Bloga

…eta bonbillak piztu ziren!

Uda
joan da eta argi orduak gero eta urriagoak dira egunetik egunera.
Lehenago iluntzen du eta inguruak beltzez margotzen dira. Eguzki izpiek
gure egunerokotasuna baldintzatuko balute, goiz erretiratuko ginateko
urteko sasoi honetan. Orduan estimatzen da gehien kaleko argiteriaren
laguntasuna; iluntasunean kalean ibiltzea baimentzen duena eta gaueko
orduetan lasai ibiltzeko segurtasuna ematen duena. Kaleak argiteria
elektrikoz hornitzea pauso garrantzitsua izan zen, baina noiz iritsi zen
argiteria hori Getariara?

Getariako
kaleak argiteria elektrikoz hornitzeko nahiaren lehenerakustaldia 1896.
urtean gertatzen da. Urte horretan oraindik, Getariako kaleak petrolio
argiz argiztatzen ziren, inguruko herriak argi elektriko bidez
argiztatzen hasiak ziren bitartean. Arrantzale herria izanik, gauetan
kalea ondo argiztatua izateak zer nolako garrantzi zuen jakinik eta
inguruko herriak adibidetzat harturik, Getariako Udal Batzordeak
hiribilduan argiteria elektrikoa jartzeko erabakia hartu zuen.

Herriko
txokoak arretaz aztertu eta argiak hiribilduko eta inguruetako zein
puntutan jarri behar ziren zehazteko batzorde berezi bat sortu zen.
Behin lan hori eginda, 1896ko martxoaren 5ean herriko argiteria
elektrikoa jartzeko lanen enkantea egiteko balditza plegua onartu zen.
Enkante publiko honek, ordea, ez zuen arrakasta handirik izan.
Dirudienez, Udalak ezarri zituen baldintzek ez zuten eskatzailerik
erakarri. Horrela, 1898 eta 1900 urteetan baldintza hobeak eskatzen
zituzten bi eskatzaileren proposamenak iritsi ziren Udalera, baina hauek
ere bertan behera geratu ziren. Egitasmoa aurrera atera ezin horretan,
Getariako kaleak petrolio argiz argiztatzen jarraitzen ziren.

Ez
zen 1900 urteko azaroa arte izan, baldintza berri batzuekin, argiteria
elektrikoaren horniketaz arduratuko zen eskatzaile baten oniritzia lortu
zutela: Jose Vicente Echeverria jaunarena.Horretarako berriz, 1896.
urtean ezarritako baldintzak berrikusi behar izan zituzten. Horrela,
argiteriaren ustiaketa 10 urtetik 12 urtera igotzea eta emakidadunak
urte horietan telefono publikoaren erabilera pribatua egiteko aukera
izatea adostu zen, besteak beste. Udalak, benetan behar zen argitasuna
lortzeko, 55 argi inguru kokatzea eskatzen zuen, baina azken esleipen
honetan ez da zehazten zenbat goritasun-lanpara jartzeko konpromesua
hartzen zuen emakidadunak. Bai ordea, argiztapen publiko eta
partikularrean eta baita linea telefonikoan gerta zitezkeen arazoei
aurre egin beharko ziela.

Azkenik,
1901ean ezarri zen Getariako argiteria elektrikoa. Hala ere, Udal
artxiboko agiriek erakusten dutenez, hurrengo urteetan zenbait arazo
emango zituen argiteri berri honek.

Oihana Artetxe