Artxiboak

Generoaren historiaz: emakumeari buruzko hainbat datu, XVII. mende amaiera…

Iraganeko gizartea ikertzerako garaian hamaika dira jorratzeko aukeratu daitezkeen gaiak; iturrien arabera gehiago ala gutxiago garatu ahal izatea, beste kontu bat da. Gaur egunean eta gizartearen behar, oihartzun eta kezken isla moduan, emakumeen edo generoaren historiak bultzada nabarmena ezagutu du. Hori dela eta, eta aurtengo martxoaren 8an izan zen mundu mailako greba, lanuzte edo plantoaren ildotik, aste batzuetako atzerapenarekin bada ere, aurreko mendeetan udal-aktetan emakumeei buruzko informazioa bilatzeari ekin diogu.

Dokumentazioa aztertzerakoan, gizonezkoek gobernatutako gizarte baten aurrean gaudela ematen du; emakumea bigarren mailako protagonista da eta bere papera, gizonezkoenarekin alderatuta, benetan txikia izan zela iduri dezake. Beste modu batera esateko, gaiari heltzeko informazioak, askotan zeharkakoak, sakabanatuak dira, iturri batzuek besteek baino datu gehiago eman baditzakete ere. Udal-aktei dagokienez, emakumeari edo horrek gizarte hartan zuen paperari buruzko informazioa ez da topatzen erreza, oso barreiatua baitago. Dena den, eta aurreko hilabeteetan burutu ditugun beste artikuluek erakutsi diguten bezala, aktak ez dira basamortu bat. Informazioa biltzea eta datuak lotzea lan sakona dakarte, bai, baina fruituak lortzen dira; ez da saiakera guztiz antzua.

Emaitzak datozen lerroetan ikusiko ditugu, hiru ardatz nagusiren inguruan: gizartearen baitan, gizon-emakumeen arteko harremanen arautzean; emakumearen gibide eta jardunetan eta, azkenik, alfabetizazio kontuetan.

1.- Gizartea

Emakumearen papera filosofia, erlijio edo zuzenbidearen ildotik oso baldintzatua zegoen. Asko ziren bere izaera maltzurra salatzen zuten idatziak eta gizonezkoenganako zuen menpekotasunaz. Hori dela eta, lege edo arau aldetik haien portaera kontrolatzeko ekimenak azalduko dira, bai elizari lotutako esparruan, baita alor zibilean. Aktak anitz adibidez josita daude.

Ildo nagusietako bat, jende ugari biltzen ziren leku eta uneetan bi generoen arteko banaketa bermatzean zetzan, gizonak batetik eta emakumeak bestetik; guztia, moraltasunaren eta Elizaren arauen izenean. Jende andana biltzen zen plaza inguruetan, baita benta, taberna eta sagardotegietan ere. Hori dela eta, esparru horietan bi sexuen arteko harremanak arautzeko hamaika ekimen eman ziren. 1699an, adibidez, danbolinjole edo txistulariei Bailarako hiru plaza nagusitan bakarrik jo zezatela agindu zitzaien, eta ez edozein auzune edota baserritan. Agidanez, sagardo salmenta egiten zenean, musikariak leku horietara joaten ziren, bertan neska-mutilak elkartuz eta “mucha desorden y cometer muchas ofenssas de Dios” (A-1-10-1, 48 au.-49 au.). Hemen, ordea, emakumea ez zen horren errudun ikusten; musikariak ziren beraien soinuekin jendea aztoratzen zituenak.

Jai giroaz gain, bestelako momentu handiek portaera zalantzagarri edo lizunetarako aukera ematen zuten. 1691n, Egunsentiko meza ohikoa zen orduan ospatzea adostu zen, udan goizeko 5’30tan eta neguan 7’30tan. Azkeneko garaietan goizago egitea erabaki omen zen, baina honek eragozpen ugari ekarri zituen. Besteak beste, mezetara joateko aitzakiapean, neska-mutil gazteak elkarrekin zebiltzan, ordutik kanpo eta jenderik gabeko lekuetan. Gobernuak hori debakatu zuen, baina horrez gain, gurasoen eta nagusien ardura eskatzen zuen, beraien seme-alaba eta mirabeekiko zuten erantzukizunari erreparatuz(A-1-7-1, 9 au.-10 at.).

Sexuen banaketa bermatzeko asmoak ez ziren espazio zibiletan bakarrik eman. Sinbolismo berezia zuten lekuak ere horren lekuko izan ziren, eliza eta bere inguruak, hain zuzen ere. Honela, tenpluko koru azpian, bataiarriaren inguruan eta banku edo ahulkietan gizonak eta emakumeak elkarrekin egotea eta esertzea behin baino gehiagotan galarazi zen. Badirudi neurri horiek XVII. mende amaieran areagotu zirela, 1690 urtetik aurrera, aurreko hamarkadetan ez baitugu horien inguruko informaziorik. Antzeko xedapenak hilerrirako bidean zeuden eskailerei edo hileta-segizioi ere eragin zieten, 1688an bezala (A-1-6-1, 31 au.-32 at.).

Halako arauak orokorrak ziren, ia urttik urtera errepikatutakoak, baina horiez gain, izan ziren zehatzagoak: 1695ean, adibidez, Ostegun eta Ostiral Santuz, Kristoren Heriotza ospatzean, emakumeei aldare nagusiko eskaileretan egotea debekatu zitzaien, gizonezkoak bakarrik egon baitzitezkeen (A-1-8-3, 72 au.-at.). Horren katolikoa irudikatu zaigun gizarte hartan, elizkizunak isilean baino, iskanbila ederrean ospatzen zirela dirudi. Hiletetako erostarien negar eta garrasiez gain, 1691ko urtarrileko mandatuaren arabera, emakume eta inudeak mezatara umeekin batera joaten ziren eta jendea, aldiz, zakur eta kukuekin (A-1-7-1, 9 au.-10 at.).

Genero zatiketa hori bestelako leku edo eraikinetan ere gertatu zen, ospitalean kasu. 1697ko abuztuan argitaratutako aginduek emakume zein gizonentzat berezko lekua egokitzeko asmoa zuten. Ospitaleko maiordomo zen Juan Arrondoren eskaera aintzat hartuta egin zen hori, eta helburua zalaparta edo iskanbilarik gabeko egoera bilatzea zen, bare eta baketsua, jendea behar zen moduan lo egin eta egon zedin, lotsa eta begirunearekin. Helburua ez zen berehalakoan lortu, bi urteren buruan ospitaleak oraindik inolako banaketarik gabe jarraitzen baitzuen (A-1-10-1, 95 au.-96 at.; 117 au.-119 at.).

Handik gutxira udal-kartzela izan zen neurri bertsuen helburu. Ekimen orokor baten baitan txertatzen zen erabakia izan zen. Ziegetara bideratzen ziren udaletxeko gelak oso egoera kaskarrean zeuden, osasunerako kaltegarri izateraino. Agirietan aipatzen denaren arabera, ziegatan pilatutako zikinkeria eta gorotza hain zen handia, eta komun edo karkabak horren gaizki zeuden, ezen presoak 8 eguneko epean gaixotzen ziren: “…de quán mala calidad se hallan las cárceles y calabozo d’este Valle por estar en ellas las secretas que causan fastidio y emfermedades a los presos en tanto grado que apenas pueden los hombres aguantar con salud solo ocho días…”. Gureari helduz, emakumezkoentzako kartzelarik ez zegoenez, 1700. urteko otsailean bat egitea erabaki zen, horretarako udaletxeko gela bat ziega moduan atonduz. Agidanez, ordura arte presoak udaletxeko hainbat gelatan sartzen zituzten, hauek ez zuten komunik eta gorotza pilatzen zen. Egoera oso larria zirudien eta, ospitalearekin gertatu ez bezala, hilabete gutxitan (uztailerako) lan guztiak amaituak zeuden (ikus A-1-10-2, 51 au.-at.; 88 at. eta 125 au.-at. folioak).

Azkenik, egunerokotasunean ematen ziren portaeren adibide bikaina gizon eta emakumeen arteko elkarbizitzak ematen digu; hau da, teilatu berean bizi ziren edo espazio hori partekatzen zutenen arteko bizikidetzak. Ezkongabeak ziren baina bikote-bizimodua zeramaten gizon-emakumeak Bailaran ugariak ziren Erdi Aro amaieratik gutxienez. 1499ko ondasunen estimazio-liburua edo errolda lekuko argia dugu. Orduan burutu zen errolda berriak halako bikoteen edo neska “amorante” horien egoera eguneratu zuen, maila fiskal berria ezarriz, ohiko egoera zenaren seinale (1). Berrehun urte beranduago errealitate horrek indarrean jarraitzen zuen. 1692ko uztailean, gizonekin bizi diren emakume ezkongabeak 20 eguneko epean ezkondu zitezela agindu zen eta horrez gain, gizon ezkonduekin harremanak zituztenak 8 eguneko epeaz Bailaratik ateratzeko asmoa agertu zen: “que todas las mugeres corrutas que están en este valle se casen dentro de veinte días corrientes desde oy, y las mujeres que tratan con onbres casados salgan dentro de ocho días de este valle, pena para todas de que se pondrán a la bergüenza pública” (A-1-7-2, 113 au.). Asmo horiek ez ziren zorroztasunez bete eta bi urte beranduago, 1694ko urtarrilean, antzeko xedapenak plazaratu ziren. Oraingoan, ordea, ohaideei bakarrik egiten zitzaien aipamena, apaiz eta gizon ezkonduen ohaideei, hain zuzen ere: “que ninguna muger corruta, amanzeuada o que dé mal exemplo con clérigo, hombre casado o con otro de qualquiera estado no admita ninguna persona en su casa y que salga de este valle dentro de nuebe días, con aperzeuimiento que se sacará públicamente del dicho Valle” (A-1-8-2, 2 at.).

Badirudi, Landucciok XVI. mende erdialdeko Gasteizen (edo inguruetan), gaztelaniazko “manceba” adieraren sinonimotzat jasotako “apezandrea” adiera mende luze beranduagoko Oiartzunen puri-purian zegoela. Eta, badirudi, halaber, horren katolikoa zen Monarkiaren baitan, hainbat eta hainbat portaerek ortodoxia ilun, zelatari eta beldurgarriari iskin egiten ziotela.

2.- Ogibideak eta jardunak

Udal aktek aditzera ematen duten beste esparru bat emakumeen jardunarekin zerikusia du, hau da, lan munduari.

Euskal Herrian horren tradizio handia den serorez gain, eta erlijio munduari lotuta ere, Oiartzunen XVII. mende amaiera arte oso ohiko zen limosna-biltzaileak izendatzea. Maiatz-neska edo maiatz-andere izena zuten, beraien jarduna hilabete horretan eta 20 egunetan zehar burutzen zutelako. Bederatzi dontzeila ziren izendatutakoak, auzune edo plaza bakoitzean hiru; 1691n adibidez, Mariana Seinen alaba naturala izendatu zen, nahiz eta horrek onartu nahi ez (A-1-7-1, 125 au.). Bildutakoarekin Corpus ospakizunetarako argizaria erosten zen eta, aukera bazegoen, elizaren bestelako gastuei aurre egiten zitzaien (A-1-8-1, 96 au.-97 at.).

Maiatz-andereen usadioak ez zuen ortodoxia katolikoan oso iritzi onik eta Iruñeko gotzainak, 1692ko apirilean egindako bisitaren ondotik, halako biltzaileen izendapena debekatu zuen (A-1-8-1, 147 au.-at., 149 au.-150 at.) halakoek zekartzaten “yndezenzias, liuiandades y graues ynconuenientes y ofensas de Dios, nuestro Señor” zirela eta. Apezpikuak orduko irailaren 23an epaia eman zuen, eskumikatze nagusi zigorpean; hau da, agindua bete ezean, eliztarrek ohiko sakramentu eta otoitzak hartu eta egiteko eskubidea galduko zuten. Badirudi Bailara ez zela erabaki horrekin ados egon eta epaiari muzin eginez, izendapenekin aurrera jarraitu zuen. Apirilean hori egiteko asmoa agertu zuen, baina irailean gotzainaren debekua berretsi zen eta badirudi ortodoxia usadioei gailendu egin zitzaiela, maiatz-nesken azken berriak 1694koak baitira (A-1-8-2, 65 au.) (2).

Udalbatzaren araudiei gagozkiola, emakumearen jardunaren inguruan egungo ikerkuntzen ildo nagusiak topa daitezke. Modu honetan, produktuen salmenta eta elikagaien ekoizpenari lotuta agertuko zaizkigu, saltzaile, okin, bentari edo tabernari moduan. 1681eko urtarrilean adibidez, udalbatzaren aurrean “diferentes mugeres que benden por menor en sus casas y tiendas bacallao, sardinas, grasa de ballena, tauaco, aguardiente, papel y otras menudenzias” azaldu ziren (A-1-4-1, 24 au.); 1693an, berriz, Bailarara iristen ziren fruta, barazki, arrain eta bestelako elikagaien emakume-saltzaileei aipamena egiten zitzaien (“bendedoras que binieren a este valle con fruta, ortaliça, pescado y otros qualesquier género de bíueres”; A-1-8-1, 2 at,). Askotan aipamen orokorrak dira, baina beste hainbatetan beraien izen-abizenak iritsi zaizkigu; 1704ko abenduaren 17 eta 25 arten ardoa saldu zutenak, adibidez, honakoak ziren: Maria Josefa Zugasti, Maria Josefa Olano, Mariana Zuloaga, Maria Ignazia Larrea eta Maria Akerreta (A-1-12-2, 16 at.)

Okin eta tabernarien kasua interesgarria da, dokumentazioak emakumearen munduari estuki lotuta aurkezten baitizkigu. Ogibide horien gaztelaniazko aldaera beti emakume-generoari lotuta ageri da: “panaderas” eta “taberneras” aipatzen baitira beti, inoiz ez “panaderos” edo “taberneros”. Azken bi sektore hauen aipamena ia etengabekoa izango da udal-aktetan, urtero udalbatzak adostutako prezioak baino garestiago ez saltzeko agindua ematen baitzitzaien, edota ogia ongi oratu eta egitekoa.

Halaber, eliza, baseliza edo bestelako lekutan abandonatzen ziren haurren inude moduan ikusten ditugu, Susara Olaizola 1709an bezala (A-1-14-2, 187 au., 286 eta 289 folioak).

Emakumeek udal-bizitzari lotutako esparru politikoan jardutea debekatua zuten eta, aktei erreparatuta, udal-errenten partaidetzan ere oso paper xumea izan zutela dirudi. Dena den, azken alor horrek emakumeen jardunerako aukera ematen zuen. Dakigula, Oiartzunen ez dugu errentamenduan partaidetza zuzenaren zantzurik; bai, ordea, berme edo fidatzaile bezala: Martin Oiartzabalek udaletxeko arotzeria-lanak burutzeko aurkeztutako fidantza eskrituran (1674ko azaroaren 15ekoa), bere emazte Maria Albiztur eta Matias Fagoaga eta Frantziska Azkue senar-emazteak agertu ziren bermedun gisa (A-1-2-2, 154 au.-155 at.). Azken bikote hori jardun berean aritu zen urte batzuk beranduago, 1690eko apirilean, Sebastian Azkue zaharrari dohainezko zerbitzuen gaineko sariaz gain, alkabala eta pisua eman zitzaizkionean (A-1-2-2, f.g.).

Mugak muga, emakumeek gizartearen ezinbesteko zati ziren eta komunitatearen partaide izaki, horren beharretara joateko obligazioa zuten. Modu honetan, auzolanetan arituko dira. Beraien partaidetza guztiz errotua zegoen, bideak garbitzen, lurra kentzen edota herri-lanetan. 1675eko apirilean adibidez, auzo bakoitzak beren etxetik neskame bat bidali zezala adostu zen, sakristiako lurra ateratze-lanak aurreratzeko asmoz (A-1-2-2, 2. foliazioa, 15 at.). Halakoetan kontuetan, bakoitzaren zeregina adostua zegoen. Ugarte oinetxetik Aldako teileria zaharrerako errege- eta gurdi-bidea hobetzeko asmoz, 1702ko irailean deialdia egin zen. Alde batetik, Altzibar plazako eta bere inguruetako neska eta emakumeei deitu zitzain; bestetik, Arkotza barrutiko jende guztiari. Idi zein zelabererik zutenek, horiekin joan beharko zuten; gizonezkoak aitzurrarekin batera gerturatuko ziren; emakumeak, aldiz, saskiekin. Antzeko mandatua egin zitzaien Elizaldeko ospitale atzean zegoen lurra kendu eta hau hilerrira eramateko: Elizalde eta inguruetako etxe bakoitzetik pertsona bat joango zen, ohikoa zen bezala, eta hemen ere, gizonezkoek beraien aitzur eta palekin egiten zituzten bitartean, emakumeek material-garraiolari moduan arituko ziren, saskiak erabiliz (A-1-11-2, 148 au.-at.).

3. Alfabetizazioa?

Azkenik, beste gai interesgarri bati lekua egin nahi diogu, alfabetizazioari alegia. Ohiko udal-akta liburuek ez dute prozesu horrek emakumeengan izan zuen eraginerako hurbilketa egitea posible egiten, baina Oiartzunen kasuan iturri horiek duten antolaketa eta eduki bereziari esker, hitzen bat esan dezakegu.

Artikulu-bilduma honetako lehenengo zenbakian adierazi genuen moduan, bileren erregistroak biltzen dituzten sortek, beraien barnean bestelako dokumentuak ere gordetzen dituzte; erakunde zein pertsona ezberdinek udalbatzari zuzendutako idatzi, eskaera edo gutunak, hain zuzen ere, eta horietan, emakumeak ere protagonista dira. Hor ditugu baimen eskaera desberdinak: otea mozteko, enborrak hartzeko, harria idokitzeko… Baimen horiek eskatzaileek edo eskribau batek idatzi egiten zuen, baita izenpetu ere, benetan pertsona horrek eskaera egiten zuela frogatzeko.

Laster ikusiko dugunez, idatzi horiek oso galdera interesgarriak sortzen dituzte, baina oraingoz, gera gaitezen funtsezko ideia batekin: baimen horiek eskatzaileen (ustezko) sinadurak dituztenez, alfabetizazioaren azterketari ekiteko euskarri bat osa dezakete. Ikerkuntza historikoa askatzen joaten den mataza bat da, eta eskaera horiek izaera hori dute. Tira egiteko beharrezkoa den ari-muturra eskaintzen digute: idazten zekitenen izen-abizenak. Gaian sakontzeko hurrengo pausoa, haiek jarraitzea litzateke, bai aktetan sakonduz baina, bereziki, beste iturri batzuetara joz (notario-protokoloak, auziak, eliza-erregistroak…). Baina hau lerro hauetatik at dago.

Gureari dagokionez, akta liburuetan gordetzen diren gutxi gorabeherako 490 eskaera edo baimen idatzietatik, gehien-gehienak gizonezkoak dituzte protagonista. Emakumeen ekimenez sortutakoak oso gutxi dira, 16 inguru (%3,2). Horien partaidetza maila desberdina da, bakarrik ala gizonezkoekin batera ikus baititzakegu. Modu honetan, emakume oiartzuarrak protagonista bakarrak diren adibideak hamar dira, eskritura guztien %2.

Gizon-emakumeak bost eskaeratan ditugu, dela senar-emazte moduan, dela negozio berean sartuak zeuden pertsona bezala. Eskritura hauetan gizonezkoa da sinatzaile eta, lerro nagusienetan, zuzeneko eskatzaile; hau da, bera da emakumearen izenean diharduena. Adibide moduan, hor ditugu Martin Intxaurrandieta eta Maria Martin Sein senar-emazteei, bikote ziren Juan Arrondo eta Maria Juan Indarti eta egoera zibil berean zeuden Jose Aldako eta Maria Teresa Etxeberriari emandako baimenak, hurrenez hurren 1669, 1697 eta 1709 urteetakoak (A-1-1-3, 78 au.-at.; A-1-3-2, 175 au.-at.; A-1-14-2, 139 au.-at.). Lotura zibilik gabeko protagonistak dituzten idatziei dagokienez, Olaberria burdinolako errentari Martin Ariztizabal eta Maria Josefa Bengoetxeak 1708an lortutako baimena aipa dezakegu (A-1-14-1, 208 au.-at.) edo lau urte lehenago, 1704ko martxoan, Frantzisko Zaletak eta Isabela Eizagirrek udalbatzari zuzendu zioten otea mozteko eskaera (A-1-12-1, 79 au.) (3).

Batzuetan errealitate alfabetatu heterogeneoa ikustea ez da zaila; hau da, sinadura egokiak, erdipurdizkakoak edo txarrak ikus daitezke. Hauetan, agerikoagoa da eskaeraren testua eta sinatzaileak esku desberdinek osatzen dituztela. Hor dugu, adibidez, Teresa Maria Agirre Gamarrak Isasola burdinolaren gabi nagusiarentzat bi kirten edo ardatz egiteko egurra eskatu zuenekoa, 1686ko abenduan (A-1-5-2, 186 au.-at.). Dokumentua egoera kaskarrean badago ere, argi dago Teresak sinatzen zuen bitartean, testua beste pertsona batek idatzi zuela. Baina egoera hau antzematea ez da uste bezain erraza; eta hau da, hain zuzen ere, Oiartzunek aditzera ematen duen gauzarik interesgarrienetako bat,

Emakumeen eskaeretan agertzen diren sinadurei so egiten badiegu, lehen begiratuan sinatzen dakiten emakumeetatik gehienak primeran egiten dutela ematen du; eginkizun horretan ondo heziak daudela dirudi. Hor ditugu 1658ko Margarita Oloskoagaren sinadura, Añarbe etxea berreraikitzeko baimen-eskaeran; 1686ko irailean Maria Belez Iriberrik aurkeztutako idatzian ageri zaiguna; 1706 urriaren 23an su-egurrerako beharrezkoa duen materiala mozteko baimena lortzen duen Maria Josefa Laskanbururen kasua; 1708ko apirilean teileria eta laberako otea eskatzen duen Maria Josefa Ibarbururen idatzia; hilabete batzuk beranduago, urte bereko abenduan, Klara Arburu alargunaren su-egur eskaria; edota 1709ko otsailean Maria Martin Intxaurrandietak otea mozteko asmoa agertzen duen agiria (hurrenez hurren, A-1-1-1, 47 au.; A-1-5-2, 119 au.-at.; A-1-13-1, 244 au.-at.; A-1-14-1, 80 au. eta 284 au.-at-, eta A-1-14-2, 32 au.). Baina idatzi hauek guztiek beste prozesu bat uzten dute agerian, izan ere, kasu horietan guztietan, sinaduren kalitateaz gain, emakumeek beraiek eskaeraren mamia ere idazten dutela ematen du, testua eta sinaduraren hizki motak bat baitatoz. Hau da, sinadurak egiteaz gain, badirudi emakume horiek beraiek direla idatziaren egile.

Guztia, ordea, ez da horren argia eta halako erantzunak behi-behinekotik gehiago du, baieztapen irmotik baino. 1676ko apirilean otea mozteko baimena lortzen duen Margarita Zuaznabarren kasuak tentuz ibiltzera garamatzan lehenengo lorratza ematen digu (A-1-2-3, 37 au.). Bere adibidean eskaerak, sinadurak eta, harrigarriagoa gerta daitekeena, udalbatzaren erantzunak esku berdinak idatzitakoak dirudite. Are gehiago, udalbatzaren erabakia Juan Magierena Zubieta udal-eskribauak berresten badu ere, testuaren mamia ez da berak idatzitakoa, ez baitator bere hizki moldearekin bat; ageri diren beste sinadurak ikusita, idatzi osoaren letra Ignazio Makutsoren izenpekoaren antza du, baina ezin dugu bestelako baieztapenik egin.

Margaritarena ez da egoera berezi horren aurrean jartzen gaituen adibide bakarra. Urte batzuk beranduago, 1690eko azaroan haritzak mozteko baimena eskatzen zuen Maria Josefa izeneko andrearen kasua ere, ildo horretatik ulertu behar dugulakoan gaude (A-1-6-3, 133 au.-at.). Testuaren mamiak eta sinadurak bereak baino, liburu horretan zehar hainbat alditan ageri zaigun beste letra mota bati dagozkiola ematen du, Frantzisko Arpide eskribauarenari, hain zuzen ere.

Aurreko bien egoera bertsuan dugu 1704ko abenduaren 24an ageri zaigun Olaberria burdinolako errentari zen Maria Josefa Bengoetxea (A-1-13-2, 228 au.-at.). Eskaeraren, sinadura eta udalbatzaren erabakia idazkera berdinaz osatua dagoela ematen du, eta horrek, itxuraz, ez du azalpen logikorik.

Halaber, eta emakume oiartzuar hauen ustezko alfabetizazio maila goren honi lotutako beste zalantza bat, haien sinaduren arteko alderaketa bat eginez sortzen da. Maria Josefa Bengoetxeak eta Maria Josefa Laskanburuk egindakoek oso-oso antz handia dute, esku berak egindakoak dirudite; eta Maria Josefa Ibarburu eta Maria Martin Intxaurrandietaren atzetik ere, gauza bera zegoenaren susmoa dugu.

Horri guztiari 1691ko maiatzeko Bordaberri basetxearen eta ondoan dituen udal-lursailen mugarritze autoak irakurtzen baditugu (A-1-7-1, 108 au.-110 at.), zalantzak eta galderak areagotu egiten dira. Zedarritzea burutzeko eskaera Maria Belez Iriberriren eskutik dator. Dagoeneko bere sinadura 1686an ageri zaigu eta bost urte beranduago beste horrenbeste egiten duela ematen du. Ez hori bakarrik, bere sinaduraren, aurkeztutako eskaeraren eta burutzen diren autoen letra-mota berdina da. Autoak, teorian, urte hartan udal-eskribau zen Frantzisko Arpidek izkiriatu zituen. Badakigu, baina, hori ez zela benetan gertatu, Arpideren sinadura eta autoen idazkerak ez baitatoz bat, nahiz eta Arpidek, berak (edo hobe esanda, bere aurrean) idatziak izan zirela adierazi. Bera izan ez bazen, logikoena bere ikasleren batek idaztea zatekeen, edo Bailarako beste eskribau batek. Halakoak uste baino ohikoagoak dira eta ez lukete inolako harridurarik sortu behar; notario-protokoloak ikusi besterik ez dugu idazketa errealitate anitz horretaz jabetzeko. Baina 1691 urteko dokumentu honetan, autoak eta Maria Belezen eskaera (eta sinadura) esku berak egindakoak dira, eta hemen datza gakoa. Teorian, eskaerek balio juridikoa izateko, eskatzaileen beraien sinadura ekarri beharko lukete; idazteko gai ez izatekotan, beste pertsona batek sinatuko zukeen, horren inguruan nolabaiteko oharren bat adieraziz, eskatzaileak idazten ez zekiela edo une hartan horretarako ezgai zela esanaz.

Gure aburuz, eta gaur egun ditugun ezagutza edo aurreiritziekin, normalena emakumeen ordez, eskaera horiek beste pertsona batzuek egitea litzateke. Gerta zitekeen liburuetan ageri zaizkigun eskaerak originalak ez izatea, eskribau edo beste pertsona batek egindako kopiak baizik. Edota usadio edo ohituraren bat egotea, non eskatzailearen benetako sinadura jartzea beharrezkoa ez zen. Azken horrek beste puntu garrantzitsu bat azalduko luke: aurreko lerroetan aipatu ditugun protagonistetako biri dagozkien eskritura batzuetan, beraien sinadurek bestelako itxura bat izatea, hain zuzen ere.

BENETAKO SINADURAK

MARIA JOSEFA BENGOETXEA ETA MARGARITA ZUAZNABAR

Bi emakume horiek Maria Josefa Bengoetxeaz eta Margarita Zuaznabar dira. Lehenengoari dagokionez, 1704ko maiatzean, Bailarako beste auzo batzuekin batera udalbatzari eskaera-idatzi bat aurkezten zuen, bera ere sinatzaileen artean zegoelarik (A-1-12-1, 215 au.-at.). Modu berean, 1707ko uztailaren 30ean Bengoetxeak berak ziurtagiri bat luzatzen zuen Oiartzungo udalbatzaren alde (A-1-13-2, 139 at.), azken honek Mariaren aita San Juan Bengoetxea zenari alkabalagatik zor zion dirua ordaindu diola adieraziz. Kontua korapilatzera datorren datua sinadura bera da: bi dokumentu horietan dakusaguna ez baita taulan ikus dezakeguna. Oraintxe aipatu berri ditugun bi agirietan bere benetako sinaduraren aurrean gaude; batetik, bietan berdina delako; bestetik, aurretik bildutakoaren idazkera oso susmagarria delako, Laskanbururen oso antzekoa baita.

Antzeko egoeran dago Iurrita Erdikoa etxeko jabe Margarita Zuaznabar. Berarentzako datu bakarra dugu, baina beste horrenbeste gertatzen delakoan gaude. Horren lekuko dugu 1677ko uztailean, Maria Migel Etxebesterekin batera egiten zuen eskaeran ageri den sinadura dugu; bi emakumeak dira, gainera, agiri hori sinatzen dutenak (A-1-3-1, 123 au.-124 au.) (4).

Eskaera idatziak aurkeztu eta sinatzen zuten guztiek (berdin gizon zein emakumeek) egiaz idazten al zekiten? Are gehiago, eskaera horiek sinatzen al zituzten? Zergatik batzuetan bai eta besteetan ez? Emakumezkoen egoera zibilak (alargun, ezkongabe,…) zerikusirik ba al zuen horretan guztian? Beste herrietan halakorik gertatzen al zen? Lehen begiratuan, eskaera hauen sinaduretan ageriko “faltsutze” bat zegoela ondoriozta daiteke. Hori dela eta, alfabetizazio prozesuak ikertzeko tentuz ibili beharreko iturria dirudite, hasieran uste genuen garrantzia gutxituz. Edonola ere, eskaera-idatzi hauen bitxitasun horrek ez die inolako baliorik kentzen, galdera gehiago sortzen baititu, eta ikerkuntza sakon baterako gai interesgarria direla deritzogu, baita alfabetizazioaren ondotik ere.

Iago Irijoa

(1) IRIJOA CORTÉS, I.; eta LEMA PUEYO, J. A.: Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libro de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2011.

(2) Dena den, ohiturari eutsi zitzaiola ematen du, aldaketa batzuekin bada ere. Larramendik bere Hiztegi Hirueledunean terminoa jasotzen zuen, bai maiatzean emaztegai moduan janzten zen neskatoa bezala, edo berarentzako dirua biltzen zuten neskatoei erreferentzia egiteko.

(3) Ekimen gehienak esparru zibiletik ageri zaizkigu, baina badago alfabetizazio maila altuagoa zuena; moja edo lekaimeak, alegia. Oiartzunen ez zegoen komenturik, baina Bailararekin lotutako dokumentazioan Errenteriako Agustindarrak ageri zaizkigu eta bertako komunitatearen zati Bailarako emakumeren bat ere izango zela uste dugu. Edonola ere, 1691ko abuztuan, komentura eramateko asmoz Ezkonsari edo Eskonsegi ondoan harria idokitzeko eskaeran, Mariana Arangibel “presidenta”-k izenpetutako eskaera baten aurrean aurkitzen gara (A-1-17-1, 151 au.).

(4)Sinaduren “faltsutze” hau Klara Arbururen adibideak ere agerian uzten du, bere testamentuan, 1726an, idazten ez zekiela adierazten baita. Eskerrak eman nahi dizkiogu Ramon Martín Suquíari datua helarazteagatik. Testamenturako, ikus AHPG-GPAH 3/2202, 1 au.-2 at. folioak.