Artxiboak

Funts bereziak Amasa-Villabonako Udal Artxiboan

Artxiboetan ez dira idatzizko testuak bakarrik gordetzen. Bertako apaletan, herriaren bilakaera historikoaren lekuko diren funts oso bitxiak gordetzen dira. Hortaz, gaurkoan Amasa-Villabonako Udal Artxiboan gordetzen diren funts berezien inguruan hitz egingo dugu.

Funts nabarmenenarekin hasiko gara, fototekarekin. Aurreko artikulu batean aipatu genuen bezala, Villabonako Udaleko argazki-funtsa ez da oso aberatsa. Hala ere, badaude argazki berezi eta interesgarriak. Funts hau elikatzen joan da urteen poderioz, jasotako dohaintza desberdinei esker. Dena den, beste baterako utziko dugu gai hau.

Jakina, udalerriko tintazko zigiluen bilduma bat dago. Zigilu hauek, dokumentuak kautotzeko erabili izandakoak, interes handikoak dira Amasa-Villabonako armarriaren eta izenaren bilakaera jasotzen baitute.


Bitxikeria gisa, udaltzainak erabilitako identifikazio-txapa zaharrak ditugu (sig. 2567-11). Hauek ere Amasa-Villabonako armarriaren eta izenaren bilakaera jasotzen dute.

Aurki dezakegun gauzarik bitxienetako bat orain dela gutxi eraitsitako Kale Nagusia 62 eraikinaren kanpoan zeuden burdinazko ziri zaharrak dira. Hauek, fatxadan zaldi, asto eta behiak lotzeko aukera ematen zuten eta udal-artxiboan gorde dira antzinako herri-paisaiaren erakusgarri gisa.

Zalantzarik gabe, funts bereziak dira, herriaren ondare historiko-kulturala babesteko helburuarekin gorde direnak. Jakina, funts horiek ikusi nahi dituen edonork Villabonako artxiboan agertu besterik ez luke beharko. Harrera zerbitzua ostegunetan eskaintzen da, 09:00etatik 14:00etara.

Miriam Ruiz

Argazkiak: Villabonako Udal Artxiboa