Bloga

Historia istorioak

Duela
hiru aste ireki zen Untzi Museoko aldibaterako erakusketa berria,
Gipuzkoako itsasaldea artean deiturikoa. Bertan Gipuzkoako itsasaldeko
paisaiaren eta portuen irudikapen grafiko eta piktorikoen bilduma zabala
dago ikusgai, XVI. Mendeko irudietatik hasita gaur egungo
adierazpenetaraino. Honetarako, Untzi Museoak 20 urtetan zehar egin duen
ondare berreskurapena azaleratu egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren
eta beste erakunde ezberdinen obrekin batera. Aurrez publikoan inoiz
erakutsi gabeko bilduma partikularretako lan kopuru eder batek
borobiltzen du erakusketa.

Jarraian, erakusketak eskaintzen diguna lau puntutan laburbildurik:

Lehen eta orain.
Txikitako argazki albumak begiratzera jartzen garenean bezala,
erakusketa honi esker Gipuzkoako kostaldearen bilakaera ikusi eta
jarraitu ahal dezakegu Hondarribiatik hasi eta Mutrikuraino, herriz
herri, eremu geografiko honetan denboraren igaroa hautemanez.

Kostaldeko bizimoduan murgiltzea.
Aipatutako bilakaera hori ez da paisaia fisikora mugatzen. Erakusketa
honetarako hautatu eta bildu diren lanetariko asko ikuspegi
antropologiko eta etnografikotik begiratu ditzakegu. Alegia, paisaia
humanoa, geografia honetan bizi izan diren pertsonak nola bizi izan
ziren: euren ohitura eta ofizioak, azken batean, itsasoarekiko zuten
lotura.

(Gipuzkoako) artearen historian zeharreko bidaia.
Gipuzkoaren kostaldearen lekukotza historikoa ikusiko dugu bertan.
Lekukotza historiko-artistikoa, arte plastikoen dimentsio figuratiboen
bidez emana eta, baita, arteak berak izan duen garapena ere, formei,
estiloei eta espresibitateari dagokionean ere.

Teknika aniztasuna.
Azkenik, bi solairuetan dauden irudikapen grafiko eta piktorikoak
ezberdinak dira, erabilitako inprimatze eta pintura teknikei dagokionez,
prozedura grafikoetan interesa dutenen gozagarri: grabatuak,
litografiak, tinta txinatarra, olio pinturak, urkoloreak, guaxeak,
arkatzak, pastelak,…

Ezagunak diren paisaiak atzemango ditu ikusleak, baina begiratuan ezberdinak dira denak. Horixe da erakusketa honen magia.

Oihana Leunda eta Paula Estévez