Historia berriarantz
“Contingentes cantábricos en el poblamiento de una zona guipuzcoana en la Baja Edad Media: el caso de la bahía de Pasaia”
Solorzano Tellechea, J.A., Martín Pérez, F. (coords): Rutas de comunicación marítima y terrestre en los reinos hispánicos durante la Baja Edad Media: movilidad, conectividad y gobernanza. (2020). Madrid: La Ergástula.
Uste baino pisu handiagoa du Historiak gure egunerokoan. Ez gara ari Historiaren eraginaz, ezagutza ustez historikoari ematen zaion hedapenari buruz baizik. Tamalez, gure egunerokotasunean nagusitzen den ikuspegi historikoa atzerakoia, errepikakorra, aspergarria… adjektiboak aukeran ditugu. Gure ustez, neoforalismo amaiezinean murgilduta bizi gara. XIX. mendean nagusitu ziren figurak inolako kritikotasunik gabe gurtzen segitzen dugu (Elkano, Lezo, Loiola… baina baita erreplika ustez historikoetan gastatu milioika euro xahuketa ere). Hauetan guztietan, gainera, pertsonaiak ala gertakizunak aitzaki hutsa dira xelebrekeria pertsonalak diru publikoz gizarteratzeko.
Jakina, marmarrean aritzea erraza da; bestelako ikuspuntua nahi izanez gero, ikuspuntu zaharkitu eta erreakzionarioa gainditu behar da, bestelako lanak proposatuz. Paradoxikoki, Pasaiako badiaren inguruan beharrezko berritze horren adibideak baditugu. Artean, Iago Irixoaren lanak. Esaterako, berriki argitaratu artikulu hau. Bertan, Pasaiako badiaren Historian mugarri beharko lukeen osaketa historikoa burutu du. XIV. mendearen hasierara eramaten gaitu, iradokizun zaharragoak ere eginez. Badiaren inguruan populazioaren prozesua bikain jasotzen du, interes guneen aldaketak aintzat hartuta, badiara etortzeko pizgarriak bilatuz, badia sare zabalago batean txertatuz… oinarrizko bidaia osatu du. Tartean, gainera, gai zahar bat berritu eta arrazionala bihurtu du, gaskoiena hain zuzen ere.
Irixoak lortzen du Historia ekintza magikoa baino, garaiez garai garatzen den prozesu gisa aurkeztea, lotura logikoak sortuz, prozesua hurrenkera historikoan sartuz, badiaren ikuspuntua azalduz. Auzokerian erori beharrean, ikuspuntu orokorra, dinamikoa eta logikoa garatzen du. Gertukoak ditugun izenak eta tokiak (Lezo, Zamatete, Kodemasti, Trintxer, Oiartzun…) dimentsio zabalean emanaz. Kronologikoki zein nazioartean.
Beraz, gure burua maitatzeko Historia balekoa dela erakusten digu, ohiko bide zatar eta edulkoratuetatik aldenduta.