Historiaren misterioak argituz: Juan Martinez Mendarokoaren ohorezko taulari buruzko…
Hilaren 9an, Gipuzkoako Gordailuak hitzaldi-sorta bat antolatu zuen, bertan zaharberritzen ari diren arte-lan baten inguruan, Zumaiako San Pedro elizan dagoen Juan Martinez Mendarokoaren omenez egindako taulari buruz, hain zuzen ere.
Objektu azpimarragarri zein berezia da: 1476ko apirilean izandako itsas-borroka baten berri ematen digu. Ekintza Gribraltar inguruetan jazo zen, eta Gaztelako eta Portugalgo itsasontziak jarri zituen parez-pare. Borroka horrek gaztelarren aldeko garaipena ekarri bazuen ere, Mendaroren heriotza ekarri zuen. Zantzu guztien arabera, ekintza loriatsu hori oroitzeko, baina, batez ere, Mendaro bera omentzeko, taula hau gauzatu zen.
Artelanari buruzko berriak oso eskasak izan dira. Lehenengo datuak XIX. gizaldiaren amaieran eman ziren aditzera, elizako sakristian zegoela. Ordutik, esandako ia guztiek iturri berdinak hartu dituzte aintzat, diskurtso bera etengabean errepikatuz. Horiek aintzat hartuz, eta zaharberritze-lanen babespean, taularen inguruan gauzak argitu nahi izan dira. Noiz eta non egin zen jakitea zaila izan da orain arte: ikerkuntza gehienek gertakariaren garaikidetzat zuten, baina batzuentzat irudi flandriarra zena, beste batzuentzat hispanoflandriarra zen.
Antolatutako hitzaldietan horri guztiari leku egin nahi izan zaio, eta Euskal Herriko zein kanpoko bederatzi adituren bitartez, artelanaren alor desberdinei erreparatu zaie. Horiek bi atal nagusitan bereiz ditzakegu: batetik, taularen beraren ezaugarriei buruzkoa; bestetik, historikoa.
Azken hori izan zen jorratzen lehena, Ana Sánchez Lassa, Iago Irixoa (Ereiten, K. Z.), Bart Fransen (Institut Royal du Partimoine Artistique) eta Xabier Alberdi (Itsas Museoa) ikertzaileen eskutik. Lehenengoak, Flandriako margoek Gipuzkoan utzitako arrastoari jarraitu egin zion, Gipuzkoako mendealdean bereziki azpimarragarria dena. Irixoak, aldiz, Zumaiako Mendaro familiaren inguruan dauden informazio urriak taularatu zituen, eskasi hau artelanak aditzera ematen duen familia edo protagonistaren pisuarekin kontrajarriz. Alberdik, bere aldetik, taulan azaltzen diren itsasontziak eta horiek azaltzen diren eszena testuinguru historikoarekin alderatu zituen; irudikaten dena 1476ko dokumentu batekin bat datorrela aditzera emanez eta agertzen diren itsasontziak 1480-90 urteetan data daitezkeela adieraziz. Fransenek artelanaren irudien bitartez, testuinguru historikoa eta objektuaren jatorria bera argitzen saiatu zen. Haren ustetan, Brujas aldeko maisuen eragin nabarmena erakusten du; halaber, taulak borrokaren inguruan eta ustez okerra den “1475” urtea Flandrian erabiltzen zen Pazko datazio-sistemarekin bat datorrela azpimarratu zuen eta, ondorioz, guretzat 1476ko apirila dena, Flandria aldean 1475ekoa zen; horrez, gain, agertzen den Portugalgo armarria aintzat hartuz, lana 1485 baino beranduago burutu zela ondorioztatu zuen.
Artelanaren ezaugarriei dagokienez, hitzaldiek ikuspegi zabala utzi zuten agerian, margoa beraz gain, bestelako kontuak aztertu baitziren. Horren lekuko ditugu Institut Royal du Patrimoine Artistique delakoari lotutako Jean-Albert Glatigny eta Christophe Maggiren hitzaldiak. Beraien begirada oholaren beraren eraikuntzan jarri zuten, bere neurriak eta erabilitako egurrari buruzko ezaugarriak aditzera emanez. Funtsean, neurriak Bruselan erabiltzen zen oinak zirela adierazteaz gain, Baltiko aldean 1440-1460 hamarkada bitarteetan botattako zuhaitzen aurrean gaudela adierazi ziguten. Margoaren beraren gainean begirada zehatzagoa jarri zuten Maite Barriok (Albalayalde conservatio), Irene Cárdaba (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Vera Aldabek (Gordailua). Lehenengo biek koloreen eta bernizaren inguruan jardun zuten bitartean, Aldabek esandakoek oraingo zaharberritzearen prozesuaren berri eman ziguten, baita aldez aurretik egindako zenbait eskuartzeena ere.
Hitzaldiek landutako alor desberdinei esker, taularen ikuspegi zabal bat plazaratu zen. Ondorio interesgarriak eta galdera ugari jarri dira mahai gainean; azken finean, gauzak ez dira berehalakoan argitzen eta, behin baino gehiagotan, erantzunen esperoan galdera berriak sortzen dira. Zorionez, hilabete luze hauetan guztietan egindako lanak bide berriak jorratzeaz gain, arte-lanaren ingurumaria hobeto finkatzen lagundu du. Eta lan horretan, dizpilinartekotasunak euskarri garrantzitsua ez ezik, funtsezkoa suertatu da eta suertatuko da.
Iago Irixoa
**Irudiaren jatorria: Gordailua