urteko gutun bat
da. Echeverry pilotariak bidaltzen du Baionatik. Egindako arrera
onagatik eskertuaz eta mugaren bi aldetako errebote taldeen arteko
erlazioak sakondu eta partiduak gehitzeko eskatuaz. Garai honetako da
hain zuzen Villabonako elkarte zaharrenetako bat eta errebote eta beste
kirol batzuen inguruan aritua dena, Behar-Zana elkartea. Hau 1946 urteko
maiatzean eratu zen eta gaur egun oraindik ere haurrei pilotan
erakusten eta partiduak antolatzen jarraitzen dute.

Bigarrena
1971 urteko argazki bat da. Bertan ikusten ahal da Fagoaga,
Unhassobiscay eta Irigoyen Donibane Lohitzuneko Errebote Taldeari
txistulari eta guzti egindako ongietorria.

Amaitzeko
esan nahi degu kirol honek, tamalez, beherakada nabarmena somatu duela
hegoaldean gelditzen zitzaion azkenengo txokoan. Garai txarrak direlako,
futbola inposatu delako,… auskalo! Ea hitz hauek bultzada txiki bat
ematen dioten eta etxean gordetako xistera zaharrak atera eta haurrak
trebatzen hasten diren.

Amagoia Piá