Hormek Diote proiektuaren egitasmo berriak
Hormek Diote proiektua, 2015. urtean hasi zen Donostiako eta inguruko hainbat herrietako (Pasaia eta Orereta) paretetan mural erraldoi ezberdinak margotzen. Orduan, artista ezberdinak gonbidatu genituen muralak egitera (Arantxa Recio eta Jenni, Igor Rezola, Judas Arrieta, Ismael Iglesias, Hormachick kolektiboa).
Orain, proiektua bildu eta garatzen duen webgunea aurkezteaz gain (www.hormekdiote.com), Hormek Diote muralen mapa fisikoa ere erakutsi eta banatzera gatoz. Mapa honetan, muralen ibilbidea proposatu eta Donostiako auzoak eta Pasaia eta Orereta ezagutu eta bizitzeko aukera berri bat proposatzen dugu, ibilbide eta ohiko zirkuitoetatik at dagoena gainera, eta gure hiriaren ikuspegi berri bat eskaintzen diona, kanpotik datorrenari eta hiriko biztanleari ere bai.
Baina ez dugu muralak eta kale artearen inguruko hausnarketa eta ekintza paretetan soilik geratzea nahi. Horregatik, martxoaren 2an hasi eta 12ra bitarte Hormek Diotek hainbat ekimen antolatu ditu. Guztiak irekiak eta musutruk.
Martxoak 4 – BYG artista kolektiboak mural berri bat margotuko du. Eta kolektibo berak Kontadores grafiti taldearekin elkarlanean, Papiromancias izeneko tailerra eskainiko du.
Martxoak 5 (Tabakalera, 18:00) – Tabakalerako hormak zine pantaila bihurtuko zaizkigu Horma/Pantaila egitasmoan. Hormek Diotek, Las Chicas de Pasaik kolektiboari (Maria Elorza eta Maider Fernandez) eta IƱigo Salaberria artistei bideomural bana egiteko enkargua luzatu zien. Enkargu horren emaitza ikusiko dugu primizian, BLU grafitigilearen film laburrarekin batera.
Martxoak 5 (Tabakalera, 20:00) – Punto de Vista jaialdian berriki estreinu mundiala izan duen Keiwan Karimi zinegile iraniarraren Writing in the City filma eskainiko dugu. Keiwan Karimi egun, 6 urteko kartzela eta 223 zigorkada jasoztera kondenatua dago. Hain zuzen ere film hau egiteagatik. Filmaren ostean 223 Words filma eskainiko da. Punto de Vista jaialdiak ekoizturiko pelikula labur honetan, nazioarteko zinemagile ezberdinek, Keiwanen Karimiren egoera salatzeko, eta hari elkartasuna adierazteko zigorkadak hitz bihurtu dituzte. Emanaldian, Keiwanen kasuaren berri izango dugu, eta modu batera edo bestera, zinegilea bertan izango dugu…
Martxoak 9 (Garoa liburudenda, 19:00) – Arteak kale egiten duenean hitzaldia ospatuko da Xabier Gantzarainen eskutik. Arte aditua eta itxi berri duten Kalostra eskolako zuzendaria izandakoak, besteak beste, kale arteaz eta arteak kalean duen eraginaz hitz egingo du.
Martxoak 12 (10:00-13:00) – Judas Arrieta artistaren eskutik Planetak Dantzan tiza jolas tailerra izango da haurrentzat. Aire librean eginiko ekimen honetan, haurrek, elkarlanean, kultur aniztasun eta ezberdinatsunaren balioaren inguruko klarion murala eta jolasa egingo dute.
Hormek Diote proiektuan lanean jarraitzen dugu, aurrera begira ere proiektu eta ekimen berriak gauzatzeko… urtea luzea da…