Herriko dantzen araudia Lazkaon
Folklorea dugu giza-komunitate baten nortasun zantzua. Gizarteak eraldatu ahala, iraganeko ohiturak errekuperatu, gureganatu eta errepikatu egiten dugu. Oso gutxitan, baina, ohituren esanahia aztertzen dugu eta, ia inoiz, ez ditugu usadio horiek modu historikoan pentsatzen. Hau da, betikotasunaren ikuspuntutik hartu eta errepikatu egiten ditugu. Beti izan da horrela, eta beti hala izaten jarraitzeko errepikatu egiten ditugu.
Alabaina, betikotu dugun ohitura askok jaiotze data dute; eta, era berean, beste ohitura batzuk estali egin dituzte.
Udal akta hauetan, hemezortzigarren mendearen erdiko aktetan, gizartea osatzen zutenen arteko harremanak nolakoak ziren, nola aldatu zuten eta aldaketa horiek zeinek bultzatu zituen dago jasota.
Izan ere, bertan herriko dantzak arautzen dira. Alegia, neska eta mutil gazteak moral estu batean sartzeko agindua ematen da, dantzatzeko modua, aisialdiaren denbora eta haien arteko erlazioak murriztuz eta zigortuz.
Danbolina eta doinu zehatzak debekatuz, elkarrekin nonahi musika jo eta dantza egitea jazarriz, zapi-dantzen bidez gorputzak eta ukimena banatuz… Fosilizatu ditugun ohiturak ez ziren ohitura bakarrak, ez ziren ere ohitura nagusiak beste garaietan.
Morala eta ohituren kontrola, moral eta ohitura hertsiak inposatzea, garai hartan inposatzen ari zen liberalismoari aurre egiteko modutzat har ditzakegu gainera.
Bestalde, testuak kultura popularrari lotutako hiztegia ere jasotzen du, debekatzean. Horra hor, esate baterako, danbolina eta albokarekin batera, Aimariak (ama birjinaren bezperako jaiak, dantzak eta suak), tapatan eta unzurraketan dantza erritmoak edo doberajotzaileak (tobera-munstra izenarekin Euskal Herri kontinentalean, herri portaera ez egokiak salatzeko herri antzerkia bezala ezaguna, bertsolaritzarekin edo xaribariekin lotuta beraz).
Irudia: Lazkaoko Udal Artxiboa.
Dokumentu osoa ikusteko esteka: https://lazkao.artxiboa.eus/node/3838