Artxiboak

Gaua argitzea ogibide zenekoa

Neguak
iluntasuna dakar gure egunerokora. Eguzkiaren argi izpiek gero eta ordu
gutxiago argiztatzen dute eta eguna iluntasunean murgiltzen da. Neguak
barru giroa ekartzen du gurera, baina ez hotzak epelean egotera
gonbidatzen gaituelako bakarrik, argitasun ezak ere gure bizi-senean
eragiten duelako baizik. Izan ere, iluntasunak arriskua dakar eta
argitasunak segurtasuna. Iluntasunak trabak sortzen dizkigu, ikusteko
zailtasuna sortzen baitu. Bestalde, iluntasuna gaizkileen lagun ere
bada, iluntasunak ezkutatzen eta beren asmoak erraztasun handiagoz
gauzatzen laguntzen baitie.

Gaur
egun, gaua argiz betetzeko ahalmena dugu elektrizitateari esker.
Elektrizitaterik ez zegoenean, ordea, kalea argiztatzen zuten
argiontziak zaintzea beharrezkoa suertatzen zen. Gauetan segurtasuna
bermatu ahal izateko argiontziak zaintzen jarduten zuten farolariek.
Gaur, beraz, galdurik dagoen lanbide baten inguruan jardungo dugu.

1848an
probintziako agintari politiko gorenak Zumaiako alkateari hiribildua
argitzeko 4 argiontzi berri erosteko baimena eman zion, argiontziak
erosi eta behar zen lekuan jartzeko 672 errealeko gastua izatearen
baldintzarekin. Urtebete geroago, hiribildua iluntasunetik aterako zuten
7 argiontzi zeuden Zumaian. Egoera berri horrek kale argiteria arautu
eta argiontziak zainduko zituen norbaiten beharra sortu zuen.

Kale
argiteria udazken eta neguan piztea adostu zuen udalbatzak:
urtarrilean, otsailean, martxoan, urrian, azaroan eta abenduan. Urteko
sei hilabete horietan argiztapenak 5 ordu iraun behar zuen gutxienez.
Zeregin horretarako Jose Txapartegi izendatu zuten aho batez. Haren
soldata urtean 800 erreal kuartokoa izango zen, lau hiruhilekotan
zatitua. Soldata horrek, Txapartegiren lanaz gain, hiribildua
argiztatzeko beharrezkoa zuen materialaren kostua ere barne hartzen
zuen. Hau da, argiztapenerako olioa eta metxa eta argiontzien
mantentzerako beharrezkoak ziren kristal, hodi, ontzi, eskala eta abar
bere soldatatik ordaindu behar zituen Txapartegik.

Jose
Txapartegik kargua hartu eta bost urte geroago, kale argiteriaren
egoera tamalgarria zela dirudi. Zumaiako sindikoak jakinarazi zuen
argiontzi gehienak arratsaldeko 8tarako itzaliak zeudela eta horren
aurrean udalbatzak nolabaiteko erabakia hartu behar zuela. Egoera
errepikatu ez zedin, aurrerantzean gaueko 10ak baino lehen itzalita
zegoen argiontzi bakoitzeko farolariari 20 errealeko isuna jartzea
adostu zuten. Arazoak, ordea, ez ziren hor bukatu.

1865ean
kale argiteriaren egoera tamalgarria zen berriro ere. Oraingoan,
farolariari isuna jarri beharrean, petrolioaren kontsumoa eta
argiontzien gainerako mantentze beharrak aztertu eta lanpostua enkantean
ateratzea adostu zen. Petrolio kontsumoaren eta argiontzien egoeraren
ikerketa Jose Maria Resustari eskatu zioten. Urtebete geroago farolari
berri baten bila zebilen Udala. Oraingoan, ordea, soldataren baldintzak
ez ziren berdinak. Argiontziak pizten ziren bakoitzean 4 erreal
kobratuko zituen farolariak eta kale argiztapenerako kontsumitzen zen
petrolioa hiribilduaren kontura izango zen. Hala ere, badirudi kale
argiztapenaren egoera ez zela hobetu eta farolari postua betetzeko
zailtasunak egon zirela.

1870ean
aldaketa bat sumatzen da. Ordurako farolari postua desagertua da eta
hark egiten zituen lanak aguazilen zereginen parte izatera pasatu direla
dirudi. Izan ere, urte horretan, Isidoro Amas aguazilak 2,5 erreal
kobratzen zituen kaleko argiontziak pizten zituen egun bakoitzeko.
Gauetan, argiztapena zaintzeaz gain, pixkanaka beste behar batzuk sortu
zirela kontuan izan behar dugu, gehienak segurtasunarekin lotutakoak.
Hori horrela, farolariek sereno edo gaueko aguazilei zabaldu zieten
bidea. Gogoratu behar dugu Zumaian 1866an agertzen zaizkigula lanpostu
horren inguruko lehen berriak. Gauean kaleak zelatatu eta araudia
errespetatzen zela egiaztatu behar izaten zuten, baita argiteria zaindu
ere. Horrela, farolariak sereno postuaren aurrekariak izan zirela esan
daiteke.

Oihana Artetxe

Irudiaren iturria: https://laruinahabitada.org/2014/05/05/adios-al-farolero/