Artxiboak

Igantziko bestak: bertsolariak, kirola eta zenbait dantza polemiko XX.…

Gainean dugu 2022ko San Miguel eguna, Igantziko herriak gogotsu itxoiten duen data, buruilaren egun honekin hasten baitute herriko bestak igantziarrek. Udal artxiboan daukaten funts interesgarrietan arakatzen ibili gara, bertan dituzten bestetako programak kuxkuxeatuz. Zenbait ale dituzte, XX. mende hasierakoak, intereseko datuak ematen dizkigutenak Igantzi eta igantzitarren inguruan, duela ia 100 urteko jaiak nola ospatzen zituzten ikusteko aukera ematen baitute.

Esaterako, artikulu honen hasmentan daukagun lehen irudia 1925eko besten programazioaren portada da. Urte hartako bestetan, sei egunez aritu ziren parrandan garai hartan ohikoak ziren ekitaldiez beteriko egunetan.

Bestei hasmenta emateko, hilaren 27an dantzaldi handi batekin hasi ziren plazan, Jazz-Band orkesta baten debutak alaiturik. Ondoko egunean eskema errepikatu zuten, dantzaldi eta musika gehiagorekin atsaldean zehar. 29an ordea, egun handiena izanik, Angelusarekin batera herritarrek 12 tiro bota zituzten salba moduan, egunaren garrantzia azpimarratzeko. Holako egunarekin ezin zen meza nagusiaren ospakizuna faltatu. Orduko apaizak, on Juan Bautista Labaien, hamarretarako bilduak zituen fededunak eta udal kargodunak. Koro jendetsu batek, “elementu arras baliotsuen” errefortzuaz, herriko apaiza lagundu zuten elizako otoitzetan. Herri guztia bildurik zegoela probestuz, herrira ur korrontea sartu izana ospatu eta inauguratu zuten, Lina Irigoien Lizardi, alkatearen emaztea, izan zelarik inaugurazioaren amabitxia. Antolatzaileen erranetan, ur-ekartze hori herritarren “kultura maila altua” eta “herritarrentzako urte luzez izandako ametsa” irudikatzen zuen lorpen hurak, herritar guzien esfortzuarekin lortu zena, alegia.

Ondotik, pilota partida bat jokatu zuten, Igantziko eta Arantzako bi bikoteren artian eta eguna akitzeko, dantzaldi ederra ospatu zuten gauerdira arte, Lesakako Bandak animaturik.

Hurrengo egunean, hilak 30, goiza pilota partidu interesgarri batekin hasi zuten, izan ere garaian famatuak ziren Castillo eta Lesakako Antonio, Berako Santxez eta Igantziko Lizardiren kontra aritu baitziren buruz-buru.  Atsaldeko plana ere etzen batere makala izan, luxuzko bertso saioa ekarri baitzuten: Jose Manuel Lujanbio, “Txirrita” famatua, Kanboko Pedro Tolosarekin aritu baitzen plaza alaitzen.

Azkeneko egunetan, Arantza-Igantzi arteko pilota erronkak errepikatu ziren, baita Lesakako Bandaren emanaldiak.

Jaialdiekin akitzeko, Bidasoaren ertzetan famatuak ziren bi txistularien arteko norgehiagoka eta omenaldia antolatu zuten. Hauek, Arantzako Biurrarena txistulari eta txistugilea eta Igantziko “Baxar Beltza” izan ziren. Aipatzekoa, txistulari igantziarrak 90 urterekin gaztaroko sasoia mantentzen zuela txistua jotzerakuan. Zein ote bere sekretua?

Mieltxo Sobrino