Artxiboak

Idi-probak

Villabonako bizilagun askorentzat ez da oso ezaguna garai batean idi proben inguruan herrian izandako zaletasuna. Baina zaletasun hau benetan sakona eta sendoa izan zen eta honen froga bezala baditugu artxiboan ikusgarri diren hainbat agiri.

Hasi gaitezen probalekuarekin. Honen inguruan topatu dugun lehenengo erreferentzia 1895. urteko akta liburuan dago. Azaroaren 3.an ospatutako udalbatzarrean Frantzisko Zalduak probak egiteko harlauza jartzea eskatu zuen. Udalak ezezkoa erabaki zuen hainbat herritarren artean aurkako kexak sortuko zituen beldur.

Hala ere, jakin badakigu demalekua ez eraikitzea ez zela oztopoa izan probak ospatzen jarraitzeko. Bai lehenago eta baita eskaera honen ondoren ere udaletxean idi probak egiteko hitzarmen eta baimen eskaera ugari aurkeztu ziren. Hitzarmen hauetan bereziki zehaztu ohi ziren datuak hauek dira: partaideak eta botilero edo laguntzaileen izenak, dema mota (bustarri-bakarra, gizonezkoen aurka, harri txikia, bustarri-bikoitza,…) zein egun eta orduetan ospatuko zen eta zein baldintza bete beharko ziren matxura kasuetan.

7 urte beranduago, 1902. urteko urriaren 2a ospatutako beste udalbatzarrean, probaleku berria egiteko erabakia heldu zen azkenean. Bertan adierazten denaren arabera Manuel Jauregik eta beste batzuek lehengaiak emango zizkioten udalari harlauza herriko plazan eraikitzeko. Udalak dohaintza hau onartu eta pilotalekuaren parean egitea erabaki zuten. Hilabete batzuek beranduago, 1903. urteko martxoan demaleku berria bukatu zela eta inaugurazio festa ospatzeko egindako demaren saria, 50 pezetatakoa, Nikasio Urkizuri emango zaiola jaso zen akta liburuan bere aurkariak sariari uko egin ondoren.

Sariak bai, gizartean onartuak zeuden eta ematen ziren, baina apostuen kontua bestelakoa zen. Herri kirol guztiek izan dituzte hainbat gorabehera apustuak legezkoak direla eta ez direla, eta animaliak erabiltzen badira arazo hori hareago eraman da sufrimendua eragiten zaielako arrazoi ekonomiko hutsagatik. Gobernadore Zibilek historian zehar dema hauen debekuak askotan argitaratu dituzte eta herritarren artean ez dute oso harrera ona izaten oraintxe ikusiko degun bezala.

1906. urteko akta liburuan udalak idi proben eta apostuen aldeko gutuna idatzi eta gobernadoreari bidaltzea erabaki zuen. Bertan zehazten denaren arabera, proba hauetan ez zen sarrerarik kobratzen eta ez zuten iruzur deliturik ikusten, are gehiago, onurak gehiago ziren kalteak baino: inguruetako herrietako baserritarrak beren artean ezagutu eta harremanak estutzeko, nekazarien eta idien lana hobetzeko eta trebatzeko eta inguruko dendak gehixeago saltzeko oso interesgarriak zen urtean zehar hainbat dema antolatzea.

Hitz hauek eraginik izan zuten ala ez ezin jakin. Debekua, ordea, gehiagotan eman zen. Betetzen ez zela adierazten al du honek? Bai eta horren aurkako erantzunak ere topatu ditugu. Villabonan 1920. urteko eskaera batetan nekazari batzuek idi demen debekua bertan behera uzteko eskaera egin zuten, betiko ohitura bat zela argudiatuaz eta debekua kenduz gero garai horietan zentsuragarri ziren ekintzak baztertzeko borondatea adieraziaz.

Debeku honek zehazki noiz arte iraun zuen ez dakigu. Baina denbora luzean aritu zirela eztabaida honekin bai. Honela, artxiboan 1938. urteko beste gutun batean Gobernadore Zibilak debekuaren berri eman zuen berriro, inongo arrazoirik erantsi gabe.

Badiruri 1940. urte inguruan debekua kentzea erabaki zela, (agian beren eragina oso eskasa zelako, kasu askotan apustuak ospatzen jarraitzen zutela ikusi da) urte honetatik aurrera artxiboan daduen eskaera eta hitzarmen kopurua izugarri hazten bait da. Hitzarmen hauen ezaugarriak lehenago aipatutakoen berdintsuak ziren , nahiz eta bi desberdintasun nabarmen ikusten diren: idien jabeen artean apostuan jarritako diruen zenbatekoak eta Gipuzkoako Atletismo Federazioko ikuskariak (lehenengo urteetan Gobernazio Zibilekoak, 1940-1960 bitartean) proban bertan egon behar zirela bai materiala eta baita probaren jarraipena egiteko.

Hitzarmenak ahalik eta itxien eta zorrotzen izaten baziren ere, eztabaida eta gatazkak saihestezinak ziren. Hauen artean bi azpimarratu nahi ditugu. Lehenengoa, 1960. urtekoa, Udalak Gobernadore Zibilari bidalitako eskaera. Bertan botilero batek irregulartasun larriak egin eta dirutza izugarria eraman omen zuen herritik. Gertatutakoak ikertu eta eragindako kalteengatik isuna jartzeko eskaera egin zuen Udalak. Bigarrena, 1962.urtekoa. Orduan proba baten ospakizuna bertan behera utzi behar izan zuten norbaitek gauean demalekua substantzia koipetsu batez zikindu bait zuen. Hala ere, sarrerak kobratu ziren eta diru hori Villabonako Txiro Etxerako erabili zela dirudi.

Honela, berriro ere idi probak indarra hartuz joan ziren herrian eta 1971. urterako demaleku berri baten beharra ikusi zuten. Hau uztailean bertan eraiki zen udaletxearen eta pilotalekuaren artean eta erantsitako planoan bertan ikusten den planta eta neurriak zeuzkan. Egunkarian argitaratutako berrian irakurri daitekeenez estalia izateko asmoa bazuen ere, azkenean jarri eta kendu egiten den toldo horietako bat erosi zen eta materialak hiltegiko biltegian gordetzen zituzten.

Probaleku berri honen inaugurazioa urrian egin zuten 3 eguneko dema batekin. Bertan garaile Andoaingo Gabirondo izan zen. Probak goiz, arratsalde eta gauez ospatu zituzten, sarrera kobratuaz eta artekarien partaidetza garrantzitsuarekin. Honen inguruko dokumentazio guztia Udal Artxiboan ikusi badaiteke ere hona hemen egun haietako argazki eta dokumentu batzuek.

Harlauza berri honek indar berria eman zien idi probei eta hau argi eta garbi ikusi daiteke 1971. eta 1972. urte urteetako egunkarietan Villabonako ospakizunen inguruan jasotako albiste ugariengatik eta baita propaganda karteletan azaltzen diren sari geroz eta mardulagoengatik ere. Baina indar hau badirudi ez zela nahikoa izan herrian zaletasuna mantentzeko, 1973. urtetik aurrera ez bait dago artxiboan kirol honen inguruko bestelako daturik.

Amagoia Piá