Herriko erlojuaren esferarekin gorabeherak
Egin
ditugun azken bi idatziak herriko erlojuaren ingurukoak izan dira. Bi
kasuetan erlojuaren makineriarekin lotura izan dute. Herriko erlojuaren
inguruko trilogia osatuko duen idatzia izango da hau, baina oraingoan,
erlojuaren esferarekin izandako gorabeheren berri eman nahi dizuegu.
Zumaiako
herri erlojuari buruzko lehen aipamenak XVI. mendekoak direla erakutsi
genuen trilogiako lehen artikuluan. Erlojuaren esferari buruzko lehen
aipamenak berriz, 1903ko irailaren 10ekoak dira. Kontuan izan behar
dugu, erlojuak berak esfera txiki bat eramaten zuela makineriarekin
batera, baina oraingo honetan, kanpandorreko esfera handiari buruz ari
gara. Egun horretan erlojuari kristalezko esfera bat jartzeko erabakia
hartzen da, gauez ere zer ordu den ikusi ahal izateko. Garai horretan,
Udalak Benito Yeregui erlojugilearekin zuen erlojuaren mantenimendurako
eta konponketarako hitzarmena. Hau horrela, Benitori eskatu zitzaion
erlojuaren esfera berria eta hura non jarri erabakitzeko ikuskatze lana.
Ikuskatze lanak
1903ko azaroan egin ziren eta erlojuaren kristalezko esfera 1904ko
apirila bitartean jarri zen. Baina kanpandorreko erlojuaren esfera honek
ez zuen denbora gehiegirik iraun jarritako tokian. 1907ko otsailaren
14an ospatutako udalbatzarrean, bi egun lehenago eta inolako zergati
garbirik gabe, erlojuaren esfera txiki-txiki egin zela jakinarazten da.
Gertaera honen aurrean, udalbatzak Benito Yereguiri hots egin zion
esfera berri bat eskatuz. Honek, apurtutako esferaren berdina jartzeak,
325 pezeta kostatuko lukeela jakinarazi zuen. Benitok momentua
aprobetxatu zuen kostuaren igoera txiki batekin erlojuaren konponketa
orokorra egiteko proposamena luzatzeko eta konponketa honen ondorioz
erlojuak 5 urteko bermea izango zuela jakinarazteko. Oraingoan, Udalak
esfera berria eta erlojuaren konponketa egiteak kostatuko lukeenaren
aurrekontua eskatu zion Benitori. 1907ko martxoan jarri zitzaion esfera
berri hori herriko erlojuari.
Badirudi,
Benito Yereguik kanpandorrean jarritako bigarren esfera honek 1923 arte
iraun zuela. Urte horretan esfera egiteko eskaera Gasteizko Viuda de
Murua etxeari egin zitzaion. Nazioartean ezagun bihurtu zen urtzaile eta
erlojugile etxea zen hau. 1925-1956 bitartean 147 kanpai egin zituen,
baina erlojuak eta esferak ere lantzen zituen. Etxe horrek egindako
esfera Jose Manuel Balenciaga y Compañía enpresak jarri zuen
kanpandorrean. 1949an berriro beste esfera berri baten beharra islatzen
da udal-aktetan, badirudi 1923an jarritako esfera ere apurtu zela.
Aurrekoan bezala, oraingoan ere Gasteizko Viuda de Murua etxeari eskatu
zitzaion esfera berria egiteko aurrekontua.
Ikusi
dugun bezala, esferak maiztasun handiz eman zizkion buruhausteak
Zumaiako herriari. Hau horrela, Viuda de Murua etxeak bi aukera aurkeztu
zizkion oraingoan Udalari. Lehenengoa, aurrekoetan bezala, erlojuaren
esfera zati bakar batean egitea. Bigarrengoa, -eta hauxe gomendatzen
zuen etxeak-, esfera berriro apurtu ez zedin, pieza bakarrean egin
beharrean hamahiru zatitan egitea. Horrek, esferaren garraioa eta
kokapen lanak ere erraztuko zituen. Hamahiru zatitan egindako esferak
3600 pezetako kostua zuen, Gasteizetik Zumaiako tren geltokira
garraiatzea eta kanpandorrean jartzea barne; gauza bera baina pieza
bakar batean egiteak, 4100 pezetakoa. Udalak, adituen gomendioei
jarraiki, hamahiru zatitan egindako esferaren eskaera egin zuen.
Bazirudien hau izango zela esferaren buruhausteekin bukatuko zuen
erabakia, baina Zumaiako Udalak azken ezusteko bat izan zuen. 1951ko
abuztuan Viuda de Murua etxeak bidalitako eskutitz bat jaso zuen,
eskaeran gaizkiulertu bat egon zela adieraziz eta esfera hamahiru
zatitan egin ordez zati bakarrean egin zutela jakinaraziz. Udalari,
pieza bakarrean egina zuten esfera onartzeko eskaera egiten zion
Gasteizeko etxeak. Udalak, ordea, herriko erlojuaren esferak ematen
zituen arazoak albo batera uzteko gogo bizia zuen eta horretarako
hamahiru zatitan egindako esfera nahi zuela aldarrikatu zuen. Ez zuen ba
Viuda de Murua etxeak berak gomendio hori egin! Azkenean, itxuraz,
eskatutako esfera berria 1951ko abendua eta 1952ko urtarrila artean
kokatu zen.
Oihana Artetxe
Irudia: Zumaiako esfera eta erlojua izan zitekeenaren antzerakoa http://felix.ares.fm/?cat=499