Bloga

Errege Zamalkada

Abenduaren
azken eta urtarrileko lehen egunetan gabon garaia izaten da. Gabon
Gauarekin hasi eta Errege Egunarekin bukatzen diren jai hauek
aspaldidanik errotutako tradizio dira, erlijio katolikoa iritsi baino
lehenagoko erritoetan sustraitzen direnak. Neguko solstizioan
oinarritutako jaiak izaki, urteko egunik motzena eta egunak luzatzen
hasten direla ospatzeko intentzioarekin sortutako zenbait errituk sortu
zuten aro hau.

Kristau
erlijioak, berau gailentzeko asmoarekin, herrialde desberdinetan zeuden
erritu paganoak aztertu, birmoldatu eta erabili zituen. Gainera,
denborarekin sustraitze sakona izan duten ohitura eta pertsonai
desberdinak sortu zituzten, tartean Errege Magoak.

Eguberrietako
azken ospakizuna Errege Magoen etorrera izaten da. Ekialdetik datozen
hiru pertsonai hauek opariz gainezka iristen dira gure etxe eta
herrietara. Etorrera hori zamalkada baten bidez antzeztu izan da.

Zumaiako
artxiboko udal aktetan murgildu gara herriko zamalkadaren berri izateko
eta bilaketa azkar baten ondoren topatutako lehen datua 1953ko
abendukoa da. Dokumentu hau, ordea, ez da zamalkada antolatu zen lehen
aldikoa, bertan irakur daitekeenez aurreko urteetan ere ospatzen zen.
Urte haietan Sociedad Peña Pulpo arduratzen zen zamalkada antolatzeaz,
beti ere alkateorde eta udaleko idazkari eta kontu-hartzailearen
laguntzarekin. Errege Magoen zamalkada antolatzeaz gain, herriko
umeentzako jostailu banaketa ere egiten zen. 1956ko dokumentu batek,
ekitaldi honen antolakuntzatik eratorritako gastuak elkarteak ordaintzen
zituela pentsa arazten du. Izan ere, urte horretan, elkarteak udalari
gastuei aurre egiteko diru laguntza bat eskatu zion. Udalak 350 peseta
eman zizkion elkarteari eta 100 pesetako eskupekoa Pedro Usandizaga
Irigoieni herriko haurrei opariak banatu ahal izateko burututako
lanengatik.

Urte
horretan bertan, ordea, antolakuntzan aldaketa bat ematen da.
Dokumentazioan ez da inolako arrazoirik agertzen, baina 1957an Falangeko
parte zen Frente de Juventudes delakoak hartu zuen ekitaldia
antolatzeko ardura. Dokumentazioak ez du argibide handirik eskaintzen
baina orain urte gutxiko gertakariak direla kontutan izanik, batek baino
gehiagok gogoan izango ditu oraindik. Kasu honetan, dokumentazioak
eskaintzen dizkigun datuak zumaiarrek memorian gordetakoarekin osatzeko
aukera dago. Egun hauetako familia giroko bazkari eta afariak girotzeko
gai polita izan liteke honako hau.


Oihana Artetxe