Etxeratze-agindua Orendainen
Denok gogoratuko dugu Covid-19aren pandemiaren ondorioz ezarritako etxeratze-agindua. Gaztelaniaz “toque de queda” bezala ezagutua, etxeratze-agindua eguneko ordu zehatz batean jendeari kalean ibiltzeari debekua jartzea da. Gaurko aktaren gaia ikusita, ezinezkoa da gazteak jomugan jarri zituen egoera horretan ez pentsatzea.
1912ko urtarrilaren 14ra egingo dugu atzera. Egun hartako Orendaingo Udaleko osoko bilkuran landu ziren gaien artean, “Ave María” otoiztearen ondoren etxeratze-agindua onartu zela irakurri dezakegu. Baina, zerk eraman ote zuen erabaki hori hartzera Orendain bezalako herri batean? Erantzuna testu berean aurkitzen dugu, non azaltzen baita gazteek Eguberri eta Santa Ageda bezperetan gaueko hamabietara arte etxeetan kantatzeko ohitura zutela. Gainera, tabernetan “gaupasa” egiten zuten egun berezi horietan. Jakina, herritarren hainbat kexa jaso ziren Udalean eta onartezintzat jo zen hori.
Gauzak horrela, Orendainen orain dela 112 urte ezarritako etxeratze-agindu hori garai hartan pandemia bat kontsideratzen zenaren -ezmoraltasuna, alegia- aurrerapena geldiarazteko erabili zen.
Hona hemen akta euskaratuta:
“[…] ohartu zen herri honetan badela ohitura onartezin bat: abenduaren hogeita lauan eta otsailaren lauan, Eguberri eta Santa Ageda bezperetan, hurrenez hurren, gazteak etxeetan kantatzen ibiltzea. Ohitura hori, hasieran errespetuz eta helburu onarekin egiten zena eta gazteak goiz etxeratzen baziren ere, gaur egun guztiz galbideratuta dago.
Aitzakia horretaz baliatuz, gazteak gaueko hamabietara arte ibiltzen dira etxeetan ordena publikoa nahastuz, eta gaueko gainerako guztia tabernetan ematen dute, ez helduek bakarrik, baizik eta haur bizargabeak ere bai. Horrek moraltasunik eza eta gaitz asko eragiten ditu, eta, beraz, onartezina da.
Gai honi dagokionez, familia zintzoen zenbait kexa aurkeztu dira.
Arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, Udalak erabakitzen du “Ave Maria” otoiztearen ondoren kalean ibiltzea erabat debekatzea. Agindu hau betetzen ez duen bakoitzari, bi pezetako isuna ezarriko zaio”.
Miriam Ruiz
Iturria: Orendaingo Udal Artxiboa. Osoko bilkurako akta liburua, 1901 eta 1919 urte bitartekoa (0004-001 signatura)