Artxiboak

Gordailua. Gipuzkoako ondarea zaintzen

Teknologia berrien eta Internet artean bizi gara, eduki digitalez inguratuta. Baina
mundu berri digital honetan ez dugu ahaztu behar kultura-ondarea kontserbatzearen
garrantziaz. Gure arbasoetatik jasotako eta egungo gizarteak sortutako ondareaz.

Gure lurraldeko kultura-ondarearen zati bat Gordailuan jasota dago. Gordailua
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa da eta bertako kultura-
ondarea biltzea, zaintzea eta ezagutaraztea du helburu nagusi. Irunen kokatuta
dagoen eta kaiola itxura duen eraikin handi batean, bilduma artistikoak, historikoak,
etnografikoak, paleontologikoak eta arkeologikoak bildu, zaindu eta kontserbatzen
ditu.

Argazkia: 1. solairuko biltegia. Egilea: Oskar Moreno

Baina kultura-ondareak ez du baliorik herritarrengana hurbiltzen ez bada. Oso
garrantzitsua da hori zabaltzea, gizartearen eta haren ondarearen arteko lotura
sortzeko. Honela Gordailuan, hilean behin bisita gidatuak antolatzen ditu, euskaraz
eta gaztelaniaz. Bisitak doakoak dira eta batez ere publiko orokorrari zuzenduak,
bertan ondare-bildumen gainean egiten diren kontserbazioa eta zaintza lanak
ezagutarazteko helburuarekin.

Bisita gidatuen zerbitzuak emateaz gain, Gordailuak eskaintzen duen beste
zerbitzuetako bat bere bildumak kontsultatzea da. Bildumak kontsultagarriak izan
aurretik, dokumentazio-prozesua martxan jartzen da. Objektu bakoitzaren
identifikazio eta deskribapena, baita objektuari lotutako elementuena, jatorria,
egoera, objektuaren tratamendua eta egungo kokapenak bildu behar ditu.

Bildumek ematen duten informazioa erabiltzaileentzat eta ikertzaileentzat
eskuragarri izateko Ereitenek ere dokumentazio prozesu honetan lagundu du.

Honela, liburutegiaren funtsa antolatzeaz gain, Arkeologiako eta Paleontologiako
sailean ere aritu gara lanean, beste era bateko lanak berrantolatzen eta egiten baina betiere funtsen antolamenduarekin lotuta. Paperezko dokumentuak landu ordez
dokumentu arkeologikoak lantzen ibili gara. Azken bi urtetan egin dugun lana
hainbat aztarnategietako material arkeologikoak berrantolatzea izan da. Eta aldi
berean, indusketetan eta prospekzioetan berreskuratutako material arkeologikoen
erkatze-lanak egin ditugu. Lan honi dagokionez, ikertzaileek Gordailuan uzten duten
material arkeologikoarekin batera entregatzen dituzten inbentarioak oinarritzat
hartzen dira erkatze-lanak egiteko. Entregatutako materiala inbentarioan jasota
dagoen egiaztatzen da, eta ondoren material motaren arabera (harria, zeramika,
hezurra e.a..) multzokatuta gordetzen dira, kutxa berezi batzuetan, ondo babestuta.

Argazkia: 2. Material arkeologikoak eta paleontologikoak gordetzen diren
kutxen xehetasuna. Egilea: Oskar Moreno

Horretaz gain, Gordailuan gordetako aztarnategi arkeologiko batzuk berrantolatu
dira. Hemen ere, aztarna arkeologikoak material motaren arabera bereizi dira,
ikerlariek kontsultatu nahi dituzten materialen bilaketa azkarragoa eta
eraginkorragoa izan dadin.

Hasieran esan dugun bezala, garrantzitsua da garai digital honetan kultura-ondarea
balioan jartzearen garrantzia azpimarratzea. Gizarte-kolektibo guztiak
sentsibilizatzea mendeetan eta gaur egun sortutako eta Gordailuan gorde eta
kontserbatzen diren dokumentuak kontserbatzearen garrantziaz. Gipuzkoako ondare
bildumen zentro hau gure lurraldeko memoria historikoa eta soziala ezagutzeko eta
zaintzeko iturri garrantzitsua da. Gure ondarea zaindu dezagun.

Gordailuan jasotzen den funtsaren zati bat hemen kontsulta daiteke.

Nerea Sarasola