Artxiboak

Etxeratze-agindu edo kera-deiak: Historiaren ildoak errepikatuz

Anitz alditan entzun izan dugu Historia errepikatzen diren prozesu eta gertakarien bilduma dela, edota bere ezagutzak aurretik egindako akatsak ez errepikatzeko aukera ematen digula. Modu honetan, aspaldiko agirietan zehar buelta txikia ematea interesgarria izaten da, egun bizi ditugun egoerak, edo antzekoak, beste garai batzuetan eman zirela ikusteko parada ematen baitigu.

Hiru urte eta erdi besterik ez dira gobernu onerako autoen inguruan hitz egin genuela, elkarbizitza hobe baterako indarrean zeuden tokian tokiko xedapenei buruz, hain zuzen ere. Orduko hartan kera-dei edo etxeratze-aginduak ere aipatu genituen, horiek “bitxikeriatzat” joz, zeharo deigarria eta arrotza egin baitzitzaigun. Gaur egun, aldiz, “bitxikeria” izaera hori zeharo zaharkitua geratu da eta kera-deia gure egunerokoaren zati bihurtu da. Egoera hau profitatuz, duela hiruzpalau mende emandako egoeran sakondu nahi izan dugu, gaurkoarekin zenbait parekotasun topa baitaitezke.

1. Jokabide aproposak eta ordena publikoa bermatu nahian

Antzin Erregimeneko Oiartzunen, Gipuzkoan bezala, udal-hauteskundeak urtero ospatzen ziren. Udalbatza berriak bere jarduna “Gobernu Onerako Auto” delakoekin hasten zuen. Hauteskundeak Eguberrien ondorengo egunean ospatzen ziren, abenduaren 26an, eta, ondoren, gobernu berriaren lehenengo batzarrak, Gabon Zahar egunez edo Urte Berri aldera ospatutakoak, auto horiek adosten zituen.

Halako xedapenek araudi bat osatzen zuten. Ez ziren erregeak berretsitako ordenantza-multzo zabal bat, baina behin-behinean azaltzen ziren arazoei, edo egunerokotasunak agerian utzitakoei erantzuna emateko modu aproposa ziren. Hainbatetan, herria arautzen zuten ordenantzen bildumak uzten zituzten hutsuneen betelana egin zuten. XVII. menderako herriko bizitza arautzeko oso ohiko tresna bihurtu ziren. Xedapen-multzo labur edo luzeagoak osatuz, gobernu onerako autoetan azaldutakoak urtetik urtera errepikatzen ziren kontuak ziren lerrorik nagusienetan, tarteka-marteka aldaketaren bat sartuz edo berriak txertatuz. Bertan jorratutako gaiak aniztasun handia izan zezaketen, baina funtsean ideia bera zegoen: komunitatearen bizikidetza lasaia, ordena publikoa eta jokamolde aproposak bermatzea. Arauetako hainbatek ohitura duin eta portaera onen aldeko neurriak bilatzen zituzten, erlijio, ohore edo pertsonaren aurkako delituak ekiditeko asmoz, eta horretarako zenbait portaera kontrolatu, bideratu edo zuzendu nahi izan ziren (1).

Udalbatza berriak plazaratutako agindu hauek lehenengo akta liburuetatik ditugu, 1658tik. Aurreko urteetan halakorik plazaratu zen ala ez, ez dakigu, baina bizitza arautzeko garaian Oiartzunek bazuela aurrekari nabarmenik zuela aitortu behar dugu, 1501eko ordenantzak, hain zuzen ere. Arau-bilduma luze eta zehatz horretako zenbait gai gobernu onerako autoetan azalduko dira, beren horretan edo aldaketa batzuekin.

Orain bezala, orduko hartan talde izaera sustatzeko edo herritarren arteko loturak areagotzeko gune bat taberna eta ostatuek osatzen zuten. Hortaz, gizartearen portaera zuzenak bermatzeko udalbatzak aditzera ematen zituen arau horietan, tabernak interes eta kezka gai ziren. Horien inguruan adostutako arauren artean, 2020tik hona horren barneratua dagoen kera-dei edo etxeratze-agindua dugu. Ideia bat izateko, har dezagun 1713ko urtarrileko testu bat:

“Bailara honetako auzo eta biztanleak, eta bereziki morroi-lanetan eta gurasoen ardurapean daudenak, sagardoa eta pattarra saltzen diren taberna, ostatu eta lekuetatik beraien etxetara bil daitezela, hau da, udan gaueko bederatzitarako eta neguan zortzitarako, beloizko bi dukaten (…) eta zortzi eguneko kartzelaldiaren zigorpean, horretarako, kera-kanpaia ohikoa den moduan joko delarik”[1].

Aldeak alde, 1713ko adibide horrek eta gaur bizi dugun egoerak antzekotasun handiak dituzte. Hasteko, erakundeek bi garaietan tabernak begiz jota zituztelako.

2. Tabernak, jopuntuan

Tabernei lotutako lehenengo xedapenetan alkohola baino, beste jardun bat zen bereziki arriskutsutzat jotzen zena: jokoa. Eskola-kirolarekin batera joko-aretoak ireki diren neurri ulergaitz (edo gizarte-kontrolaren ondotik oso ulerkorra den) baten ondoan, Oiartzungo udalbatzak oso argi zuen; aspalditik, gainera. Lehen aipatu ditugun 1501eko ordenantzek, XVI. mendeko erregearen arauekin batera, jokoa arautzen saiatu ziren. Mende eta erdi beranduago, arazoak bere horretan zirauen du, 1658ko urtarrilean udalbatzak adostutako neurria aintzat hartzen badugu. Orduko hartan, tabernetan zeuden pertsonei kartak jai-egunetan eta arratsaldeko zazpitatik aurrera banatzea debekatu zen: “Que las taberneras no alteren el preçio del bino a más de lo que está rematado y que no den naipes a los que asisten en sus casas después de las siete de la noche y los días de fiesta asta acabar los dibinos ofiçios” (A-1-1, 1 au.-2 at.). Une horretatik aurrera, neurria etengabe errepikatzen joan zen.

Erabaki horrek ez zuen orain jorratzen ari garen etxeratze-aginduaren aipamen zuzenik, baina lerro artean, eta hurrengo hamarkadetako datuak aintzat hartuta, halakorik ez bazegoen, horretarako oinarriak jarri zituen behintzat. Hala, arratsaldeko 19:00etan Bailarako biztanle eta auzo guztiek beraien etxeetan bilduta egon behar zutenaren aipamenik egiten ez bazen ere, tabernek ordurako itxi behar zuten; eta tabernen itxialdiak kera-deiarekin lotura zuzena izan zuela aintzat hartzen badugu, etxeratze-agindua oren horretan ezarri zela pentsatzea zilegi da.

Zehaztapen interesgarri bat sartu zen 1664ko urtarrilaren 18an (A-1-1-2, 3 au.-5 at., 5. foliazioa). Lehenengo informazio esanguratsua data da, ez baitzen urte hasierako bileraren baitan adostutakoa neurri bat, pixka bat berandu hartutakoa baizik. Ondorioz, arazo berriren bati erantzuna emateko xedapena dirudi. Bigarren kontu azpimarragarria ordutegiarekin zerikusia du, malgutu egin baitzuen, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara atzeratuz.: “no den naypes desde las ocho de la noche en adelante”. Horrek, etxeratzeko orenaren baitan nolabaiteko eztabaidak izan zirela isla dezake, jendea ez zegoela ordura arte indarrean ezarritakoarekin guztiz ados. Hala, hori atzeratuz, jendearen haserrea apalduko zen.

Hasierako urte hauetan neurriak beren horretan mantendu ziren, eta taberna zen gobernu onerako autoen protagonista nagusietako bat. Alkoholaren kontsumoa baino, jokoa zen mandatarien buruan zegoena. Ordutegi kontuei dagokienez, tabernen jardunari estuki lotua zeuden, etxeratze-agindu orokor bati aipamenik egin gabe. Hala, tabernari eta ostalari lanetan ziharduten emakume zein gizonezkoei zuzendu zitzaien neurririk errepikatuena, kera-deiaren ondoren bertan zeudenei naipeak emateko debekua izan zen. Horrez gain, ezin zuten inor hartu, are gutxiago sozialki arriskutsuak izan zitezkeenak. Estatu Batuetan bageunde bezala, debekatuta zegoen errege-xedapenek jazarritako armak soinean eramatea, bereziki etxeratze-aginduaren ondoren, eta ostalari eta tabernariei halakorik zutenak hartzea debekatu zitzaien. Hala ikus daiteke 1677, 1680 eta 1682 urteetan (A-1-3-2, f. g.; A-1-4-1, 1 au.-3 at.; eta A-1-4-2, 3 au.-4 at.).

Baina luze jo gabe gauzak aldatzen hasi ziren, kontrola areagotuz. Ziurrenik aurreko urteetan argitara emandako xedapenek ez zuten uste bezain erantzun onik izan eta, ondorioz, kera-deiari lotutako erabakia sartzen hasi ziren urte hasierako xedapen-multzo horretan. Lehenengo aldiz 1674ko urtarrilaren 1ean dugu (A-1-2-2, 9 au.). Esan bezala, aldez aurretik sartua zegoelakoan gaude, nahiz eta tabernen jardunarekin lotuta bakarrik azaldu. Orduko hartan, ordea, etxera biltzeko aginduaren baitan zehaztapen batzuk gehitu ziren:

“Bailara honetan sortutakoak zein bertako auzoak eta biztanleak beraien etxeetara bil daitezela, Pazkora arteko epean gaueko zortzitan eta hemendik aurrera bederatzi eta erdietan, horretarako kanpai nagusia hamabi aldiz joko delarik, geldialdi moduan, beloizko bi dukaten eta zortzi eguneko kartzelaldiaren zigorpean”.

Azken finean, tabernarien erantzukizunaz gain, bezeroena beraiena zegoen. Horditzea ez zen bentariaren errua, edaten zuenarena baizik. Hori dela eta, 1680tik aurrera, kera-deiari lotutako neurriak bi multzotan bereiztuko dira lerrorik nagusienetan. Batetik, ostatu eta tabernen jarduera mugatzen zuten neurriak izango ditugu, alkohola eta joko banaketari eta jendea hartzeari lotutakoak. Bestetik, etxeratze-agindurako dei orokorra azalduko da, Bailarako biztanle eta auzo guztiei zuzendutakoa.

Irudiaren oharra: Kera-dei edo Etxeratze-aginduaren lehen aipamena (1674): “Que se recojan todos los naturales, vecinos y moradores d’este dicho valle para sus casas a las ocho de la noche asta la Pascua de Resurrezión y de ay adelante a las nueue y media para cuio efecto se tocará doze veces la campana maior que seruirá de quieta, pena de dos ducados de vellón y ocho días de cárzel”.

            Ezkilek ordua ematerakoan, jende guztiak tabernak utzi eta etxeetara joan behar zuen. Esan gabe doa biltze hau isil-isilik egin behar zela, inolako zalapartarik gabe. Alkoholaren eraginak, neurrien haserreak edo dena delakoak, ordea, isiltasun hori zail egiten zuen. Garai hartan ez zegoen gurutzatzeko edukiontzirik, baina baziren zarata atera edo giroa berotzeko bestelako trenak. Hasteko, betidanik eskura izan duguna: ahotsa. Modu honetan, gauez oihukatzea debekatu egin zen. Bigarrenik, baziren bestelako protagonista batzuk: danborjole eta dabolinjole edo txistulariak.

            Arau nagusi gisa, elizkizun garaitan ez jotzea debekatzen zitzaien, baina izan ziren Abemaria garaitan, iluntzean, beraien jarduna galarazi zuten mandatuak. Aurrekariak 1682 urtean ditugu, baina orduan, gero ikusiko dugunez, ingurumari jakin bati lotuak zeuden. Gerora, debekua urte guztira zabaldu zela ematen du eta 1698ko abenduaren 31n, Abemarien ondoren eta meza garaitan jotzea galarazi zitzaien, bi dukat eta zortzi eguneko kartzela-zigorpean: “que después de las Abemarías ni en tiempo de los dibinos ofiçios los tanboriles no tañan y zesen, so pena de dos ducados y ocho días de cárcel a los tamboriles” (A-1-10-1, 3 at.) (2).

            Neurri hauek guztiak ez ziren berehalakoan eman, arazoak sortzen joan ziren heinean baizik. Agiriek zenbait berrikuntza, aldaketa edo zuzenketaren berri ematen digute, tartean, eta gure egungo egoeran arrotza ez dena, ordutegiarena.

3. Ordutegi aldaketa

Garaiko gizartean indarrean zegoen egutegiak, orain darabilgunaren berdina bazen ere, bestelako ardatz batzuk zituen. Erlijioa (kanpai-hotsak tartean) eta urtaroak ziren urtea banatzen zutenak eta hala ikus dezakegu kera-deiaren kasuan ere. Hainbatetan urtaroen araberako bi multzo azalduko zaizkigu: Udako egutegia eta Negukoa. Beste batzuetan, berriz, erlijioa izango da ildoa goldatuko duena. Kasu honetan, mugarria Pazko eguna edo garaia dugu. Jakina denez, Pazkoa egutegi kristau-katolikoaren araberako sasoia da, ilargi-zikloaren araberakoa; zehazki, udaberriko ekinozioaren ondoren ematen den lehen ilargi-betearen aurreneko igandea da Pazko eguna. Ondorioz, ez du data finkorik, ilargiaren faseek martxo amaieratik apirila amaiera artean mugitzen baitute. Garai horretan egunak dezente luzatzen dira eta, beraz, udazken-neguko iluntasunetik aterata, egunaren argiaz gozatzeko aukera gehiago daude. Oiartzunen, Pazkoa aipatzen denean ez da bestelako datarik adierazten, urtaroetan ez bezala. Dena den, badakigu ospakizun hori ardatz hartzen zuten bestelako kontuek San Migel eguna zutela beste muturrean, udazkena zetorrenean, gutxi gorabehera.

Bi multzo horiek finkatzen zuten etxeratze-agindua, ordutegia bata eta bestearen arabera moldatuz. Kera-dei orokorraren aipamen zehatza agertzean, 1674 urrun horretan, etxeratze agindua 20:00etan ezarri zen Pazko egun arte, hots, udazken-neguan, eta hortik aurrera, udako ordutegian, 21:30ean. Gerora, 1705ean egutegia finkatu zenean, aldaketa txiki bat emango da. Negukoak bere horretan jarraituko duen bitartean, udakoa oren erdi atzeratuko da, 21:00etan jarriz. Gobernantza partekaturik ez zegoenez, herri bakoitzeko udal-ordezkariek hori aldatzeko aukera zuten. Hori, ordea, ez zen ordutegian eman zen aldaketa bakarra izan (Taula).

Taula: Kera-dei edo etxeratze-aginduetako ordutegiak (1658-1732) (*)

UrteaNeguaUda
1658-166219:00 (tabernen itxiera)19:00 (?)
1665-167220:00 (tabernen itxiera)20:00 (?)
1674-168320:0021:30
168618:00 (morroiak) 20:00 (auzoak)20:00 (morroiak) 21:30 (auzoak)
168819:00 (morroiak eta semeak) 20:00 (auzoak)20:00 (morroiak eta semeak) 21:30 (auzoak)
1691Abemaria (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)Abemaria (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)
169219:00 (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)20:00 (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)
16932021
169419:00 (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)20:00 (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)
1695Abemaria (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)Abemaria (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)
169620:0021:00
1697Abemaria (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)Abemaria (morroiak eta semeak) Kera-deia (auzoak)
1699-1701Kera-deia (guztiak)20:00? (morroiak) Kera-deia (auzoak)
1702Abemaria (neska-mutilak) Kera-deia (guztiak)  Abemaria (neska-mutilak) 20:00? (morroiak) Kera-deia (auzoak)
1704Kera-deia (guztiak)20:00? (morroiak) Kera-deia (auzoak)
1705-173220:00 (=kera-deia) (guztiak)21:00 (=kera-deia) (guztiak)

(*) Taulari lotutako oharra: Abenduaren 30 edo 31n emandako aginduak hurrengo urtekotzak hartu ditugu, urte politikoa abenduaren 26an hasten bitzen. Bestalde, 1693 eta 1696an morroi eta mutilei aipamena egiten zaie, baina inolako ordutegi propiorik gabe.

Aipatu dugun moduan, Etxeratze-aginduaren aipu zehatza izan aurretiko garaian, hau da, 1658-1672 artean, orenaren kontuak taberna giroari lotuta zeuden. Ordutegiaren aipamena tabernan naiperik ez banatzeko aginduetan azalduko zaigu. 1658ko urtarrilaren 1ean, debeku hori arratsaldeko 19:00etatik aurrera ezarri zen. Arau honek hainbat urtez indarrean jarraitu zuen. Hala aditzera ematen dute 1660 eta 1661eko kasuek, non, muga, “ilundu ondoren” (“después de anocheçido”) jartzen baizuten, hots, Abemaria garaitan. Garai horretako agirietan (eta taulan) azaltzen denez, Abemaria iluntzeko 19:00etan zegoen ezarrita, bai behintzat, neguari dagokionean. Baina, nonbait, hasierako ordutegi hau eskasa iruditu zitzaien Oiartzungo agintariei, eta 1670eko hamarkada erdialdean gehiago zabaldu zuten, aurreko paragrafo batean ikusi dugun moduan.

Aldaketa hauez gain, oso interesgarria da ordutegiak zuen isla soziala. Urte batzuetan gizatalde desberdinen arabera antolatua zegoen. Hasiera batean, 1686-1704 artean, morroiak eta gurasoen agintepean zeuden mutilek ordutegi murriztuagoa izan zuen. Lerrorik nagusienetan nagusiek baino ordubete lehenago bildu behar ziren etxera, Abemaria garaian. Bestela esanda, kera-dei nagusia 20:00 eta 21:00etan (edo 21:30ean) zen bitartean, morroiek eta gazteek udan 19:00etan egon behar zuten etxean eta neguan, berriz, 20:00etan.

Horrez gain, izan zen bestelako moldaketa eta gorabeherarik. Lehenengo aldaketa 1686-1688 artean dugu. Ordura arte morroien neguko ordutegia 18:00etan ezarrita zegoen eta urte horietan 19:00etara luzatu zen, hori egiteko arrazoiak ezezagunak zaizkigularik. Beranduago, 1693 eta 1696ko ekitaldietan, nahiz eta morroi eta mutilak kera-dei agindu orokorrean aparte aipatu, aipamen horrek ez zuen ordutegiaren aldetik ageriko desberdintasunik ekarri, hau da, etxeratzeko garaia guztientzako berdina zela ematen du: “Que todos los vecinos y moradores de este dicho Valle, de qualquiera calidad que sean, y especialmente los mozos que siruen a sus amos y los que estubieren deuajo de la patria potestad, se recojan a sus casas, a sauer, de ybierno para las ocho oras de la noche y de berano para las nuebe, y en esta oras se dará la queda, pena de dos ducados y ocho días de cárcel por cada bez”  (A-1-8-1, 2 au.; 1693ko urtarrilak 1).

Alabaina, bi aipamen horiek kenduta, lerrorik nagusienetan morroiek ordubete lehenago etxeratu behar zuten, eta hala izan zen 1698ko abendura arte. Orduko agintaldian beraien ordutegia beste biztanleek zutenarekin parekatu zen, esparru horretan nolabaiteko mugarria finkatuz. Horren lekuko ditugu handik gutxira, 1699ko abenduan, edota hamar urte beranduago, 1711n, adierazitakoak:

“Atento sus merçedes han considerado que de la yntroduzión y rigurosso precepto que obserbaban en otros años de las multas con pretesto de la queda se an experimentado muchas ynquietudes entre los vezinos nobles de él, y con el deseo de conserbar el pueblo en paz y quietud conforme el decreto del ayuntamiento general echo el año pasado de nobenta y ocho declarando cómo se auía de entender dicho precepto de la queda y comforme las leyes del reyno, hordenan y mandan sus mercedes que los mozos que están a soldada y los que están debajo de la patria potestad se recojan para la ora de la queda en el ybierno [sic] y en berano, como se obserbaba antes”.

            Kera-deiaren aitzakiapean ezarritako isunek sortutako hika-mika horien arrasto dokumental agerikorik ez dugu topatu, baina beste zantzu batzuk badira, urte eta erdi lehenagokoak. Oiartzungo udalbatzak bikarioari idatzi bat zuzendu zion 1697ko ekainaren batean, hainbat erabaki elizan aditzera eman zitzan. Horien artean etxeratze-aginduari lotutako bat zegoen. Agidanez, kanpaiek etxera joateko deia ematen zutenean, auzune batekoak besteetara zihoazen, taberna, ostatu edo lekuren bat irekita aurkitzeko itxaropenaz. Honek arazo eta kalapitak sortzen omen zituen (“ocasiones y desórdenes en la república”) eta hori saiheste aldera, emakume-tabernariei gogorarazten zitzaien kera-deitik kanpo ezin zutela ez jenderik onartu, ezta bertaratzen zirenei ardo eta sagardorik saldu ere (A-1-9-2, 176 au.).

            Arazo horiek 1698 amaieran morroiei ordutegi malguago bat ematearen oinarrian zeuden ala ez, ez dakigu. Agian, agintariek, eragozpenak ordutegi malguago batekin konponduko zirelakoan zeuden. Edonola ere, argi dago morroi eta mutilen taldeak zaintza edo ardura berezi bat ekarri zuela. Urte batzuetan kera-dei agindua morroiei berariaz zuzendu zitzaien eta ez Bailarako biztanleei, 1707, 1708 eta 1709ko urtarrilean ikus daitekeen moduan. Dena den, kasu hauetan ere 20:00 eta 21:00etako ordutegiak guztientzako berdina zela ulertu behar dugu, bentariei ordu horretatik aurrera edaririk ematea debekatu baitzieten. Horrez gain, bertan zeudenak kaleratu behar zituzten eta eragozpenen bat izanez gero, tabernariek udalbatzari arazoaren berri eman behar zioten, tentsiogune izaten jarraitzen zutela islatuz: “que las taberneras después de la dicha queda no admitan a ninguna persona en sus tabernas (…) y si se les resistieren en no querer salir, den quenta a los señores del gobierno” (A-1-14-2, 6 au.).

Edonola ere, eta arazoak arazo, 1705etik aurrera guztiek ordutegi bera izan zuten: neguan 20:00etan eta udan 21:00etan.

4. Eramateko edaria

            Ikusten ari garenez, kera-deiak eta tabernek lotura estua izan zuten. Halako guneetan iluntzean ematen zen giroa nolabait zuzendu edo txukundu nahi zen, ostalari, bentari edo tabernarien lana zorrozki zainduz. Alabaina, muga hauetatik harago, profesional horiek bazuten negozioarekin jarraitzeko aukerarik eta, horrek ere, egungo egoerarekin parekotasunak isla ditzake.

Lerrorik nagusienetan, tabernari lanetan ziharduten gizon zein emakumeek, kera-deiaren ondoren ardoa eta sagardoa saltzea debekatua zuten. Garai hartan, ordea, bazegoen arima pizten zuen hirugarren likido bat: pattarra. Honekin beste biekin lortutako debeku bera burutzen saiatu ziren Oiartzungo agintariak, 1693 urtarrilean, adibidez (A-1-8-2, 1 au.-at.). Baina handik urtebetera pattarraren salmenta hau baimendu zen, baldintza bakarrarekin: saltzen zen pattar hori, erosleak bere etxean edateko izan behar zuen; “eramateko edaria” formularen aitzindari argia dugu. Zaharrak berri, beste behin ere. Gainera, garai hartan (eta duela zenbait hamarkada arte) plastikorik ez zegoen, gauza berrien ekoizpena askoz motelagoa zen eta, ondorioz, gauzak konpondu beharra oso agerikoa zen. Ondorioz, bezero bakoitza bere etxetik joango zen bere pitxer, edalontzi, zahato edo larruekin eta, agian, baita ura eta esnetarako erabiltzen ziren suilekin ere, ontzi horietan guztietan pattarra etxean edo etxera bidean edateko asmoz.

Edarien eramangarriak hainbat urtez iraun zuen, 1694-1699 artean dokumentatua dugularik. Alabaina, azken urte horren amaieran debekua berriz sartu zen eta geroztik “etxera eramateko” zerbitzu hori desagertu zela ematen du. Salbuespena, eta edari guztiei zabalduta, 1715ean dugu, non, ardo, sagardo eta pattarra banatzen duten emakume-tabernariei, kera-deiak jo ondoren halako elikagairik inori ez ematea agintzen zitzaien, beraien etxeetarako eskatzen zutenei izan ezik (2. irudia).

Irudiaren oharra: Edari eramangarrrien aitzindariak (1715): “…dicha pena, se les manda a las taberneras de vino y sidra y aguardiente que después de dada la queda no den ninguno de estos alimentos a ninguna persona si no es a los que piden pa[ra] sus casas” (A-1-17-1, 4 au.-at.).

Beste hainbatetan bezala, udal-aktek ez digute aldaketa hauen zergatiaren ageriko arrazorik ematen. Agian baimena eman izana debeku zorrotz bat baino okerragoa suertatu zen. Azken finean, tabernariek ahalik eta negozio onena egiteko prest egonen ziren eta udalbatzaren erabakiek sal zitekeen likido kopuruaren inguruan ageriko aipamenik egiten ez zutenez, ahal zuten gehiena (eta salneurririk garestienean) salduko zuten, etxean horditzeko arriskua areagotuz.

5. Morroi eta gazteak, errudun nagusiak baina ez bakarrak

Aurreko lerroetan aditzera eman dugun ideia nagusietako bat kera-deiaren oinarrian tabernak zeudela izan da. Modu berean, leku horiek bi aldeko txanpona zirela ikusi dugu: alde batetik, tabernari, ostalari eta bentarien ardura zegoen; bestetik, bezeroen erantzukizuna. Hirugarrenik, etxeratze-aginduetan gizarte-taldeek zuten garrantziaz aritu gara. Eta azken hau da, hain zuzen ere, gaurkotasuna duen beste kontu batera garamatzana.

Ikusitakoaren arabera, agintariek argi zuten gobernatzen zailagoa zen gizarte-azienda zeinek osatzen zuen: morroiak, soldatapeko gazteak eta nerabeak, bai mutilak zein neskatoak. Beraien aipamen hutsak azterketa sakonago bat mereziko luke, halako lanetan zebiltzanek Antzin Erregimeneko Oiartzunen zuten papera aztertzeko. Gure lerro hauei dagokienez, agiriek “mozo” hitza darabilte ia etengabean. Horrek esan nahi du gizonezko gazteen aurrean gaudela, nerabeak bereziki. Horiei, gurasoen ardurapean zeuden semeak batu behar dizkiegu, beraiekin batera aipatuak izaten baitira.

Aurreko garaietan heldutasuna edo, hobe esanda, helduen mundura gu baino askoz azkarrago ailegatzen ziren gazteak, baina egun bezala, hormonak dantzan zebiltzan; eta horri alkohola, jokoa, gaua, taberna, jai eta gau giroa batzen badiegu, berehala uler dezakegu agintarien kezka. Are gehiago garai hartako gizartean indarkeria, ohorearen defentsa eta armak soinean eramatea ondo barneratuak zeudenean.

Soldatapeko morroien aipuak 1660 eta 1661ean ikus badaitezke ere (“no den naypez a los que asisten en sus casas después de anocheçido ni den a los criados que estuuieren a soldada”), hurrengo urteetan isiltasuna da nagusi; ez dira 1676ko abenduaren 31 arte azalduko. Orduko hartan jokoa galarazteko agindu orokorra zabaldu zen, ostalariei 20:00etatik aurrera naipeak banatzea debekatuz. Alabaina, ondoren xedapen zehatz bat etorri zen, mutil eta soldatapeko morroiei naipeak inoizko garaitan ez emateko adieraziz: “que los taberneros ni mesoneros no den en ningún tiempo naipes a mozos y criados que están a soldada” (A-1-3-1, 7 au.).

Argi dago talde honek agintariek artega zituela, ordutegi goiztiarrago bat izateak ondo islatzen duen moduan. Baina beraiez aparte bazeuden Bailarako gobernuan kezka pizten zuen bestelako gizatalderik. Horien artean neska gazteak ditugu, beraiei propio zuzendutako etxeratze-aginduak 1698-1701 epean dokumentatu daitezkeelarik. Beraiek ere Abemaria garaian joan behar zuten etxera, edo 1698ko abenduan zioten moduan: “que de noches, después de las Abemarías, asta el tiempo de la queda, se retiren tanbién las mozas a sus casas” (A-1-10-1, 4 at.). Handik urte gutxira, 1701eko abenduan, aldiz, agindu bera neska-mutilei zabaldu zitzaien: “Que de noches, después de las Abemarías hasta el tiempo de la queda, se retiren también los mozos y mozas a sus casas” (A-1-11-2, 3 at.). Antza denez, azken talde honek morroiena baino muga handiagoak zituen.

            Dena den, errua ez zuten gazteek bakarrik. Neskatoei agindua modu zuzenean lehenengo aldiz eman zitzaienean, 1698ko abenduaren 31n, gazte edo nerabeen kasuaz harago, beste errealitate sozial bat geratu zen agerian. Egun hartako aginduak, ordutik aurrera ohikoa bihurtuko zenak, ezin argiago uzten zuen: kera-deiaren ondotik etxera joateko betebeharra morroiei eta beraien gurasoekin bizi ziren mutilei ematen bazitzaien ere, horretan ezkondutako gizonek eta agureek izan zezaketen eragina ere agerian uzten zen. Hala, azken horiei mutilekin traturik izatea debekatzen zitzaien: “que los hombres casados y ancianos de noche en tauernas ni en otras partes no tomen conuersasión de juego ni otro con los mozos ni de los que están a soldada so la misma pena y ocho días de cárcel” (A-1-10-1, 2 au.-6 at.).

            Azken finean, adin guztietakoak ziren komunitate oiartzuarraren partaide, bai egunerokoan baina baita egun seinalatuetan ere. Jairik nagusienak gerturatzean, mozorrotzeko ohiturak anitz zorigaizto, haserre, zarata, liskar eta etsaitasunei leku egiten zien. Traza larria hartu zuten 1682ko San Joan, San Martzial eta San Pedro jaiek, hildako eta guzti (ikus Oiartzun jai giroan eta Xanixtebanak, 2020, 29-32 orr.). Hori dela eta, urte horretako irailean, eta etorkizuneko arazoak ekidite aldera hartu ziren neurrien artean, kera-deiaren ondoren, hau da, 21:00etatik aurrera, dantzak eta txistularien jarduna galaraziz (A-1-4-2, 174 au.-176 at.).

Testuinguru edo gertakari jakin batzuek ere eragina izan zuen etxeratze-aginduen arautzean. Horietako bat lapurretak ditugu. Kera-deia Bailarakoen segurtasuna mantentzeko luzatzen zen, baina baita lapurretak saihesteko ere. Hala, 1695 urtearen amaieran Elizgibel aldeko elizako atea zulatu izanaren ondorioz, etxeratze agindua jo ondoren bertatik ibiltzea debekatu zen (A-1-8-3, 208 au.-at.).

Beste esparru batek gerrarekin zerikusia du. Alde batetik, Aro Berria gerraz betetako garaia izanik, Bailaran soldaduen presentzia behin baino gehiagotan eman zelako. Bestetik, Frantzia eta Espainiako Kororen arteko harreman politikoek bateko zein besteko seme-alaben ezkontzak ekarri zituelako eta horren ondorioz, errege-segizioa Bailaratik pasa zelako, Luis I.aren alargun Luisa Elisabet Orleanskoa  1725ean Frantziara itzuli zenean bezala.

Jakina da soldaduen egonaldiak ez zeudela oso ondo ikusiak, ez beraien portaeragatik, ezta herrietako gobernuburu, auzo eta biztanleei zekarzkieketen ondorio eta eskortzu ekonomiko handiengatik ere. Beraz, 1726ko abuztuan Iruñeatik zetozen bost konpainia Bailaran kuartelaratu behar zirela jakiteak, neurri adierazgarri zenbait ekarri zuen (A-1-26-1, 237 au. eta 246 au.). Horietako bat da azpimarratu behar dena, etxeratze-agindu edo kera-deiaren ondoren Elizaldeko plazan oihukatzen eta soldaduak aztoratzen aritzea galarazten  baitzuen: “que ninguna persona de qualquiera calidad y condición sea, no ande después de la queda en esta plaza relinchandi ni dando escándalo a los soldados ni a otro alguno”. Militarren behin-behineko igaroaldiak ez ziren txapelokerren egunerokoak, baina hala ere, herri honetan ezagunak diren irudiak sortuko zituen.

***

Tabernak itxita, edari eramangarriak, etxeratze-aginduaren ordutegi aldaketa edo gazteengan begirada jartzea. Guretzako berrikuntzak direnak eta batzuen aburuz orain arte ikusi gabeak geundenak, duela hainbat mende eguneroko kontua ziren. Izurritearen ondorioz ala horren beharrik gabe. Oiartzungo agiriek argi utzi dute hori, gertakariak bere lekuan jartzeko orduan Historian murgiltzearen beharra agerian utziz.

Iago Irixoa Cortes

OHARRAK: 

(1) SALAZAR ARECHALDE, J. I.: “Ordenanzas de Orduña: de la Edad Media a la Ilustraicón”. In: Vasconia  36 (2009), 129-130 orr. (121-134); SORIA SESÉ, L.: Derecho municipal guipuzcoano (categorías normativas y comportamientos sociales). Oñati: HAAP, 1992, 27-29 etaa 41-58 orr. Ald. PORRAS ARBOLEDAS, P. A.: “La vida cotidiana en el Motril de la Época Moderna a través de los Autos de Buen Gobierno”. In: Cuadernos de Historia del Derecho, 2005 (12), 151-177 orr., bereziki, 155-156. Goizuetan, adibidez, arau hauei “urtero argitaartzen diren ordenantza” moduan aipamena egiten zaie 1825ean. Agiri honek garaiko bertsio elebiduna gorde du, eta euskarazkoan honela definitzen dira: “Goizuetaco villac bere governu oneraco (…) disponituric dauquien ordenanzac”. Ikus, TREBIÑO, I..: Administrazio zibileko testui historikoak. Oñati: HAEE, 2001, 279-294 orr, bereziki, 288 eta 293 orr.

(2) Ildo honetatik, Bailara beste erakunde boteretsu batzuen aginduei aurre  hartu ziela ematen du. Horren lekuko ditugu 1699ko otsailean Iruñeko gotzaindegiak hartutako neurriak (A-1-10-1, 149 au. eta hh. folioak). Gotzain-epaile edo probisorearen aginduak, danbolin eta arrabita jotzen zutenei Abemaria garaitik aurrera Bailarako baserrietan eta plazetan ez jotzeko debekua ezarri zien, eskumikatze eta 50 dukateko zigorpean. Bailarak erabakiari aurre egin nahi izan zion, halakorik ospatzen ez zelako eta  bestetik, usadioen aurka zihoala azalduz, lekuko agintariek horren inguruan nola jardun erabakitzeko eskumena udalbatzarena zela argudiatuz.

(3) Ald. GARMENDIA LARRAÑAGA, J.: El criado o “morroi”: visión etno-histórica. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 20073; LÓPEZ IGLESIAS, Fl.: “Los criados en la Asturias del Antiguo Régimen”. In: BRIEA, 150 (1997), 151-172 orr.; LORENZO PINAR, Fco. J.: “Los criados salmantinos durante el siglo XVII (1601-1650): las condiciones laborales”. In: Obradoiro de Historia Moderna, 18 (2009), 233-261 orr.; LORENZO PINAR, Fco. J.: “Los criados salmantinos durante el siglo XVII (1601-1650): conflictividad social y actitudes ante la muerte (II)”. In: Studia Historica. Historia Moderna, 31 (2009) 275-304 orr., bereziki 287-290.


[1] “Que los vezinos y moradores d’este Valle y en espeçial los que están sirbiendo y debaxo de la patria potestad se retiren a su casa de las tauernas y posadas de paraxes donde se vende sidra y aguardientes y de las plazas y barrios. A sauer, de verano para las nuebe oras de la noche y en el ybierno [sic] para las ocho, pena de dos ducados de vellón (…) \y ocho días de cárcel/ y para ello se tocará la canpana de la queda como se acostunbra (079-00039_0004.jpg)