Bloga

Getariako Abere Hiltegia (II)

Aurreko
hilabetean 1903an zabaldu zen hiltegi berriaren inguruan aritu ginen.
Hilabete honetako idatzia, aurrekoaren jarraipena duzue. Izan ere,
Getariako abere hiltegiaren inguruko gorabeherak ez ziren hiltegi berria
martxan jartzearekin amaitu.

XX.
mendeko lehen erdian, batez ere hogeita hamargarren hamarkadatik
aurrera, ohikoak bihurtu ziren hiltegiaren garbitasunaren inguruko kexa
eta aipamenak. Dirudienez, hiltegia erabiltzen zuten harakinek ez zuten
behar bezala zaintzen eta garbitzen. Arazorik handiena hustubideak
ziren, behar zuten mantenua egiten ez zitzaienez buxatu egiten
baitziren. Horrelako azpiegitura bat egoera egokian ez mantentzeak
osasun arazoak ekar ditzazkeela jakinik, behar duen higiene maila
mantentzea ezinbestekoa da. Are eta gehiago, Getarian 1903an eraiki zen
hiltegia herrigunean kokatzen zela kontutan badugu.

Azpiegituraren
garbitasun ezari, harakinek bertan abereak hitzartutako orduetatik
kanpo hiltzen zituztela gehitu behar zaio. Beraz, osasun arazoa areagotu
egiten zen, orduz kanpo hildako abereak albaitariaren osasun azterketa
egin gabe hiltzen baitziren.

Egoera
honen aurrean, Udalak zenbait neurri hartu zituen. Hiltegia erabiltzen
zuten harakinei azpiegiturak behar bezala mantentzen eta abereak
hitzartutako orduetan hiltzen ez bazituzten zigorrak ezartzen zizkien.
1942an, higiene arazoa konpontzeko asmoz, hiltegian zenbait eraberritze
lan egin ziren: lurzoruan zementu geruza bat bota zen eta hustubiderako
sifoi bat jarri zen. Baina hau ez zen nahikoa izan egoera hobetzeko.

1954an
hiltegia ixteko eta beste berri bat eraikitzeko agindua jaso zuen
Udalak. Mende hasieran eraikitakoa oso egoera txarrean zegoen eta bertan
egiten ziren lanetarako txikia zen jadanik. Gainera, ez zituen
Hiltegien Arautegi Orokor Berriko zenbait baldintza betetzen eta bere
kokagunea ez zen aproposena. Egoera honen aurrean, Udalak hiltegi
berriaren kokagunea zehazteko beharra izan zuen. Honek, herrigunetik
urrun eta ur emari batetik eta itsasotik gertu (hondakinak errazago
hustutzeko) behar zuen.

Azkenean,
Igarategi errotaren alboan kokatzea erabaki zen, izen bereko
errekastoaren alboan. Kokagune honek bete beharreko baldintzak asetzen
zituen. Behin kokagunea zehaztuta, hiltegi berriaren planoak eta
proiektua egitea falta zen. Oraingoan Manuel Urkola Ansola arkitektoa
izan zen eraikuntza berriaren diseinuaren arduraduna. Hiltegi berria
egiteko 371.277 pezetako aurrekontua izan zuen Udalak, horietatik
125.000 pezeta Foru Aldundiaren diru-laguntza bitartez lortu zituen. Hau
izan zen Getariako azken abere hiltegia.

Oihana Artetxe