Artxiboak

Hondotik ondora: itsas ondarearen jardunaldiak Pasaian

Itsas ondareari buruzko “Hondotik ondora” jardunaldien barruan, martxoaren 14an Pasai San Pedroko Udal Aretoan eta apirilaren 15ean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ospatutakoek gai bera izan zuten hizpide: XVI. mendean zehar, euskaldunek burutu zuten Kanadan arrantza jarduera, hain zuzen ere. Hitzaldi hauen bitartez, Cambridgeko Unibertsitateko Geografian doktore eta Kanadako Gobernuaren aholkulari zientifiko-historiko den Michael Barkhamek, euskaldunek Kanadan eta Ternuan izan zuten arrantza jarduerari buruzko lerro nagusiak jorratu zituen, XVI. mendeko bigarren erdian arreta jarriz.

Ikerketa eta analisi ugari jaso dituen gaia da, zalantzarik gabe; askotan bale-ehizaren ikusgarritasun edo epikaren ildotik jorratutakoa. Barkham doktoreak, baina, berezko joera duen edo idilikoa gerta daitekeen jarduera batetik haratago dagoen ekimena dela ohartarazi zigun.

Era berean, hizlariak abentura hori euskal arrantzuen garapena kontutan hartu gabe ezin dugula ulertu agerian utzi zuen. Hauek Erdi Aroan zehar garatu eta hainbat esparrutan banatu ziren, bajurakoa, Kantauri aldekoa eta alturakoa edo Irlanda-Ingalaterra Hegoaldean sustatutakoa bereiz ditzakegularik. Halaber, hizlariak Kanadara joan ziren lehenengo bidaien nondik-norakoa azpimarratzeko aukera izan zuen. Hauek 1497an Giovanni Cabottok Indiak aurkitzeko saiakeran izan zuten hasiera, eta ondorengo urteetan portugaldar, normandiar eta bretoiak izan ziren espedizio horien bultzatzaileak. Hauen saiakerak ez ziren bale-ehizara bideratu, bakailao arrantzara baizik.

Euskaldunen lehenengo bidaiak 1515ean dokumentatuak baditugu ere, esparru kanadiar horren benetako ustiaketaren antolakuntza eta hedakuntza ez zen XVI. mendeko bigarren erdialdera arte eman, Gaztelako eta Frantziako koroen arteko gerrak edo testuinguru belikoak beherantz egin ahala. Ordutik, eta 25-30 urtez, abenturaren gorenaldia eman zen.

Ekintza hau ez da arriskuetatik at geratuko: bidaian edota egonaldietan sortutako eguraldi txarrak, bale-ehizaren arriskuak edo itzulerako bidaian pairatutako pirata edo kortsario erasoak, besteak beste, sahiestu beharreko elementuak izango dira. Pertsona asko zendu ziren, bai bidaia egiterakoan, baita Ternua eta Kanadako egonaldietan ere. Hala frogatzen dute bertan topatu diren ehun eta berrogeita hamar hezurdurek, edota Orio bezalako herrietako marinelek han, beraien etxeetatik milaka kilometrora, egin zituzten testamentuek. Eskritura hauek, gainera, Kanadako lehen ondare dokumentala osatzen dute. Egoera hau ikusita, ez da harritzekoa hainbat eta hainbat hondoratze jazo zirela jakitea. Batzuk dokumentatuak ditugu. Beste batzuk, aldiz, arkeologiari esker jakinak dira; hor ditugu, adibidez, Red Bay-ko indusketetan topatutako 5 pezioak.

Unibertso hau guztiaren benetako berreskuratzea 70eko hamarkadaren hasieran eman zen, Selma Huxleyren eskutik. Paradoxikoa bada ere, bere interesak ez zuen instituzioen oihartzuna jaso: Kanadako erakundeei egindako beka eskaerak ezezko borobila jaso zuen, sakontasunean ikertuta zegoen gaia zelaren argudiopean. Eragozpen honek ez zuen historialariaren nahia atzera bota, ordutik euskaldunen jarduerari buruzko milaka datu argitaratzera lortu baitu. Hori dela eta, hainbat erakunderen esker ona jaso du; batzuk Kanadakoak, beste batzuk bizkaitarrak.

Finean, Barkham doktorearen hitzaldiak, ikus-entzunezko hainbat material lagun izanik, gure iraganaren arlo oso interesgarri batekin harremanetan jarri gintuen eta hau ulertzeko aukera eman zigun. Itsasoarekin lotutako gaia eta Atlantikoaren bestaldean aztarna nabarmenak utzi dituena.

Iago Irixoa