Bloga

Getariako abere hiltegia (I)

Garai
batean animaliak etxeetan hazi eta hiltzen ziren, baina denborarekin
guzti hori aldatzen joan da apurka. Nekazal guneetan txerribodekin
mantendu da gehien, baina gaur egun oso toki gutxitan egiten dira. Izan
ere, gaur egun haragia non-nahi erosi dezakegu, gure beharretara
egokituz.

Herri
eta hirietako haragi eskaria bideratzeko, XIX. mendean hiltegiak
eraikitzen hasi ziren. Herriguneko etxeetan abereak hiltzea, jadanik, ez
zen egokitzat hartzen, higiene kontuak zirela medio, osasunarentzat
arriskutsua izan zitekeelako. Getarian 1889koa da hiltegiaren buruzko
lehen aipamena. Urte horretan, herria haragiz hornitzeko ardura zuen
Jose Elosuk herriko hiltegi publikoaren egoera txarraz kexu da, bertan
egin beharreko garbiketa lanak egiteko, ur hornidura eskasa dela
ohartaraziz. Hau dela eta, behin-behinean, abelburuak Francisco Enbilen
etxean hiltzeko baimen eskaera onartzen dio udalak.

Udal
hiltegiaren egoera tamalgarriaren aurrean, 1901ean udal batzorde bat
eratu zen hiltegi berria eraikitzeko kokaleku egokia aztertzeko.
Batzorde horrek Gaztetape izendatu zuen hiltegi berria eraikitzeko
herriko toki egokiena bezala, itsasoko aireak abelburuak freskoago
mantentzen lagunduko zuela argudiatuz. Hau horrela, herriko albaitariak
eta haragi ikuskatzaileak, batzordekideekin batera, “Marcobe” (egungo
Malkorbe) izendatu zuten Gaztetapeko gunerik egokiena, baina toki honek
ez zuen perituen oniritzia lortu. Azkenik, herrigunean zegoen Katrapona
enparantza aukeratu zen hiltegi berria egiteko gune.

Tokirik
egokiena Katrapona-andia izenekoa zen, baina bertan ontziola bat omen
zegoen kokatuta. Ontziola hori udal lurretan zegoen eta, bertan
kokatzeko baimena lortu zuenean, udalak lurzorua herritarren
ongizaterako beharko balu eraisteko aginduko zuela hitzartu zen. Egoera
honek ez zuen herriko bizilagun guztien onarpena lortu. Alde batetik
hiltegia herrigunean kokatzea osasunarentzat arriskutsua izan zitekeela
eta herri arrantzale batean ontziolaren beharra aldarrikatzen zuten
ontziolako jabe eta lagunak zeuden. Hauek tokirik egokiena Malkorbe zela
defendatzen zuten. Bestalde, udalaren erabakia babesten zuten
herritarrak zeuden.

Azkenean,
udalaren erabakiak aurrera egin zuen eta, Donostiako Domingo Ezeiza
maisuak eginiko planoa jarraituz, hiltegi berria eraikitzeko obren
esleipena Juan Eizagirre Orioko bizilagunaren aldekoa izan zen.
Eraikuntzak 5401,63 pezetako kostua izan zuen udalarentzat eta 1903ko
otsailerako amaitua zegoen. Hiltegi berriko araudia urte bereko martxoan
ezarri zen.

Oihana Artetxe