Artxiboak

Euskara herritarrena da

XVIII.mendean idatzizko komunikazioa erdaraz egiten zen ia erabat. Bai partikularren artean eta baita erakundeekin ere. Hori egunero ikusten dugu udal Artxiboetan. Tarteka, baina, errealiteateak zirrikitua topatzen du idaztizko agirietan. Horrelakoetan, euskarazko hitzak protagonista bihurtzen dira. Hobe erranda, ezarritako langa gainditu egiten dute euskal hiztunek. Ohikoa agerian geratzen da, ofizialtasun baztertzaileari izkin eginez. Errealitatea   “…en lengoa vascongada…” pasatzen zen eta. 

Honelako dokumentu bat aurkitzen dugunean artxibozainak arnasik gabe geratzen gara une batez, hitz horiek irakurri bitartean. 

Baina, honek ez du esan nahi euskara bakan batzuek hitz egiten zutenik. Ezta gutxiago ere. Orduan ere hizkuntza bizia zen. Kaleko harremanetan euskaraz egiten zen. Baieztapen hau egiteko gorago aipatutako hitz bakanez gain baditugu ere dokumentuetan adibide ugari: lan tresnak izendatzeko orduan, etxeen izenak esateko orduan… Honen harira, Arantza eta Igantzin jasota dauden agiri banaren inguruan hitz egingo dugu gaur.

Batetik, 1768 urtean Arantzako apaizak zerrenda bat egin zuen. Bertan jaso zituen etxez etxe herrian bizi ziren guztien datuak, sexuaren eta adinaren arabera banatuta. Erroldaren antzeko izan arren errolda ez dena, ez bait ditu auzokoen izen abizenak biltzen.

Zerrenda horretan azaltzen diren etxe ia guztiek euskarazko izena dute.150 etxe baina gehiago biltzen ditu. Izen hauek 4 eremu edo talde nagusitan bildu ditzakegu: kokapen geografikoen izenak, pertsona izenak, etxeen deskribapen izenak eta ogibideen araberakoak. Ikusi ditzagun adibide batzuek:

Hasteko, elementu geografikoei erreferentzia egiten dieten izenak. Hau da, kokapen geografiko bati erreferentzia egiten diotenak: Larrearenborda, Osiñalde, Gaztañaondoa, Sagardia, Landakoetxea, Arrondoa, Bazterrenea,…

Badaude ere pertsona izenei lotutakoak: Martiñuenea, Andresbaita, Petrigalantenea, Loperenea, Arrueneko borda, Petritxonea, Simontxobaita, Mariurdiñenea,…

Hirugarrenez, etxeen deskribapen zehatza egiten duena: Oruenea, Etxezuria, Etxetxipia, Etxazarreta,..

Amaitzeko, lanbideetara zuzenean lotutakoak: Seroriaren borda, Errementenea, Auspagileabaita, Zapatariabaita, Texeria, 

Zerrenda honi esker dakigu, gainera, Arantzan 1768 urtean 854 pertsona bizi zirela. Nahiko orekatua gainera, hauetatik 441 emakumezkoak bait ziren. Guztira 151 bikote ezkondu zeuden.  Gainera, 303 lagun 16 urtetik beherako haurrak zirela ere ikusi daiteke bertan. Honela ba, Arantzako apaizak ikerketa demografiko sakona egiteko informazioa biltzeaz gain toponimia jasotzen ere “nahi gabeko” lan itzela egin zuen.

Bestetik, Igantziko Lehen Hezkuntzako ikuskatzaileen liburua, 1871. eta 1900, urteetako ikuskatze aktak jasotzen dituena. Bertan hizkuntzaren inguruko oharrak agertzen dira.  Akta horretan Gorgonio Parra ikuskatzaileak Igantziko nesken eskolan bisita egin duela eta zuzendu beharreko “akatsak” zerrendatzen ditu. Besteak beste, “… procurará que las niñas se egerciten en la labor de aguja corta…”, “…cantarán letrillas que hay destinadas a cada una de las asginaturas…”. Baina gainera, hizkuntzaren inguruan bi ohar: “…destinará un cuarto de hora cada clase para conversación en castellano sobre objetos…” eta “…No consentirá se hable dentro de la escuela por las niñas y a ser posible fuera de ella otro idioma que el castellano…”.

Bi hauek beraz, agerian uzten dute euskara hizkuntza guztiz bizia zela orduan ere,  nahiz eta administrazioaren joera antzinako garaietan “castellanoa” erabili eta bultzatzea izan zen.

Amagoia Piá Aranguren