Bloga

Fronteras de agua. Las ciudades portuarias y su universo…

Aurreko Urriaren 15 eta 16an, UNED-ek Ferrolen duen egoitzak hainbat hitzaldi hartu zituen. “Fronteras de agua. Las ciudades portuarias y su universo cultural” izenburupean. “La gobernanza de los puertos atlánticos” delako sareak antolatutako III mahai-ingurua zen, eta ekitaldia honako erakundeek antolatu zuten: UNED-ek berak, A Coruñako unibertsitateko Aro Berriko Saila; Santiago de Compostelako unibertsitateko Giza-zientzien departamendua; eta Velazquez Etxea.

Helburua ohiko esparru ekonomikotik haratago joatea zen, begirada atzerritarrengan, komunitate ezberbinen arteko komunikazioan, ohituretan, jakintza ezberdinen hedakuntzan edota erlijioan jarriz. Honela, eta programan hainbat aldaketa egin baziren ere, bi egunetan hainbat gai jorratzen zituzten ekarpenak entzuteko aukera egon zen, hamaika leku, garai zein alorrei buruzkoak. Geografikoki Lapurdi, Gipuzkoa, Bilbo, Cantabria, Portugal, Kanariar Uharteak, Amberes, Indiak eta beste hainbat tokiei zegozkienak. Kronologikoki, XV-XX mendera bitartekoak. Denborak eta lekuek ezarritako adartzak aintzat hartuz, ikuspegi anitzez osatutako mintzaldiak ikusteko parada izan zen: emakumek lan munduan izandako lekua (Ana María Rivera), kofradien papera (Amândio Jorge Morais), erlijioa (Gerardo Fabián Rodríguez), ikuspegi politikoak (Susana Truchuelo), ijitoak bezalako talde etnikoak (David Martín), hezkuntza eta ezagutza esparruak (Michel Bochaca-Beatriz Arízaga, Marta García Garralón, Michael Limberger), ontzien onomastika (José Manuel Vázquez), etc.

Ereiten-go Iago Irixoak eta David Zapirainek ere komunikazioa bidali zuten, Irixoak Ferrolen aurkezpena egiteko ardura izan zuelarik. Etorkin irlandarrek XVII. mendearen erdialdean Pasaiako badiako komunitate ezberdinetan izan zuten presentzia izan zen aukeratutako gaia. Halako prozesua jorratzeko arrazoiak hainbat ziren. Batetik idatziek datu ugari, interesgarri eta adierazgarriak azaleratzen zituztelako. Bestetik, oso gutxi ikertutako gaia dugulako. Hau dela eta, eta Aro Berrian zehar irlandarrek bizi izan zituzten inmigrazio prozesuen inguruko ikerkuntzak ugariak direla aintzat hartuz, badiako adibideak ikerketa alderatuak burutzeko aukera ematen du, lekuan lekuko kasuak aztertuz.

Bestalde, eta berriz mahai-inguruari helduz, azpimarratzekoak dira aurkeztu ziren komunikazioen hedapenean hartutako hiru erabaki. Batetik, UNED-ek duen streaming delako zerbitzuari esker, hitzaldiak zuzenean ikusteko aukera zegoen. Bestetik, antolatzaileek testuen argitalpen fisikoa martxan dagoela jakinarazi zuten; agidanez kudeaketak bide honetik doaz eta emaitzak laster ikusteko aukera izango omen dugu. Hirugarrenik, mahai-inguruari buruzko erreportaia txiki baten grabaketa dugu, zeina telebistaz emitituko den.

Lehenengo egunean egoteko aukera besterik izan ez bagenuen ere, antolatzaileei eta partehartzaile ezberdinei eskerrak eman nahi dizkiegu, hartutako lanagatik, abegikortasunagatik eta beraiekin hainbat ekarpen interesgarri partekatzeko aukera izateagatik. Gure eskerrik beroenak, beraz, hara joan ziren guztiei: besteak beste Manuel-Reyes García Hurtado, Marta García Garralón, Ofelia Rey Castelao, Jean Philippe Priotti, Beatriz Arízaga, Susana Truchuelo eta Tomás Mantecón-i. Aipamen berezia David Martín Sánchez-i ere.